Urteekin azalberritzen ari den gorputz zaharra

Urteekin azalberritzen ari den gorputz zaharra

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Museoa azalberritu egin dugu”. Iazko martxoan bihurtu zen Miguel Zugaza durangarra Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendari, eta hura “modernizatzeko” asmoa iragarri zuen hasieratik. Esanak beteta hasi du ikasturtea, 31 areto berritu baititu museoaren 110. urtemugarako. Urriaren 5ean ospatu zuten urteurrena, eta, eraikin berria irekitzeaz gain, literatura eta artea elkartzen dituen ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa inauguratu zuten. Alfabetoaren letrei tiraka, gaika antolatu dituzte museoaren bilduma osotik aukeratutako 300 artelan inguru. Letra bakoitzari hitz bat jarri dio Kirmen Uribe idazleak, eta hitzaren esanahiaren arabera daude artelanak ikusgai.

Letra bakoitzari berritutako areto bat eskaini zaio. 2019ko ekainaren 2ra bitarte izango da zabalik. “Formula ezberdinak planteatu ditugu Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma ikusleriari zabaltzeko”, azaldu zuen Zugazak, erakusketaren irekieran. Uriberen komisariotza zalantzan jarri duenik ere bada, halako lanak egitea artean aditu direnen jarduna dela argudiatuta.

Asteartean inauguratu dute erakusketa berria: 68aren ostean. 1968. urtetik hona Euskal Herriko arteak izan duen garapena aztertzen da bertan. Museoaren eraikin modernoan izango da ikusgai, 2019ko apirilaren 28ra bitarte.

Era batean edo bestean, Zugazak aurrerantzean marraztuko duen ibilbidearen hasiera marraztu du museoaren eraberritzeak. 2017ko martxoan, zuzendaritza kargua hartu eta jarraian azpimarratu zuen beharrezkoa zela erakundea zaharberritzea. Honela zioen: “Aldatu egin da mundua hamabost urteotan, ez soilik hiria edo museo hau. Horregatik, berriz ere pentsatu beharra dago zer rol jokatu behar duen museo honen moduko erakunde publiko batek, non eta aldaketarako motor gisa kulturaren eta artearen aldeko hain apustu handia egin duen hiri honetan”.

Bigarren aldiz hartu du Zugazak museoaren zuzendari kargua, postu berean aritu baitzen 1996. urtetik 2001. urtera. Madrilgo Prado museoko zuzendari jardun zuen gerora, 2002tik 2017. urtera bitarte. Urtebete darama orain berriz ere Bilboko erakundea zuzentzen; izendapenak, baina, eztabaidak piztu zituen, lehiaketa publikorik egin gabe izendatu baitzuen zuzendaria museoaren patronatuak: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Zugazak ez daki euskaraz, eta zeresana eman zuen horrek ere.

Espektatiba handiak jarri zituen patronatuak zuzendari berriarengan. Horren adierazle da hark kargua hartu bezain pronto museoaren ikuspegi estrategikoa idatz dezan egin zioten enkargua. Iragarri duenez, abenduan emango du Zugazak datozen urteetan museoak hartuko duen norabidearen berri. Oraingoz, bete du zuzendaritza hartzean agindutako lehen lana; museoaren azpiegiturak berritzea. 31 areto berritu dituzte, eta, orotara, 996.565 euroko kostua izan dute museoaren berreraikuntza lanek. Patronatuak finantzatu ditu. Museoaren 110. urtemugarekin batera egin dute irekiera. Ibilbide berri baten hasiera dela uste du Zugazak.

Mendea igarota

Ibilbide luzea du museoak: 1908an sortu zen, baina sei urte beranduago ireki zuten, 1914an, Atxuriko Ospitale Zibilean zegoen Arte eta Lanbide Eskolan. Handik gutxira, 1922an, Arte Modernoko Museoa sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegian. Museo biak batuta sortu zen, 1945ean, gaur egungo museoaren eraikin zaharra dena. 1970ean gehitu zioten eraikin modernoa, eta 2001. urtean hartu zuen pinakotekak gaur egun duen itxura.

