“Ez dugu nahi udakoa gure ‘Aquarius’-a bihurtzerik”

“Ez dugu nahi udakoa gure ‘Aquarius’-a bihurtzerik”

P. Azpillaga

Hiru hilabete baino gehiago eman dituzte Harrera Auzoak sareko kideek Bilbora heltzen diren migranteei laguntza ematen. Egoera mantendu ezinik, harrera deszentralizatzea erabaki dute, Bizkaia osoa inplikatuz proiektuan. Marta Abiegak uda osoa eman du buru belarri lanean, eta argi du “arazoa” konpontzetik urrun, lan asko dagoela egiteko oraindik: “Errealitatea ez da aldatu, pertsonak heltzen ari dira eta harrera instituzionala ez da inondik inora nahikoa; jendea kale gorrian dago”.

Zergatik erabaki duzue harrera deszentralizatzea?

Hasieratik ikusi genuen kudeaketa hori mantentzea ezinezkoa zela. Gainera baldintzak ez ziren egokiak: lurrean lo egin beharra, oso talde handia… Edozein erantzun onartzeko prest geunden, eta alternatiba batzuk instituzionalak izan dira eta beste batzuk herritarrak, autogestioaren eta okupazioaren bidez sortutakoak.

Zeintzuk dira Bilbora heltzen diren migranteek dituzten behar nagusiak?

Guretzat pentsaezinak dira pertsona horiek Bilboraino egindako bidaian izan dituzten bizipenak. Atseden hartzeko beharra dute. Normalean bidaian murgilduta daude eta adrenalina asko daukate. Atsedenarekin batera, osasun arazo larriak agertzen dira, eta baita kezkak ere. Batzuek hiru urte daramatzate koltxoi batean lo egin gabe. Behar logikoak dira.

Zeintzuk dira instituzioek jartzen dituzten baliabideak?

Gurutze Gorriak hiru egunez hartzen ditu. Ostean, kalera doaz. Guk diogu harrera integrala izan behar dela, jende hori entzun egin behar dela: zein diren beren beharrak, nondik datozen, nora doazen, asilo eskaera egin nahi duten; horri erantzutea. Baliabide asko daude faltan: hiru gau ez dira nahikoa, presaka atondutako tokiak ez dira duinak, ez zaie arroparik ematen eta egunean behin baino ez dute jaten. Gainera, legeekin eta osasunarekin lotutako baliabide batzuk egon arren, desinformazioa izugarria da.

Nola egin diozue aurre egoera horri Harrera Auzoak saretik?

Antolatu egin gara. Lehenik eta behin, kalean geratzen den jendeari ostatu emateko eta pertsona horiei elikadura duina eskaintzeko. Horrez gain, laguntza taldeak osatu ditugu gaztelania irakasteko, nahi izatekotan beharrezko prozesu legalak abiarazteko asilo eskaerak eta arazoak dituztenak osasun zerbitzuetara laguntzeko. Osakidetzak, adibidez, itzulpen zerbitzu bat ordaintzen du eta langileek jakin ere ez zekiten. Ahal izan dugun neurrian haien autogestioa landu dugu, batzar bat egin dugu egunero, haien afaria prestatzeko baliabideak eman dizkiegu… Ez dugu besteen harrerra ordeztu nahi izan; egoera salatu eta errealitatea aldatu nahi izan dugu.

Zein izan da instituzioekin izandako harremana?

Adminsitrazioa ez da hor egon. Hasieran izan genuen bilera bat, eta egindako presioaren ostean, Gurutze Gorriari diru kantitate bat ematea erabaki zuen; hori izan da guztia. Geroztik oporretara joan dira eta ez dute ezer jakin nahi izan, kanpaldira arte.

Eta Gurutze Gorriarekin?

Sufrimendu handia izan da. Ni izan naiz bitartekaria eta momentu batean ezin nuen gehiago. Haientzat merkantzia dira, ez zieten arroparik ere ematen, eta gu egon behar izan gara haien atzetik denbora osoan. Niri oso gogorra iruditu zait. Pertsona bat gaixotu, ospiraleara joan, eta ez zioten inolako jarraipenik egiten; berdin zitzaien. Guk egin behar izan dugu lan hori: jendea lagundu, arropa bildu, informazioa batu, itzuli eta banatu… Haiek ez zuten jendea jaso nahi.

Emandako pauso guztiak borrokatu behar izan ditugu. CEAR ere ez da hurbildu eta berrogei asilo eskatzaile baino gehiago genituen gurekin. Azken finean, horiek guztiak nominan daude eta eskuak lotuta dituzte, zerbitzu kartatik ateratzen dituztelako protesta egitekotan.

CEAR-ek, baina berrogei leku jarri ditu orain Oñatin…

Oñatin, 11.000 biztanleko herri batean, dispositibo handi bat jarri dute martxan. Berrogei pertsona eraman dituzte hara. Guk ez genuen hori eskatzen. Pisuek bizimodu propio bat izateko aukera ematen diete eta egoera normalizatzen lagundu. Gainera, presioa oso handia izan daiteke halako herri batentzat, eta ez dute inolako aurrelanketarik egin herritarrekin. Guk kalean geratuko ginela esatean agindu zion Jaurlaritzak CEAR-i hori zabaltzeko; ez zuten nahi horiek gurekin akanpatu zezaten.

Beraz, arazoa ez da konpondu…

Orain datozen asilo eskatzaileekin zer? Guk ez dugu udakoa gure Aquarius-a bihurtzerik nahi. Datozenentzat bideak zabaldu nahi ditugu, harrera duina izan dezaten. Gauza ez zen soilik pertsona horiek toki bat izatea; guztiek dute harrera duina izateko eskubidea. Haiek uste dute behin jende hori kokatuta arazoa konpondu dela, baina arazoa, hots, errelaitatea, hasierako bera da. Joan den astean hiruzpalau atobus gehiago heldu ziren, eta Flemming plazan jendea dago berriz ere, noraezean. Jarraitzen dute pertsonak ez balira bezala tratatzen. Negua hurbiltzen ari da eta Montaño ez da nahikoa.

Bilbon Saharaz hegoaldetik datozen migranteak ez dira kalean lo egiten duten bakarrak, ezta?

Gu Gurutze Gorriaren zerbitzutik kanpo geratzen zen jendearekin hasi ginen lanean. Ezin izan diegu berdina eskaini, adibidez, Deustuko Erriberako fabrikak zirenetan bizi diren 140 pertsonei, edo kalean bizi diren guztiei. 150 pertsona inguru atenditzen ibili gara eta beti esan dugu hori ez zela bidezkoa. Magrebtarrak galdezka etorri zaizkigu: ‘Gu zergaitik ez?’. Hau arazoa plazaratzeko eta oso behartua heltzen zen jende bati laguntzeko modua izan da, baina arazoa askoz zabalagoa da, eta ez da hemen amaitzen.