“Berrogei bat langile kalean geratuko gara bizpahiru hilabete barru”

“Berrogei bat langile kalean geratuko gara bizpahiru hilabete barru”

Uxue Gutierrez Lorenzo

Aste gutxiren buruan asko aldatu da Ortuellako Tecuni enpresako langileen egoera. 2002an hasi zen Asier Novo (Abanto-Zierbena, 1974) instalazio elektrikoen matxurak konpontzen dituen enpresan lanean, Iberdrola saileko langile gisa. Langileen ordezkaria da, LAB sindikatuaren izenean.

Urteak daramatzate langileek lan baldintza kaskarrak pairatzen, baina azken hilabeteetan lehertu da egoera: udatik hona enpresak bi langile kaleratu ditu; antzinatasun handiena dutenak dira. Langileek, egoera “jasangaitzaren” aurrean, lanuztea egin zuten urriaren 30ean. Euren asmoa enpresarekin hitz egiteko bidea irekitzea zen. Hori lortzetik urrun, enpresak kaleratze gehiago iragarri ditu. Asteartean izan zuten langileek erabakiaren berri, ahoz, eta aldez aurretik jakinarazi gabe.

Enpresak bi langile kaleratu ditu udatik hona. Zer argudiatuta?

Sailean urte gehien zeramaten langileak ziren. Hemezortzi eta hamabost urteren ostean langile horien jarduna eguneratu gabe zegoela esan zuten, garapenik ez zutela izan. Bidezko kaleratzea arrazoitu zuten horrela. Gerora, Jaurlaritzara heldu ziren kaleratzeak eta enpresak kalte ordainak eman behar izan zizkien langileei.

Agerian geratu zen paperean jartzen zuen guztia gezurra zela. Botere hori du zuzendaritza taldeak, kalte ordainak beregain hartu eta langileak kaleratzeko; eta horrela egin zuten.

Beraz, benetako arrazoia zein zen?

Batek matxurak konpontzera bidean izandako kilometraje gastuak eskatu zituen. Eta, besteak, ordutegiak errespetatzeko galdegin. Enpresaren erantzuna, ordea, kaleratzeak. Nagusiek nahi dute gu 24 orduz lanerako prest egotea; baina lan ordu horiek ordaindu gabe. Finean, enpresarentzat bizi gara.

Egoera ikusita, lan uztea egitea erabaki zenuten.

Joan den astean protesta bat egin genuen kaleratzeak eta gure lan baldintzak salatzeko. Lanaldi orduak eta atseden orduak errespetatu ditzatela, kilometrajea ordain dezatela… Langile gehienak nahiko nazkatuta geunden egoerarekin, eta lan uzte hori egitea erabaki genuen. Enpresa hainbat taldez osatuta dago, berrehundik gora langile gara orotara, eta asko atera ginen kalera egun hartan. Gehienek ez dute galtzeko ezer jada. Hala diote: ‘Bota nazatela nahi badute, baina lan baldintza hauek onartezinak dira’.

Lan baldintzak hobetzea zen zuen helburua?

Helburua enpresa eta langileen arteko elkarrizketa bat lortzea zen, lan hitzarmenaren arabera bete behar dituzten minimo horiek eskatzeko: txandetako jende kopurua areagotzea, lanaldiak eta atseden orduak errespetatzea, bidaietako gastuak ordaintzea… Enpresarekin akordio bat lortzeko asmoa genuen, minimo batzuk ezarriz. Horren ordez, enpresak egoera errotik iraultzea erabaki du: kontra egiten dion oro erditik kentzea.

Lan uzteak zer ondorio izan ditu enpresaren jarreran?

Protestaren aurreko egunean enpresak deitu gintuen bilera bat egiteko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin. Lanuztearen ondoren, berriz deitu ziguten. Batzarra bertan behera utzi eta euren berri izango genuela esan ziguten. Aste honetan izan dugu haien berri. Asteartean bilera bat egin zuten Iberdrola taldeko langile guztiekin.Bilera horretan ahoz eta aurretiazko inongo kontakturik gabe jakinarazi ziguten bezeroarekin kontratua bertan behera uztea erabaki zutela. Hala ere, paperean ez dugu ezer jaso oraindik. Ondorioz, langile batzuk berkokatuko dituzte; eta gainerakoak kalera goaz. Gainera, berkokatuko dituzten gutxi horien kasuan esan dute ez dutela antzinatasuna kontuan hartuko. Enpresak erabakiko du zein baldintzatan emango diren berkokatzeak.

Berrogei beharginetik gora geunden bertan. Horrek esan nahi du berrogei bat langile kalean geratuko garela bizpahiru hilabete barru. Enpresak, patxadaz hitz egiteko tartea hartu beharrean, neurri zorrotzak hartu ditu. Gainera, azaldu ziguten erabakia atzera botatzeko aukerarik ez dagoela.

Nortzuk izango dira kaleratuak?

Tecunin guztira berrehundik gora langile gaude, hainbat sailetan banatuta. Gure kasuan, Iberdrola sailekoak izango gara kaleratuak. Enpresaren arabera, bezeroaren kontua baita.

Zer esan nahi du enpresak bezeroaren kontua dela dionean?

Ez digute ezer gehiago azaldu. Epea ere ez dakigu zehaztasunez; hilabete gutxi batzuk seguraski. Baina gure ustez erabakia eta errealitatea ez datoz bat. Pasa den asteko asteartean lanuztea, asteazkenean bertan behera utzi zuten batzarra, eta, handik astebetera, erabaki hau hartu dute.

Hamabost urte daramatza Tecunik Iberdrolarekin kontratua berritzen. Azkenekoz aurten, eta lau urterako. Guri arraroa egiten zaigu orain bat-batean eurek esatea bezeroaren kontua dela. Gainera, enpresak udalekin eta aldundiarekin lan egiten du; beraz, honek esan nahi du orain diru publikoa erabiliko dela kaleratzeak ordaintzeko.

Zuen ustez, orduan, zer dago enpresaren erabakiaren atzean?

Urteak daramatza enpresak gu estutzen. Askotan entzun dugu bezeroa oso ordaintzaile txarra dela, baina guri beti berritu digute kontratua. Gu estutzen gaituzte gainerako sailekin alderatuz, gure lan erritmoa askoz altuagoa delako. Duela hiru urte enplegua erregulatzeko espedientea ezarri ziguten, esaterako. Ordutegia ere aldatu ziguten, otorduetako dirua aurrezteko. Beti, bezeroak ordainketak garaiz eta ondo egiten ez dituela argudiatuz.

Gu gara arazo bat dagoenean kexatzen garen bakarrak. Orduan, nik uste eurentzako errazena gu erditik kentzea izan dela. Arazo bat gutxiago.