Punta Galeako olatuak noiz helduko zain

Punta Galeako olatuak noiz helduko zain

Peru Azpillaga

Joan den urteko arrakastaren ondoren, munduko olatu handien surflari onenak Getxon bilduko dira berriz ere Punta Galea Challenge txapelketan parte hartzeko. Itxarote denborak urriaren 15etik martxoaren 31ra arte iraungo du, eta, epe horren barruan, antolatzaileek olatu aproposak izango dituen egun bat hautatu beharko dute. Aurtengoa txapelketaren hamahirugarren aldia izango da, eta, jada Nazioarteko Surf Ligatik kanpo egon arren, formatua bera da.

“Punta Galeako txapelketak helburu argi bat du: bertako surfa hobetu eta indartzeaz gain, erakusleiho bat eskaintzea”, azaldu du Jokin Arroyo txapelketako zuzendari teknikoak. Hala, 24 surf-lari lehiatuko dira; horien erdiak, Euskal Herrikoak. Surflariak lau txandatan banatuko dira, eta onenak finalerdietara igaroko dira; hortik, finalera. Oraindik ez dute berretsi zer surflari lehiatuko diren txapelketan, baina ziurrenik parte hartuko duten faboritoen artean honako rider-ak izango dira, besteak beste: Twiggy Baker hegoafrikarra, azken bi aldietako irabazle Nic Lamb estatubatuarra, Jamie Mitchell australiarra eta Natxo Gonzalez plentziarra. Etxean egonik, maitatua da Punta Galeako txapelketa Gonzalezentzat. Gainera, adierazi du aukera handia ikusten duela aurtengo saioa “oso berezia” izateko: “Haize aliseoek aurten daukaten joera ikusita, txapelketa izugarria izan daiteke”.

Aurreko urteetan bezala, segurtasun dispositibo bat eta alerta deiak erabiliko dira egunik egokiena hautatzeko. Txapelketa egiteko, bost eta zazpi metro bitarteko olatuak behar dira. Horregatik, olatuen iragarpenak baldintza egokiak egongo direla aurreikusten duenean, alerta horia zabalduko da bost egun lehenago. Hiru egun lehenago iragarpena bere horretan mantentzen bada, alerta berdea ezarriko da, eta txapelketaren eguna finkatuko da. Hala, rider guztiek Getxora bertaratu beharko dute lehiaketan parte hartu ahal izateko. Iragarpena egiteko, Punta Galea Challenge txapelketak bertako eta nazioarteko meteorologo eta surflari adituz osatutako nazioarteko talde baten laguntza izango du.

Punta Galea Challenge txapelketako antolatzaileen artean, Getxo Surf Kluba, Euskal Herriko Surf Federazioa eta Getxo Kirolak daude. Eguna heltzean, 24 partaideak 18.000 euroko sariaren truke lehiatuko dira. Publikoa bertaratu ahal izateko, Getxo Kirolak elkarteak autobus bat jarriko du Bidezabaleko metro geltokitik Punta Galeara.

Gainera, jakinarazi dutenez, aurten, txapelketaz gain, beste zenbait jarduera jarriko dira martxan, surfaren kultura eta ekonomia urte osoan egon daitezen presente Getxon. Aurrerapen modura, Punta Begoñan argazki erakusketa bat jarri dute, eta, gainontzeko eskaintza, urteak aurrera egin ahala jakinaraziko dute.