“Gizarte honetan ekarpena egin nahi duten pertsonak dira”

“Gizarte honetan ekarpena egin nahi duten pertsonak dira”

N. S. O.

Eusko Jaurlaritzak eta Ikuspegik aurkeztu dituzten ikerketen zenbakien atzean ezkutatzen den errealitatea azaltzen saiatu da Pablo Ruiz (Bilbo, 1969), Bizitegiko koordinatzaile teknikoa.

Etxegabe kopuruak gora egin duela diote ikerketek. Zer analisi egiten duzue?

Krisi aurreko egoerara itzuli garela ondorioztatu dugu. Krisia pasatu zenean behera egin zuen gurera zetozenen kopuruak, eta baita gurean egiten zituzten egonaldien iraupenak ere. Berriz ere pertsonek bizitza duin bat bilatzeko aukera ematen duen leku bihurtu garenez, hartzaile bihurtu gara berriro. Azalpena hori dela esango nuke: migratzaile gehienak lan bila datoz, eta beste asko, gerretatik ihesi.

Zeintzuk baliabide daude pertsona horiei laguntzeko?

Baliabide mota desberdinak ditugu. Etxerik ez dutenak artatzeko baliabideak daude, batetik. Larrialdietako baliabideok udalek jartzen dituzte. Behar oinarrizkoenak artatzeko baliabideak eman ohi dituzte. Alegia, kalean inork lo egin ez dezan eta elikatu eta janzteko modua izan dezaten saiatzen dira. Horiek dira asetzen dituzten oinarrizko premiak. Baliabide horiek jende kopuru batentzat antolatuta daude. Azkenaldian iritsi den jende kopuruaren ondorioz, gainezka egin dute. Iritsi diren gehienak euren herrietan ez ziren etxegabeak. Lan bila datoz. Epe laburrean ez dutenez lortzen, ordea, kalean geratzen dira azkenean. Pertsona horientzako beharrezkoak dira kalean bizitzea saihesteko baliabideak, baina, bereziki, lanean hasteko aukera emango dieten baliabideak aktibatu behar dira haientzat; gehienak horretarako prestatuta daude eta. Hizkuntza ikasteko baliabideak eta trebakuntza eta lanerako sarbidea dira landu beharrekoak. Bi baliabide mota horiek erraztuko lukete pertsona horiek lan munduan murgiltzea eta hala pertsona autonomo bilakatzea. Gehienek bide horri jarraitzeko gaitasuna dute. Kaleko egoera luzatzen badiegu, ondorioetako bat izan daiteke aurretik bazterketa profila ez duten pertsonak bazterketa dinamiketan sartzea. Zenbat eta gehiago luzatu dinamika horiek, orduan eta zailagoa izango da aprobetxa ditzaketen dinamikak eskaintzea.

Artatutako familia eta emakumeen kopuruak ere gora egin du. Zer zailtasun gehitzen zaie profil horiei?

Genero ikuspegian sartzen gara hemen. Kalean zeudenak edo kalean geratzeko arriskutik gertu Bilbora iritsi diren pertsona gehienak gizon gazteak edo helduak izan dira. Dauden baliabideak bereziki profil horrentzat diseinatuta daude, hori izan baita nagusitu dena. Baliabide horien inguruko lege eta kulturak maskulinoak dira. Urtez urte goraka doa artatzen den familien kopurua, ordea. Adinez nagusia den gizon baten egoeraren konponbidea bilatzea errazagoa da; errazagoa da profil horrentzako baliabideak sortzea. Adingabeek bestelako babes neurriak behar dituzte, oso zaurgarriak dira eta. Euren herrialdetik atera behar izan duten emakumeak iristen dira, seme-alabak beren kargu dituztenak. Heldu batentzako antolatutako egoerak baino adeitsuagoak behar dituzte adingabeek. Testuinguru horiek eratzeko, askoz arreta bereiziagoak behar dira. Adingabeek eremu intimoagoak eta babestuagoak behar dituzte. Beraz, hori arazo bat da. Iristen diren familiak normalean Bilbon geratzen ez badira ere, artatzeko beste modu bat pentsatu beharko genuke. Baliabideen ikuspegi femeninoago batek bestelako artatze zerbitzuak sortzeko gaitasuna emango liguke. Ziur naiz.

Aurreko urteetako datuei erreparatuta, nola aldatu da etxegabeen profila?

Orain arte, artatutako erdiak bertakoak ziren, eta beste erdiak, atzerritarrak. Ikuspegi behatokiaren inkestek agerian utzi dute orain %85,4 atzerritarrak direla. Hortik portzentaje handi bat gizonezko gazteak dira. Beraz, gizon gazte asko ari dira iristen lan bila. Hori da aldaketa nabarmenena: oraindik kalean daude urteak gizarte bazterketan zeramaten pertsonak, baina orain askoz jende gehiago dator; migratzaileak, alegia. Gazteak dira, ez dute gizarte-bazterketa historiarik, eta etorkizun hobea bilatu nahi dute. Ezinezkoa zaienez lortzea, epe motzean bederen, bazterketaren zirkuluan sartzen dira. Profil guztiak daude elkarrekin, aldi berean. Oraindik badaude gizarte-bazterketa historia luzeak dituztenak eta artatuak izateko behar zehatzak dituztenak. Lehenago aipatu dudan profil berri horrek, ordea, larrialdietako zerbitzuak eta babes zerbitzuak behar ditu bizitza proiektuak sortzeko. Gizarte honetan ekarpena egin nahi duten pertsonak dira, eta horretarako plataforma sortu behar dugu. Hori da gakoa.

Aurkeztu dituzten ikerketek egoera analizatzea dute helburu, gero konponbidea jartzeko. Zer espero duzue?

Ausarta da Ikuspegi behatokiak egin duen ikerketa. Udalak eskatu du, eta berak aurkeztu ditu datuak, modu ausartean. Badakit gauzak ondo egiteko asmoa egon badagoela horren atzean. Hala ere, era horretako baliabideak ezin dira azkar batean sortu. Gainera, erantzukizuna ez da Bilboko Udalarena soilik; sistema moduan erantzun behar diogu. Instituzioek eta pertsona horiek artatzen ari garen erakundeok mobilizatu eta egokitu egin behar dugu behar berrietara. Orain arte hala egin dugu, eta sinetsita nago aurrerantzean ere egingo dugula.