Herri lanak bultzatuko ditu Bizkaiak, 96 milioi eurorekin

Herri lanak bultzatuko ditu Bizkaiak, 96 milioi eurorekin

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Foru Aldundiak inoizko aurrekonturik handiena izango du 2019an. Denera, 1.253,3 milioi euro kudeatuko ditu, aurten baino 58,6 milioi gehiago. Sailez saileko xehetasunak datorren astean aletuko badituzte ere, ildo nagusietako batzuk zehaztu dituzte asteon Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen diputatuak. Herri lanei lehentasuna emango diete, eta 96 milioi euro bideratuko dituzte horietara. Diru hori erabiliko dute, besteak beste, Portugalete eta Getxo arteko itsasadar azpiko tunela egiten hasteko, Bilboko hegoaldeko saihesbidea amaitzeko, ekintzailetza sustatzeko zentroa egiteko eta Nagusi Center sortzeko.

Obra horiek Ekonomia eta Lurralde Garapenaren Sailak hartuko ditu bere gain. 283,6 milioi euro izango ditu sail horrek. Gizarte Ekintzaren atzetik kopururik handiena hartuko duena da. 537,8 milioi euro izango ditu Gizarte Ekintzak, zenbateko guztiaren %43; iaz baino %8 gehiago izango du erabilgarri. Datu hori ematean, Rementeriak aldundiaren apustuari egin dio aipamena: “Bizkaia hobe baten atzetik goaz, eta, horretarako, ez dugu inor atzean utzi nahi”.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa sustatzeko saila da aurrekontu gehien izango duen hirugarrena: 140 milioi euro. Horietatik hamar milioi mugikortasunean “iraultza lasai bat” abiatzeko lanetara bideratuko dituzte. Bizikleta ardatz izango duen mugikortasuna sustatzea dute helburu. Zer eta nola egingo duten ez dute argitu oraingoz, ordea. “Herritarrak lanera bizikletaz joan daitezen nahi dugu; umeak ikastolara garraiobide horretan eramatea…”. Helburua argia da. Horretara iristeko bidea zehaztea falta dute: “Ia dena dago egiteke. Orain, proiektuak egin behar dira, ardatz nagusiak zehaztu, lehentasunak ezarri… Lanak ahal bezain pronto abiatuko ditugu. Azkar, espero dut”.

Oposizioko alderdiek eman dituzte lehen iritziak. EH Bildu eta Ahal Dugu mesfidati agertu dira bizikleta ardatz duen mugikortasunaren iragarpenarekin, aldundiak errepide eta antzeko azpiegituretara bideratuko duen diru kopuruari aipamena eginez. PPk arretaz jokatzeko eskatu du, balitekeelako aurreikusitako zerga-bilketa kopurua ez betetzea.

Bilbon, 562 milioi euro

Bilboko Udalak ere aurten baino aurrekontu handiagoa izango du datorren urtean: 562 milioi euro izango ditu erabilgarri, 2019an baino 26 milioi gehiago. Azken bost urteetako kopururik handiena da, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxara egingo duen ekarpenagatik. 596,8 milioi bideratuko ditu, guztira, udalen finantzaketara. Horietatik 340,6 hartuko ditu hiriburuak.

Hiru lehentasun ezarri ditu Juan Mari Aburto alkateak aurrekontuontzat. Pertsonak jarri ditu lehenengo lekuan; horretarako, “segurtasuna, garbitasuna, garraioa eta osasuna” aipatu ditu. Auzoak ditu bigarren jomugan, eta jarduera ekonomikoa hirugarrenean.

Aurreikusi dituzten inbertsio batzuk ere aletu dituzte. Auzoen garapenerako 37,6 milioi euro iragarri dituzte; 8,3 milioi, Mondragon Unibertsitateak kudeatuko duen As Fabrik proiekturako eraikina zaharberritzeko. Bost milioi erabiliko dituzte gizarte larrialdietarako laguntzetarako. Arte Ederren Museoa handitzeko 97.000 euro ageri dira, eta, Artxandarako errepidea birmoldatzeko, 300.000 euro. Oposizioak kritikak egin ditu, baina EAJk nahikoa izango du PSE-EEren babesa aurrekontuak onartzeko.