Ondo etorri

Igor Elordui Etxebarria

Badira efemerideak eta efemerideak. Esaterako, mende erdi da euskara batua sortzeko biltzar nagusia egin zutela eta, beraz, esan daiteke euskara batuaren 50. urteurrena ospatzen dela. Ezin bestela, garai haietako testigantzak eta euskara batuari buruzko gogoeta zenbait dakarzkigu BERRIAk egunotan. Baina badira bestelako efemeride eta urteurren batzuk, nork bere auzoan, herrian, bailaran… bizitakoak; euskarari hauspoa ematera etorri ziren gertaerak eta, apalagoak izanagatik, ospatzea merezi dutenak.

Horietako bat da Arratiako Kubulu AEK euskaltegiaren 25. urteurrena. AEK Arratian dezente lehenago lanean hasi bazen ere, duela 25 urte ezarri zen oraintsura arte euskaltegia izan den lekuan.

Eta ondo diot “oraintsura arte” diodanean; izan ere, Igorren, Kubulu euskaltegiaren 25. urteurrena ospatzearekin batera, euskaltegi berria inauguratuko baitu bihar Arratiako AEK-k. “Hauxe da despedidea”, egiten zuen deiadar Maurizia Aldaiturriagak, Leon Bilbaorekin azken kanta jo orduko; kasu honetan, baina, despedidarekin batera dator ongietorria. Urte askotarako esatera joan naiz, baina ez… Oxala luze barik, Arratia ez, Euskal Herri osoa euskaldunduko balitz.

Udazkenean hostoak bezala apur bat orbeltzen garelako edo, nostalgiko xamar nabil aspaldian. Urteetan pilatutako neure musika-ondasunean murgildu naiz eta noiz edo noiz erreskatatu behar den harribitxi horietako batekin egin dut topo: Korrika 14rako AEK-k publikatu zuen disko bat: Irungo AEK-ko beteranoak.

Beste efemeridetxo bat, 2004ko urrian argitaratu baitzen, duela hamalau urte. Disko horretan, beste hamabost talderen 18 kantaren artean, Baldin Badaren Euskara ala ez gara dago. Entzun dut ostera ere, urteak geroago, eta itzela iruditzen zait.

Esnatu, maitea, plazan ez da euskara aditzen eta. Azken basoaren azken arbolaren azken adarra. Adar gogor bat, lorez betetako adarra. Lili polit-politak. Fruitu ederrak. Arbola berrien sortzaileak. Ama, ama bakarra. Fruitu asko. Fruituak erori dira lurraren bila. Gero, lurrean goxo-goxo, landare ugari. Landare zuzenak aterako dira. Euskara ala ez gara. Landare txikiak arbola handiak bihurtzen dira… Zaintzen badira, maitatzen badira. Euskara ala ez gara. Gu, gu gara euskara.

Hori goizean izan da. Arratsaldean eskolako atari parean aditu diet esaten barrutik atera diren ama biri, batak besteari: “Qué pena que la reunión sea en euskera, no he entendido casi nada“. “Pena es que no sepamos“, erantzun dio besteak. Hori erantzuna hori. Zeren eta inori ez baitzaio otutzen esatea pena dela Rolling Stonesek ingelesez kantatzea edota Shakespearek ingelesez idatzi izana.

Kafe bat hartu eta gero euskaltegira jo dut, euskaltegi berrira, izena ematera datorren jendea artatzera. Eta hara non lehenago ikusi ditudan andre biak sartu diren. Ondo etorri.