Basoak erosten hasiko dira Igorre, Atxondo, Urduña eta Berriatua

Basoak erosten hasiko dira Igorre, Atxondo, Urduña eta Berriatua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ahul daude Bizkaiko mendialdeak; gaixo eta indarge. Eta ez da zoriaren ondorio, EH Bilduren ustez. Ez da kasualitatea horrenbeste eremu gaitzak jota egotea. Egungo egoera azken berrogei urteetako kudeaketaren ondorio dela dio; azken hamarkadetako politikak eragin duela gaur duguna. Egoera iraultzeko premiaz ohartarazi du, eta, egoera iraultzeko, orain arteko kudeaketa aldatu beharraz. Lanean jarri da, eta hartu ditu neurri batzuk: alkatetza duen herrietan, basoak berreskuratzea erabaki du; lurrak bereganatu eta lehengoratzea. Basoetara itzultzea.

EH Bilduk gobernatzen dituen udalak hasiak dira aukerak aztertzen, eta bada pauso zehatzak iragarri dituenik: Berriatuak, esaterako, aurrekontuetatik 10.000 euro jarri ditu mendi lurrak erosteko. Hurrengo urteetan ere bide horri eutsiko diola adierazi du. Salatu du pinuen eta mendien egoeraren erantzuleek ez dutela neurririk hartu, eta, hori ikusita, eurek hartuko dituztela ahal duten neurriak.

Ez da Berriatua izango pauso zehatzak egingo dituen herri bakarra. Datozen aurrekontuetatik basoak leheneratzeko zenbat diru erabiliko duen ere zehaztua du Berriatuak, eta, alde horretatik, aurreratuen dagoen herria da. Baina Bizkaiko herri gehiago ari dira bide horri begira: Igorrek, Atxondok eta Urduñak ere hartua dute erabakia. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen herriko mendi lurrak erosteko pausoak ematen ari dira.

Arazoa etxean duten beste hainbat udalek ere norabide horri eusteko asmoa azaldu dute, oraindik zer eta nola egin dezaketen aztertzen ari direla zehaztu duten arren. Horren adibide dira egitasmoaren berri emateko EH Bilduk egin duen agerraldian izan diren udal ordezkariak: Elorrio, Zaldibar, Izurtza, Urduña, Ea, Plentzia, Larrabetzu eta Berriatuko alkateak izan dira.

Neurriak hartzeko prest daudela adierazi dute guztiek, ezer baino lehen egoeraren sorburuari erreparatuta. EAJ dute erantzuletzat, eta argi azaldu du zergatia David Lopategi batzarkideak: “Azken berrogei urteetan EAJ izan da mendien kudeatzailea”.

Gaixo dauden pinuak jabetza publikokoak zein pribatukoak dira, baina pinuen landaketa masiboaren atzean sustatzaile bera dagoela dio: “Lur-jabeek pinudiaren aldeko apustua egin zuten, politika publikoak horretara bideratu zirelako”. Foru araua, baso-laguntza plana, mendien kudeaketarako planak eta urteko planak aipatu ditu. “Politika eta lanabes horiek guztiek bide bakarra izan dute: baso monolaborantza bultzatu dute, eta diru laguntzak eta aholkularitza horretara bideratu dira”.

Horren emaitza da Bizkaiko mendi lurren bilakaera, EH Bilduren ustez: “Lurzoruaren aberastasunaren galera, bioaniztasunaren desagerpena, sektorearen errentagarritasunaren galera izugarria”. Lopategik azaldu duenez, monolaborantzen bidez ez da kalitatezko egurra ekoizten, eta, egun, Bizkaiko ekoizpen gehiena paper pasta eta oholtzetara bideratzen da. Eta horien prezioa hutsaren hurrengoa da. Hortaz, ikuspegi ekonomikotik egurgintza errentagarri izateko, industriaren dibertsifikazioa ezinbestekoa dela dio; alegia, azpisektoreak bultzatzeko politika publikoak sustatu behar direla. Hala nola eraikuntza, altzairugintza, luthier lanak eta zerrategietakoak.

Espezie askotarikoak

Espezie askotarikoak behar dira hartarako, eta kalitatezko egurra. Horixe eskatu du, hain zuzen, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu duen proposamenean: “Gure mendien eta basoen kontserbazioa egurraren industria indartsuarekin uztartzea, ekonomia, enplegua eta jasangarritasuna batera jorratuz”. Alegia, pinuaren monolaborantza alboratu eta basoak jatorrizko espezieekin jantzi behar direla uste du; horrela basoen kontserbazioari helduko zaiolako, eta, gainera, egurgintza iraunkor eta errentagarriari emango zaiolako bide.

Sinetsita daude azken berrogei urteetako mendi politika irauli behar dela, haren esanetan agerian geratu baita orain arteko norabidean jarraituz gero egoerak okerrera besterik ez duela egingo. “Arazoa ez da oraingoa”, adierazi du Lopategik; “ez da bat-batean sortu. Pinuek hamar urte zeramaten gaixotzen, baina EAJk ez du ezer egin”. Alderdi jeltzaleari “arduragabekeriaz” aritzea egotzi, eta EH Bilduren esku dauden udalak egoerari buelta ematen saiatuko direla jakinarazi du.

Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak azaldu du mendi publikoen kudeaketa berreskuratzea hartu dutela helburutzat. “Baliabide eskasia” dela eta, mendi horien planifikazioa eta kudeaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi izan da orain arte. “Bereziki hau gertatu da, lur eremu handien jabe diren udalerri txikietan baliabide ekonomiko, pertsonal eta makineria eskasak dituztelako”, azaldu du.

Baina ondorioen larritasuna ikusita, udal planifikazioa berreskuratzea premiazkoa dela uste dute koalizioko kideek. Eta hasi dira: “EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, besteak beste Atxondo, Urduña, Igorre eta Berriatuan, lurren erosketa publikoari ekiteko neurriak martxan jartzen hasi dira”.

Sektoreko eragileekin ere harremanak hasi ditu koalizioak, azterketak partekatu eta produkzio modu berriak izango dituzten irtenbideak elkarrekin lantzeko.