Duintasun aldarri ozena

Duintasun aldarri ozena

Natalia Salazar Orbe

Egarriak asetuta zirudien. Askatasun aldarrien antzera; aseak ziruditen horiek ere. Hala ere, basamortuko bidaia luzeegia eta ankerregia izana zen oasi bateko ur tanta fresko gutxi batzuek asetzeko. Sendatu zituelakoan, zauri eta min asko utzi zituzten zabalik frankismoak zein haren osteko trantsizioak; haragi bizian. Zauri horiek ixten saiatzeko justizia eske ari dira hainbat norbanako, elkarte eta udal. Duintasuna eskuratu nahi dute; gizarte osoarentzako duintasuna, eta berriro halako sarraskirik gertatuko ez den bermeak ezarriko dituen oinarriak finkatzea.

Egia, justizia eta erreparazioa. Horra hor Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aldarrikatzen duena. Memoria historikoaren alorrean lanean diharduten hainbat eragilek osatzen dute. Norbanakoak ez eze, instituzioak ere inplikatzeko lanean ari da plataforma.

Lan horren emaitzak ikusten ari dira. Tanta-jariatzeen antzera, hainbat udalek eman dute pausoa. Publiko egin duen azkena Berrizko Udala izan da. Duela 81 urte frankistek hainbat berriztar hil zituzten. Horien artean, 1936an herriko alkate zen Felipe Urtiaga.

Ez da izan alkate edo zinegotzi baten aurkako errepresioa pairatu duen udal bakarra. Errealitate horretatik abiatuta, plataformak pentsatu zuen udalek beste pauso bat eman behar zutela. Lehenago biktimei babesa eta indarra emateko mozioak onartu zituzten. Geroago, eragile aktibo bihurtzeko eskaera egin zieten. Hala ekarri du gogora Goldatu Francoren Diktadura garaiko Euskal Preso eta Errefuxiatuen Elkarteko kide Josu Ibargutxik. Elkarte hori izan zen frankismoaren krimenak zigorrik gabe ez geratzea eta biktimen aitortza eskatzen hasi zena, eta plataformako kidea ere bada. “‘Zergatik ez dituzue aurkezten kereilak zuek ere?’, galdetu genien. Izan ere, udal gehien-gehienetan izan dira erahildako alkate eta zinegotziak. Beraz, udalak, instituzio moduan ahalmena du udalean bertan gertatutakoa salatzeko. Baita herri osoan gertatutakoa salatzeko ere”.

Udalen zerrenda handitzen

Berrizek baino lehen beste hainbat udalek eman zuten pausoa Bizkaian, elkarteak duela bizpahiru urte proposamena egin ostean. Zerrenda horren barruan daude, besteak beste, ondoko udalok: Gernika-Lumo, Durango, Balmaseda, Urduña, Larrabetzu eta Plentziakoak. Otxandiok ere iragarri die kereila jartzeko erabakia hartua dutela. Eta Bermeok eta Elorriok ere horretarako asmoa baieztatu diete.

Udalez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek ere erabaki zuten kereila jartzea. Baina aldundiak eta Bilboko Udalak ez dute egin. Pauso horrek PP alderdiarekin sor dezakeen konfrontazioa dago “jarrera txepel” horren atzean, Ibargutxiren ustez. Hego Euskal Herrian hainbat administraziok erabaki dute kereila aurkeztea; Gasteizko eta Iruñeko udalek, Arabako Batzar Nagusiek eta aldundiak, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek, kasurako.

Kereilak Argentinan jartzearen arrazoia ulertzeko 2010era egin behar da atzera. Frankismoaren hiru biktimaren senide argentinarrek ekin zioten bide horri. Kereila haien berri izanik, 2012an Argentinara abiatu ziren Goldatuko kideak, prozesua zertan zetzan eta nola aurkeztu zuten ikustera. Ondo gogoan du Ibargutxik sentitutakoa: “Han konturatu ginen oso garrantzitsua zela. Beraiek ere Argentinako diktadura bertan behera uzteko eta diktadura eta inpunitatea eraisteko antzeko mugimenduak egin zituztelako”. Argentinan bertan elkartasun handia aurkitu zuten, gainera. 50 kereila inguru eraman zituzten haiek ere. “Gureak tartean”. Horrek Maria Servini epailea animatu zuen kausa horretan indar gehiago egitera.

Euskal Herrira adorez beterik itzuli ziren Goldatuko kideak. Baina jakitun ziren eurak bakarrik ez zirela izango gai iristear zegoen ekaitz hari guztiari aurre egiteko. Euskal Herriko talde memorialistekin harremanetan jarri ziren eta Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma eratu zuten. Denak hasi ziren biktimak eta euren lekukotzak bilatzen.

