Arrotza

Nerea Ibarzabal

Kristobal Kolon eta haren kideak India zela pentsatuz Bahametako Guanahani irlara iritsi zirenean, ez dakit zein izango zen euren arteko elkarrizketa. Zer sentituko ote zuen bakoitzak lur zati hura lehen aldiz zapaltzerakoan, zer bertako biztanleekin topo egin zutenean. Auskalo zein izan ziren berba zehatzak, baina pentsa dezaket horrelakorik ez zutela esango: “Ui, kaixo! Zelan zaudete? Nahiko zenukete europarrekin enkontru ekonomiko eta kultural aberasgarri bat izan?”, edo “Orain kontinenteen arteko harreman orekatu eta iraunkor bat hasiko dugu, ez bazaizue txarto iruditzen”. Ez. Kolonek eta kideek bazekiten zertan zetzan konkista bat, susmatuko zuten urriaren 12 hartatik aurrera lan handia egin beharko zutela lur haietakoak isilarazteko, paretik kentzeko, bezatzeko, bortxatzeko, ezer barik uzteko, gutxiesteko, masiboki desagerrarazteko. Argi zeukaten zein posiziotan zegoen bakoitza, eta ez ziren hori aitortzeaz lotsatzen.

Orduan galdera da, ordutik 500 urte baino gehiago igaro diren honetan, zergatik tematzen garen oraindik horrentzako eufemismoak berrasmatzen etengabe. “Bi munduren arteko harremanaren hasiera”, “enkontrua”, “deskubrimendua”, “Europako mugez gaindiko proiekzio linguistiko eta kulturala”.

Badirudi interes handiagoa dutela gaur egungoek iraganeko ekintzak zuritzen, iraganekoek eurek baino. Bariku honetan ere entzungo dira horrelakoak, Espainia ez-nazionalistak bere sentimendu hispanoa ospatuko duen —eta gauza bera sentitzera “gonbidatuko” gaituen— egunean, koloretako kea botatzen duten abioiekin eta mozorrotutako ahuntzekin.

Arrazaren Eguna deitu izan zitzaion zerbaiti darion usaina hartuta ere, berdin-berdin ospatzen jarraitzen duenak, benetako hausnarketarik eta atzera begirako kritika publikorik egin barik, ze gardentasun eskain dezake historiako beste edozein gertaeraren aurrean?

Baina, noski, sarraski etniko bat izan zela aitortzeak ezagutzen dugun mundu honi eusten dioten zenbait zutabe dardarka jartzea litzateke.

Eta, guretzat, ez da justua beraien iragan kolonialistaren nostalgian bizi diren herrialdeei lotuta egotea, badakigulako zelakoak diren eskaintzen dituzten enkontruak, harreman parekideak eta proiekzio kulturalak. Jakin nahi nuke ze harrotasun senti daitekeen gaurko eguna —bueno, eta beste asko— autokritikarik egin barik ospatzeko, non jaiotzen den emozio inperialista hori; agian txiki izatera ohitu garenok ekoizten ez dakigun hormonaren bat izango da, edo, beharbada, batzuek badakite… Zuk zer sentitzen duzu sabelean euskal abizenak dituzten milaka amerikar daudela oroitzen zarenean? Gaviria, Elizondo, Egia… Lotsa? Harrotasuna? Gaur hausnartu dezakezu, egun hau ez baita guk nahi bezain arrotza.