Harrerak baditu milaka aurpegi

Harrerak baditu milaka aurpegi

Peru Azpillaga

Udan zehar hainbat izan dira Bilbora heldutako migranteak, eta oraindik ere pertsonen fluxua ez da eten. Bidaia luzea abiatu zuten aspaldi; bi, hiru, lau urtetan luzatzen den odisea. Haietako asko itsasartea gurutzatu berri heltzen dira Bilbora; ekainaren 28an Termibuseko geltokira heldu zen autobusekoak bezala. Gurutze Gorriak txandal beltz berdina ematen die guztiei, eta horiek soinean topatu zituen Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide batek, noraezean. Haietako askok ez zekiten non zeuden ere. Orduan hasi zen harrera auzoen dinamika.

Migrante guzti horiei harrera duin bat egitea izan da dinamikaren helburua. Horretarako Bilboko eta inguruetako jendea antolatzea lortu dute, eta, hiru hilabetetan zehar, administrazioek eta gobernuz kanpoko erakundeek zituzten hutsuneak agerian utzi dituzte. Lehenengo autobus horretan heldutako jendearentzat bi espazio zabaldu zituzten: Karmela eta eliza bat. Aldi berean, Gurutze Gorriarekin eta instituzioekin harremanetan jarri ziren, zein baliabide zeuden ikusteko. Azkar konturatu ziren, ordea, ez zegoela baliabiderik. Presioaren bideari ekin, eta Gurutze Gorria neguko azpiegiturak martxan jartzera bultzatu zuten: berrogei loleku eskaini zituzten, baina dutxarako aukerarik gabe. Hori nahikoa ez zela eta, instituzioek 170.000 euro jartzea onartu zuten. Horren ondorioz, Gurutze Gorriak Montañoko ostalaritza eskolako gimnasioa zabaldu zuen: 88 pertsonarentzako tokia.

Montañon soilik gaua pasatzeko aukera dute migranteek hiru gau gehienez, eta jateko, esnea eta gailetak baino ez dizkiete ematen. Eguna kalean igaro behar izaten dute beraz, eta batez ere Flemming plazaren inguruan egoten dira.

Lehen hiru egunak igarota, lotarako ere kalean geratzen dira. Harrera saretik azaldu dutenez, migrante gehienek bere bidaiarekin jarraitu nahi duten arren, hiru egun baino gehiagoko egonaldiak behar dituzte: batzuek dirua behar dute eta haien herrialdetik bidali arte itxaron beharra dute; beste batzuk asilo eskatzaileak dira eta prozesu horrek luze jotzen du. Eta badira bere bizi proiektua Bizkaian eraiki nahi dutenak ere. Guzti horiek kalean geratzen zirela eta, Atxuriko saskibaloi kantxetara bideratu zituzten harrera sarekoek, hasieran. Han abiatu zen dinamika: elizak afaria prestatzeko toki bat utzi zien, baina, egoera larriagotzen ari zela ikusita, Bilbo Zaharreko auzokideak hasi ziren antolatzen. Momentu gorena izan zen hura, 150 pertsona baino gehiago egon baitziren Kultur Etxean lo egiten.

Aitzitik, sareko kideen hitzetan haien helburua ez da izan instituzioen hutsuneak estaltzea, baizik eta egoeraren salaketa publikoa egitea eta arrazismoari eta xenofobiari aurre egitea. Hala, salaketarekin tartekatu dute beti haien jarduna, eta hamaika ekintza egin dituzte pertsona migranteekin batera: salaketa gosariak, kalejirak, kotxe martxak… Bilbo Zaharretik Santutxuko Karmelara joan ziren migranteak, eta hortik, Deustuko Erriberako Bizinahira. Auzo guztietan batu da jende berria sarera, eta, elkarlanaren bidez, lortu dute pertsona horiei ostatu ematea. Urriaren 14an, baina, kalean geratzen zirela jakinarazi zuten; deszentralizazio prozesu bat jarri zuten martxan.