Hiriburuaren giro artistikoari lotuta dago Bilboko Arte Ederren Museoaren sorrera. XX. mendearen hasieran, Arte eta Lanbide Eskolan biltzen ziren artistek bultzatu zuten haren sorrera, artelan ugari dohaintzan emanez. Batu ziren bi museoen zuzendariak ere artistak ziren: Manuel Losada margolariak zuzentzen zuen Arte Ederren Museoa, eta Aurelio Artetak, berriz, Arte Modernoaren Museoa. Bien bildumak elkartu, eta gaur egun duen kokalekura eraman zuten galeria, 1945. urtean, 1936ko gerra bukatu eta frankismo garai betean. Bilboko Arte Ederren eta Arte Modernoaren Museoa izena hartu zuen orduan, eta Fernando Urria eta Gonzalo Cardenas arkitekto gazteek diseinatu zuten eraikina. Manuel Losada izan zen museoaren lehen zuzendaria, harik eta 1949. urtean Cristiano Lastarrak txanda hartu zion arte. 1973an, Javier Bengoetxeak hartu zuen Lastarraren postua. Bederatzi urtez izan zen Lastarra zuzendari, eta Jorge Barandiaranek hartu zion txanda, 1982an.

Eraikina egin eta urte gutxiren buruan, hainbat obra eskuratu zituen museoak erosketen eta dohaintzen bidez. Txiki geratu zen sorrerako azpiegitura, eta, 1970eko hamarkadan, eraikin berria gehitu zioten horregatik. Alvaro Libano eta Ricardo Beasco arkitektoek egin zuten gaur egun museoaren eraikin moderno gisa ezagutzen den kristalezko eraikina. 1971n inauguratu zuten. Kanpoko itxuran ez eze, zuzendaritzan ere aldaketak izan ziren hurrengo hamarkadetan. Sortu zenez geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osatzen zuten museoaren patronatua. 1991n, sartzea erabaki zuen Jaurlaritzak, eta aurrekontuak handitzea ekarri zion erabaki horrek museoari.

Handik gutxira hartu zuen zuzendaritza Miguel Zugazak, 1996an, eta handitze lanak egin zituen berak ere. Orotara, 6.450 metro koadro gehitu zitzaizkion Arte Ederren Museoari; 15 milioi euro inbertitu zituen patronatuak lan horietarako. Laster, Madrilgo Pradora egin zuen Zugazak, eta Jabier Biarrek gidatu zuen museoa 2002tik 2017ra; haren aurrekoa berriz itzuli den arte.

Mendeetako bilduma

Ezbairik gabe, 110 urtez Bilboko Arte Ederren Museoak gibelean pilatutako artelanak dira azpiegiturari balioa ematen diotenak. Orotara, XIII. mendetik XX. mendera bitarteko 14.000 pieza baino gehiago ditu gordeta: 1.621 margolan, 489 eskultura, arte dekoratiboko 884 pieza, paper gaineko 11.152 obra eta ia beste 3.000 obra gordailuan.

Euskal artistek sortu zuten museoa; eta, norabide horretan, euskal artisten lanak erosi eta gorde dituzte. Baina hemengo sortzaileez gain, atzerriko artisten lanak ere eskuratu ditu, kasu gehienetan, euskal artearen garapenarekin lotura izan duten egileenak: Aipatzekoa da bilduman dituen lan gehienak gizonezkoenak direla eta, oraindik ere, hutsune nabarmena duela Bilboko Arte Ederren Museoak generoaren ikuspegitik aztertuz gero.

Are gehiago, azken urteetan apenas egin den emakumeei eskainitako erakusketarik. Hortaz, bi hutsune horiei ere heldu beharko die datozen urteetan Zugazak. Museoak jakinarazi duenez, Emak izeneko plana abiatu dute erakundean genero ikuspegia txertatzeko.