Ezkeroak eta tunelak

Igor Elordui Etxebarria

Nire lagun batek kontatzen du, behinola, baldintza hipotetikoa landu asmoz, proposatu ziela ikasleei herriko alkatea izanez gero, herria hobetzearren zer egingo luketen adieraztea. Zehatz esatearren, galderari erantzutea: Zure herriko alkatea bazina, zer egingo zenuke?

Bada, ikasle batek zera erantzun omen zuen, serio-serio: “Herriko alkatea izango banintz ezkero gehiago jarriko nituzke”. Gainontzeko ikasleek, ezkeroa zer den jakin ez eta, normala denez, irakasleari itaundu zioten. Nire lagunak, ezkero delakoa zer zen ideiarik ere ez, ikasleari berari eskatu zion azaltzeko zer esan gura zuen. Ezin harrapatu, ordea. Eta zenbat eta azalpen gehiago ikasleak, orduan eta asaldatuago ikaskideak, eta orduan eta gorriago irakaslea, nire laguna. Askatu zen korapiloa, halako batean, ikasleari ditxosozko ezkero berba hori non ikusi zuen galdetu ziotenean. Ikasleak esplikatu zuen errepidean ikusi zuela: “A mayor velocidad semaforo en rojo” eta behean, euskaraz, horrelako zerbait “Arinago joan ezkero gorri”. Eta noski, konbentzituta zegoen ezkero zela, euskaraz, semaforoa.

Igarriko zenioten aspaldi gertatu zela anekdota, aspaldi idazten ez denez gero ezkero. Denboraren tunelean atzera egitea bezala da garai bateko idatzarauak eta oraingoak konparatzea, ezta?. Esaera zaharrak dioen legez, lehen hala, orain hola, gero ez dakit nola.

Gauza batzuk, baina, ez dira hain erraz aldatzen. Denboraren tunelean atzera eginda, ezkeroen sasoira, bota hogeita bost bat urte, bihar egongo naizen lekuan ikus dezaket neure burua, tunel batetik noiz irten zain. Bestelako tunel ilun eta latz batzuk igaro ditugu, bai; garaiak aldatu dira, bai; baina beste batzuetan kieto jarraitzen dugu; irten ezinik, semaforoa gorri. Zenbat lagun eta ezagun ikusi ditudan, urte hauetan guztietan, ihes egiten, kartzelatzen, gaixotzen, hiltzen… batzuk askatzen ere bai. Zenbat maitasun-keinu autoaren leihatilaren beste aldean dagoen lagunari, gurasoetako bat zendu eta hiletara bederen ekarri duten horri. Eta zenbat semaforo, zenbat ezkero eta zenbat tunel igaro behar dituzten, oraindik ere, presoen senide eta lagunek une batez haien kutunak ikusi ahal izateko.

Nik, gauzak errotik aldatzeko kapazitatea banu, alegiazko baldintza lantzeko ariketatxoaren alkate hark bezala, Espainia eta Frantziatik Euskal Herrira bidean dauden ezkero eta tunel guztiak kendu egingo nituzke, kolpetik, une batez, euskal presoak, behingoz, ahalik eta arinen, gure artean egon daitezen. Zoritxarrez, halako gaitasunik ez dudanez gero, bihar arratsaldeko bostetan Antiguoko tunelean, Donostian, egongo naiz. Ea ikusi ahal dudan, hogeita bost urte barru denboraren tunelean atzera eginda, handik irteten neure burua, azkenengoz.