Lurralde eredua eztabaidara

Lurralde eredua eztabaidara

N. Salazar Orbe

Bizkaiak ez du huts egin nahi. Opari gisa hartu du MTVren sari emateen jaialdia. Hala esan dute ahaldun nagusiak eta Bilboko alkateak. Xarma eta glamourrez betetako jaialdi eta ikuskizunak iragarri dituzte lau haizeetara, ponpoxo-ponpoxo, agintariek behintzat. Bizkaia munduan erakusteko aukera ematen duten ekitaldiak dira, Unai Rementeriaren arabera, halakoak. Herritar guztiak ez dira, ordea, iritzi berekoak. Era horretako jaialdiek bultzatzen duten lurralde eredua eztabaidan jarri dute, besteak beste, Piztu Bilbo eta Piztu Ezkerraldea egitasmoek. Bertako herritarrengan zer nolako eragina duten azalerazi dute. Eta orain arte egin duten bezala, bestelako kultur ekarpen bat posible dela erakutsi nahi dute. Horretarako, hainbat jarduera alternatibo egingo dituzte Barakaldon zein Bilbon.

Jaialdiaren kritika egiteko arrazoiak anitzak eta ugariak dira. Piztu Bilbok jarduera bera kritikatu du, “ekonomikoki eskatzen duen ahaleginagatik eta kulturalki esan nahi duenagatik”.

Diru kontuek alarmak piztu dituzte, hasieratik, hainbat sektoretan. Aldundiak hiru milioi euro bideratu ditu telebista kate estatubatuarraren sarien emanaldia Bizkaira ekartzeko. Horri jardueraren publizitatea, segurtasuna, garbitasuna eta bestelako gastuak gehitu behar zaizkiola azaldu du Piztu Bilbo egitasmoko kide June Berrionak. Hori guztia, “komunikazio talde erraldoi baten interasak ahalbidetzeko, hots, salmentak eta euren ekoizpenak merkatu guztietan hedatzea ahalbidetzeko, besteak beste”.

Interes horiek sortzen dituzten hainbat ondorio zerrendatu ditu: “Euskararen erabilera gutxiestea eta gaztelania zein ingelesa indartzea; gizon eta emakumeen iruditegi patriarkala bultzatzea; eta ospea eta dirua helburu duten sormena sustaatzea, kultura herrikoiaren eta sortzaileon autonomiaren kaltetan”.

Bide beretik mintzatu da Piztu Ezkerraldea egitasmoa ere. MTV “globalizazioaren eta sexismoaren ikurrik argienetakoa” dela azaldu dute; “gure artean hain errotuta dagoen kultura globalizatu eta matxistarentzako erakusleiho garbia”.

Sexismoa eta euskaraz gain, bultzatzen duten kontsumoaren kultura kapitalista ere izan dute aztergai. “Inposatzen duen aisialdi eta kultura eredua kontsumoan oinarritzen da”.

Aldundiak egindako gastua sobera berreskuratuko dela esana du Rementeriak. 44 milioi euroko etekin ekonomikoaz gain, 600 lanpostu sortuko dituela iragarri zuen jendaurrean. Lanpostu horien izaera kritikatu du Piztu Ezkerraldea egitasmoak: “Bereziki gazte eta etorkinei eskainitako behin-behineko lanpostu prekarioak sortzen dituzte MTVren moduko ekitaldiek, eskulan merkea sortuz, gutxi batzuen poltsikoak bete daitezen”.

Antzeko iritzia azaldu du Berrionak ere: “MTVk, RedBull jauziek, kirol ekimen erraldoiek eta abarrek ez diote egiten inongo mesederik gure herrietako langileei”. Lurraldearen kudeaketaren eredu osoari buruzko hausnarketa egin du ondoriook ateratzeko. Agintariek ekonomia turismoan oinarritu dutela salatu du. “Kontsumoa, hirigintza, kultura eta bizimodua bisitarientzako presatzen dituzte, eta gure bizi baldintzak ere horretara egokitzen. Hiri-marketina deritzona sustatzen dute”.

Euskal kultura

Bilboko Udalak eskaera egin zuen EMA sariak emateko galan euskararen presentzia bermatzeko. Berrionak uste du egotekotan “modu foklorikoan” izango dela: “Gabon, eskerrik asko, pintxo eta antzeko hitzekin”. Hala, kexak apaltzeko keinutzat jo du.

Horrez gain, MTVren galaren harira Bizkaian egingo diren ikuskizunetan bertako taldeak gonbidatu izana “ekimena legitimatzeko behar zuten keinutzat” jo du. Horren aurrean, euskal musika taldeek ere eztabaidaren parte izan behar dutela uste du, eta era horretako ekimenetan parte hartzeak euskal musikagintzan zein beste esparruetan dituen benetako eraginak aurreikusi beharko lituzketela”.