“Bilboko azken gune naturala” arriskuan dagoela ohartarazi dute

“Bilboko azken gune naturala” arriskuan dagoela ohartarazi dute

Peru Azpillaga

Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusten du Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea urtarril aldera abiatuko dela. 2011n estreinatu zen saihesbidearen lehen fasea, Peñascal eta Santurtzi lotzen dituen hamazortzi kilometroko errepidea. 2001ean, diputazioak Bilboko trafikoa arintzeko asmoz jarri zuen martxan proiektua, eta 465 milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen. Lanak, ordea, espero baino gehiago luzatu ziren, eta gainkostuarekin amaitu zituzten hamar urteren ostean: 821 milioi euro inbertitu ziren azkenean. Erabakiak eztabaida bizia piztu zuen; polemika askoren artean eraiki zuten saihesbidea, eta, geroztik, kritika asko jaso ditu —kilometro bakoitzak 49,49 milioiko kostua izan du—.

Gerora, errepideak ez ditu, inondik inora, eginiko aurreikuspenak bete, eta Bilboko trafikoa oraindik ere arazo bat da. Aurreikusi zuten saihesbidea 24.000 ibilgailuk erabiliko zutela egunean, eta horietatik 9.000 inguru ibilgailu astunak izango zirela. Errealitatea, ordea, guztiz bestelakoa da. Gaur egun, erabiltzaile kopurua ez da erdira ere iristen, eta egunean 2.000 bat ibilgailu astun igarotzen dira soilik. Gainera, hamabi milioi euroren irabaziak izatea espero bazen ere, lehenengo urtean, adibidez, bost milioi euro baino ez ziren lortu errepidearen mantentze kostutik beherako kantitatea. Horrek zulo nabaria sortu du kutxa publikoan.

Kritikak kritika, baina, Bizkaiko Diputazioak estrategikotzat jotzen du oraindik ere saihesbidea, eta ez du atzera botako hiru fase dituen proiektua —Zornotzaraino luzatzeko asmoa dago—. Hala, bigarren fasea martxan jartzea erabaki du: Peñascaleko bidesaria Arrigorriagarekin lotzeko, 4,2 kilometroko luzera duen tarte menditsua, laburra bezain korapilatsua. Izan ere, eremu horretako ezaugarriek zaildu egiten dute egitasmoa. Errepidea tunelen bidez joango da ia osorik —Arnotegi eta Seberetxe mendietan barrena—, Bolintxuko tartea salbu. Horregatik, 200 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak —47,61 milioi euro kilometro bakoitzeko—, eta, obrak urtarrilean abiatuko diren arren, ez da 2022ra arte estreinatuko.

38 hilabete horietan, batez beste, 1.760.000 metro kubiko lur atera beharko dituzte menditik. Gainera, Bolintxuko errekaren gainetik igaroko den zutaberik gabeko 174 metroko zubia eraikiko dute. Hain zuzen ere, hori izango da tarterik konplexuena. Bolintxuko harana garrantzi ekologiko handiko eremua da. Bilbok mantentzen duen gune berde bakanetakoa, landare eta animalia espezie askoren bizitoki. Horregatik, bigarren faseko obrek ere hautsak harrotu dituzte, eta hainbat izan dira aurka agertu diren elkarte eta alderdiak.

Supersur Handitzearen Kontrako Plataformak, esaterako, kanpaina bat abiatuko du. Alde batetik, salatu egin dute aldundiak egindako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungi egin dela. Azaldutakoaren arabera, inpaktuaren adierazpena 2012ko uztailaren 26an egin zen, eta bost urteko epea zegoen zati horretako lanak egiteko. Hortaz, adierazpena 2017an iraungi zela diote, eta, horrenbestez, diputazioari eskatu diote lanak eten ditzan ingurumen ebaluazio berri bat egin bitartean.

Horretaz gainera, jakinarazi dute bi mozio aurkeztuko dituztela. Bata, diputazioari eskatzeko obrak gelditu eta mugikortasun planen inguruko hausnarketa prozesu bat martxan jar dezan. Beste mozioan, Bilboko Udalari eskatuko diote “Supersurra handitzearen aurka” agertu dadila, “Bolintxuko harana defendatzeko”. Izan ere, plataformaren ustez, tokiko administrazioek hiriko mugikortasun planekin landu eta aldarrikatzen dutena —garraio publikoa sustatzea, abiadura murriztea eta abar— “kontraesan iraunkorrean” dago diputazioak aurkezten dituen proiektuekin: “Garraioaren kudeaketa on bat egin beharrean, ibilgailuentzako azpiegiturak baino ez dituzte eraikitzen, garraio pribatua sustatuz”. Horrez gain, gogora ekarri dute Bilboko hegoaldeko saihesbidearen lehen faseak ez zuela aurreikusitakoa bete, eta, gainera, aurrekontua ere uste baino askoz handiagoa izan zela azkenean.

Bilboko azken harana

Azkenik, Bolintxuko haranak jasango duen ingurumen inpaktua azpimarratu dute, eta ohartarazi Bilboko Udalak 2008an aho batez onartutako Pagasarriko Plan Bereziak eremu babestutzat jotzen duela. Hori dela eta, Bolintxuko eremuak duen garrantzi ekologikoari balioa emateko dokumental bat plazaratu dute: El último valle (Azken harana). Urko Olozabalek zuzendu du film laburra. Bertan, saihesbidearen handitzeak Bolintxuri eragingo dizkion kalteen berri emateaz gain, eremu horrek duen aberastasunaren berri ematen da. “Bideoa ikustean, Bolintxuren freskotasuna sentitzen duzu. Toki txundigarri eta polit horren aldeko argudioak ezagutzera ematen ditugu”, adierazi du Olazabalek. “Bilbon geratzen zaigun azken gune naturala da, beste guztiak jada suntsitu egin ditugulako”, erantsi du.

Saihesbidea handitzearen aurkako dinamikak, beraz, bi sorbatz ditu: “Supersur errepidea handitzea ez da inondik inora beharrezkoa, eta, diru xahutze ikaragarria izateaz gain, Bolintxuko haraneko biodibertsitatearen aurkako eraso bortitza da, Bilbon geratzen zaigun azkena”.

Equo alderdiak ere bi ideia horiek azpimarratu ditu. Haien esanetan, saihesbidea handitzeak ez du Bilboko trafikoa arinduko, eta, beraz, “diru eralgiketa izugarria” izateaz gain, ingurumenari egingo dion kaltea “astakeria hutsa” izango da.