“Beldurgarria da kalean bizitzea”

“Beldurgarria da kalean bizitzea”

N. S. O.

Miquel Fusterrek (Bartzelona, 1944) hamabost urte egin zituen kalean bizitzen. Arrels fundazioaren laguntzarekin handik ateratzea lortu zuen. Jaialdian kontatuko ditu berak bizitakoak.

Nola geratu zinen kale gorrian?

Errenta zaharreko etxebizitza batean bizi nintzen, eta erre egin zen, duela 30 urte. Etxea konpontzea edo erostea zaila iruditu zitzaidan. Izan ere, marrazkigintzan jarduten nintzen agentzia baterako lanean, eta ez nuen uste gastuei aurre egiterik izango nuenik. Marrazki erromantikoa egiten nuen. Asko saltzen zen, baina bideojokoak agertu ziren eta asko egin zuten behera salmentek. Higiezinen enpresak kalte-ordaina eskaini zidan, milioi bat pezetakoa, eta urtebete eman zidan etxetik ateratzeko. Erretako etxean bizi izan nintzen urte hartan. Alkoholizatu egin nintzen. Auzotik gertu aurkitu nahi nuen beste etxe bat. Hala ere, alokairuen prezioak 45.000 pezetatik gorakoak ziren [270 euro]. Errenta zaharrean 2.000 pezeta ordaintzen nituen. Une hartan jabetu nintzen kalean geratuko nintzela.

Zer nola biziraun daiteke hamabost urtez kalean?

Egokitzea beste irtenbiderik ez nuen izan. Beldurgarria da. Hitz horrek soilik deskriba dezake kaleko bizimodua. Segurtasuna galtzen duzu, zure kontrako giroa nagusi den mundu batean sartzen zara. Kalea oso zakarra da, gehienak alkoholizatuta daude, ni nengoen bezala, eta arazoak sor daitezke. Apurka egokituz zoaz, kaleko kodeak barneratuz: isiltasunaren legea hartzen duzu. Gatazkatsua den norbait ikusten baduzu bere paretik kentzen zara. Erasoen beldur zara etengabe. Egunero pentsatzen duzu bizitzako azken eguna izan daitekeela. Eraso ugari gertatzen dira, nahiz eta argitara ematen ez dituzten. Lorik ere ezin duzu egin. Negua iristen denean, gainera, hotza izugarria da. Alkoholizatuta egonik, ardoa ez zitzaidala faltako ziurtatu behar nuen une oro. Margolanak egiten nituen. Koadroak saltzen nituen, merke-merke. Hala iraun nuen. Zaila zen, beti erasoren bat gertatzeko beldurretan. Bartzelonako portuan mutiko batzuek harri bat bota zidaten aurpegira eta sudur-hezurra hautsi zidaten. Dibertitzearren besterik ez zidaten egin eraso. Ahulenaren aurka egin nahi zuten. Koldarkeria hutsa da hori. Gero ondoko herri batera joaten nintzen gaua igarotzera, lasaiago egongo nintzelakoan, baina zakur basatien eta basurdeen eraso saiakerak pairatu nituen.

Zer ikusten zenuen begiratzen zintuzten herritarren begietan eta zer nola ikusten zenituen zuk haiek?

Hasieran oso gaizki sentitzen zara. Gero aurre egitien diozu egoera horri, eta berdin zaizu begiratzen bazaituzte zikin egoteagatik, edo ile edo bizar luzea izateagatik. Inori ez diot kalterik egiten. Alkoholizatuta egon arren min gehien ematen duena da konturatzea zure bizitza suntsitu duzula. Jakin badakizu maite zaituztenei zer nolako kaltea egiten diezun. Denbora aurrera doa, eta zure bizitza betirako galdu duzula jabetzen zara. Etengabe duzu ideia hori buruan.

Zein laguntza behar du bazterketa arriskuan edo kalean dagoen pertsona batek?

Garrantzitsuena kalean geratzea saihestea da. Kalean geratu baino lehen beste guztia utziko nuke, kaletik ateratzea oso zaila da-eta.