Espainiako Gobernuari deia

Argentinan abiatutako bideaz gain, beharrezkoa ikusi zuten Espainiako Estatuko justiziari ere interpelatzea. “Servinik berak esana du: ‘Ziur naiz Espainiako justizia izan behar dela eta izango dela frankismoa epaituko duena. Argentinako justizia eta ni bitarteko bat besterik ez gara Espainiako justiziak epai ditzan, azkenik, frankismoaren izugarrikeriak. Argentinako justizia izan zen bertako diktaduraren izugarrikeriak epaitu zituena, hain zuzen, Baltasar Garzon Espainiako epailearen nazioarteko erreklamazioaren eskutik'”.

Hala, 2016an ekin zieten frankismoaren krimenak bertako epaitegietan salatzeko prozesuei. Jakin bazekiten oztopoz betetako bidea abiatuko zutela. “Badakigu zaila izango dela. Esango digute delituak preskribatuta daudela eta 1977an hitzartutako amnistiak frankismoko kide guztiei amnistia eman ziela. Hala ere, salto hori eman behar genuen eta udaletxeei eta biktimei eskatu diegu hemengo epaitegietan jartzeko kereilak. Epaileek eurek presioa egin dezaten”.

Berehala aurkitu zuten horma, aurrez aurre. Consuelo Madrigal Espainiako Estatuko fiskalburuak lurraldeetako fiskalei agindu zien ez hartzeko kontuan Servinik egindako eskaerak. “Mehatxua ere egin zien, aginduari jaramonik egiten ez ziotenek gogora zezaten Baltasar Garzon epaileari gertatu zitzaiona. Garzon bota egin zuten. 2016ko agindua da, eta oraindik indarrean dago”.

Egoera horren aurrean, Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuari eskaera egin zioten fiskalburuaren agindu hori bertan behera uzteko. “Eskatu diogu fiskal guztiei agindu diezaietela inpunitatearen aurkako edozein eskaera judiziali behar bezala kasu egiteko”. Joan den astean jakin zen Espainiako Gobernuak tramitera onartuko duela Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista galdekatzeko Servini epaileak egin duen eskaera.

Argentinako kereila babesten duen CEAQUA koordinadora osatu zuen euskal plataformak estatuko hainbat talde memorialistarekin. “Espainiako Gobernuak benetan justizia egin behar badu lanean jarri behar dela helarazi zitzaion koordinadoratik”.

Udalek herriko epaitegian jarri behar dute kereila. Prozesua aurrera eramateko epaileak aurkituko dituzten itxaropena du Ibargutxik. Baina hori ere oztopoz betetako bidea dela ikusi dute. “Elgetako epaileak kereila onartzea erabaki zuen eta hilabete iraun zuen. 38 egunera, Espainiako Justizia Ministerioak epaitegitik kendu zuen. Beste epaile bat jarri zuten haren ordez, eta bigarren horrek berehala artxibatu zuen kasua”.

Durangoko Udalak ekin dio bide horri. Agortu du Euskal Herrian egin zezakeen bide juridikoa eta Espainiako Konstituzio Auzitegian babes errekurtsoa aurkeztu du. 1937ko martxoan eta apirilean udalerriak pairatutako “gizateriaren aurkako eta guda krimenen ikerketa” eskatu dute bertan. Auzitegi horren erantzuna ezezkoa bada, Europara jotzeko asmoa iragarri du Goldatu elkarteak. “Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordera jotzeko gomendioa egin digute Espainiako Estatuan ibilbide guztia agortuz gero. Dena den, itxaropena dugu epaile batzuk kasuokin aurrera egiteko erabakia hartuko dutela”.

Kereila horiek guztiek helburu argia dute: batetik, frankismoaren inpunitatea plazaratzea. Bestetik, biktimen eta gizartearen beraren duintasuna aldarrikatzea. “Gizarte batek ezin dezake onartu 40 urteko diktaduran gertatutako guztien gainetik pasatzea ezer egin gabe. Batez ere, justizia egin gabe. Hori da gure helburua: justizia egitea”.

Horretarako ateak itxita, ondo itxita daude, ordea. Nazio Batuen errelatore Fabian Salviolik eskandalizatuta azaldu du oraintsu, Espainiako Gobernuak eman dien erantzuna frankismoaren krimenak argitzeko nazioarteak egindako eskaerei. Ibargutxik ekarri ditu gogora haren hitzak: “Amnistiaren legea ezin daiteke ukitu Espainiako trantsizioan adostutako akordio politiko oso on batek eratu zuelako. Haren arabera, indar politiko guztiek amnesia, ahanztura eta barkamenerako deia egin zuten”. Hori da, Goldatuko kidearen esanetan, trantsizioak egin zuena: dena ahazteko deia. 1977an askatasun leherketa giroa zabaldu zela gogoratu du. “Gogoan dut. Presoak kalera atera ziren, alderdiak legeztatu ziren. Askatasun eta emozio leherketa izan zen. Ahaztuarazi egin zuten aurreko 40 urteetan gertatutakoa. 35 urte amnesikoak izan dira. Politikoek eta hedabide handiek injektatutako dosi anestesikoek horretan lagundu dute”.