Sarea herrietara zabalduz

Egoera saretuz eta beste herrietako jendearekin harremanetan jarriz, bestelako alternatibak jarri zizkieten mahai gainean ordura arte artatu zituzten migranteei Bilboko harrera auzoetako kideek: aukera egonkorragoak, eta baldintza hobeak. Talde txikiagoetan antolatuz, mota eta espresio guztietako proiektuak sustatu dituzte: instituzionalak zein herritarrak, diputazioaren erakinak zein eraikin okupatuak erabiliz. Elkartasunak hamaika aurpegi hartu ditu. Asilo eskatzaile gehienak CEAR elkarteak Oñatin (Gipuzkoa) kudeatzen duen eraikin batera eraman dituzte. Gainontzekoak, herrietan sortutako proiektuetan murgildu dira.

Horien artean, Gernika-Lumoko eta Arrigorriagako egitasmoak dira esanguratsuenak. Herri mugimenduek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko taldeek bat egin dute tokiko gazte asanbladetako kideekin, eta okupazioaren bidez sortutako proiektu autogestionatuetan aurkitu dute ostatu errefuxiatuek. Alta, harrera auzoetako kideek gogoratu dute errealitatea ez dela aldatu: oraindik ere asko direla kale gorrian bizi direnak.

“Bilboko dinamika beste eskualdeetara zabalduko zela entzun, eta lanean hasi ginen”, azaldu du Asier Arejita Busturialdeko Harrera Sareko kideak. Hasieran Bermeon saiatu ziren zerbait antolatzen, baina azkenean, proiektua Gernikan loratu zen. Bertan egindako batzar ireki batean, gazte asanbladako kideek herriko plazan okupatuta duten blokea eskaini zuten. Hala, Astrako, Ongi Etorri Erefuxiatuak-eko eta herriko beste mugimenduetako kideek bat egin zuten dinamikarekin, eta guztien artean hamar migrante hartzea erabaki zuten.

Gernika eta Arrigorriaga

Astebete daramate Gernikan, eta, beharrizanen arabera, zenbait txanda antolatu dituzte. Migranteek eguna Astran ematen dute. Han, janaria prestatzeko eta zenbait ekintza egiteko aukera dute. “Haiek oso pozik daude, eta ez harrerarekin bakarrik; etxea oso egoera onean dago”. Dinamikak kontzientziazioa zabaltzeko aukera eskaini diela dio Arejitak. “Askotan badirudi jendeak paso egiten duela gai honetaz, baina laguntzeko gogoa duen jende asko dagoela ikusi dugu; honelako proiektuen bidez laguntza guzti hori bideratzea lortzen da, espazio oso anitzak eratuz”.

Arrigorriagan ere antzeko esperientzia bizitzen ari dira. Gazte Asanbladak bazuen Bilbon sortutako dinamikaren berri, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kideak murgilduta zeuden dinamika hartan. “Hamar pertsonako talde bat epe luzerako hartzea proposatu ziguten, eta horretarako lanean hasi ginen”, kontatu du Ainhoa Gorrotxategi Arrigorriagako harrera sareko kideak. Bi eragileak batu, herrian batzar ireki bat antolatu, eta lantaldeak osatu dituzte. Obra lantaldea eraikinean beharrezko lanak egiteaz arduratu da; dutxak eta sukaldea, adibidez. Hornikuntza lantaldeak materialak lortu ditu; hasi oheetatik, eta sukaldeko tresnetaraino. Beste talde batek elikadura iturriak topatu ditu, herriko dendekin eta hainbat kooperatibarekin harremanetan jarrita.

Harrera talde bat ere sortu dute, lehenengo asteetako integrazio prozesua zehazteko: “Oso garrantzitsua da. Sei hilabetez egongo dira gurekin. Momentuz, nahiko gainean gaude”. Hala ere, denborarekin migranteek autonomia izatea da helburua, eta euren kabuz antolatzea. “Bilbotik urruntzeko beldur ziren, baina apurka herria ezagutzen ari dira eta integrazioa gertatzen ari da. Espazioarekin oso gustura daude eta herriko gazteak ezagutzen hasiak dira. Aspaldi ez zuten geldi eta lasai egoteko aukera”. Orain herriko baliabideak migratzaileen eskura jartzeko lanean ari dira: “Liburutegia, kiroldegia… beste edozien auzokide bezala aritzeko aukera izan behar dute”.