“Ideia ateratzea eta plangintza egitea da zailena”

N. S. O.

Unai Portilla (Saratsu, Araba, 1993) Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea da, Mondragon Unibertsitatean. Esperientzia handia dute berak eta haren taldeak Kameratoia lehiaketan: hiru urtetan aurkeztu dira, eta hiruretan irabazi dute. Aurten laugarren Kameratoia dute. Unibertsitateko lagun taldea izanik, iragarkia ikusi eta aurkeztu ziren. Uda Films izenarekin aurkezten dira orduz geroztik.

Zer-nolakoa da lehiaketarako gaia eta irizpideak ematen dizkizueten unea?

Hasieran, pixka bat galduta aurkitzen zara. Gainera, gaia beti izaten da nahikoa aldrebesa eta zaila. Hasten gara ideiak botatzen, nola landuko dugun kontua edo zer bidetatik joango garen zehazten. Hori izaten da gehien kostatzen dena. Iaz ez, baina aurreko urteetan kontu horretan eman genuen egun bat baino gehiago; zer egin eta nola filmatu erabakitzen. Plangintzan ematen dugu denbora gehien. Ideia argi daukagunean, filmaketaren plangintza egin eta grabatzera joaten gara. Grabazioa zein izango den argi izaten dugunez, azkarra eta zehatza izaten da. Eta, gero, zuzenean ediziora jotzen dugu. Denok egoten gara han, baina batek edo bik hartzen dute horren ardura. Gainerakoan, kaotikoa izan daiteke. Entrega azken orduan egiten dugu. Esango nuke urte guztietan gaupasa egin dugula; edo lo gutxi egin dugu, behintzat.

Zer da zailena?

Ideia ateratzea eta plangintza egitea. Irizpideak ematen dizkizutenez, zaila da dena ondo jasotzea lanean.

Orain arte, 48 ordu zenituzten lana osatzeko, baina aurten 24 izango dituzue. Nola eragingo dizue aldaketa horrek?

Askoz zailagoa izango da. 24 ordu plangintzan ematen genituen. Beraz, nik uste dut aurtengoa inpultsiboagoa izango dela. Ezin izango dugu eman horrenbeste denbora ideia erabakitzen. Lehenengo datorrena hartu, eta aurrera egin beharko dugu horrekin.

Antolatzaileek lehiaketako denbora erdira pasatu dute parte hartzaileak Zine Bileran presenteago egoteko. Iaz Lekeition geratu zineten lanean?

Urtez urte aldatuz joan da. Lehenengo urtea Durangon egin genuen. Herriko irudiak agertzea eskatzen zuten. Beraz, prozesu guztia egin genuen bertan. Hurrengo urtean ere Durangon izan zen, baina irizpideak zabalagoak zirenez, hainbat lekutan grabatu genuen. Iaz, Lekeitiora eraman zutenean, aurkezpenera ez genuen joan behar izan. Arauak Interneten jarri zituzten, eta handik jaso eta dena egin genuen bertara joan gabe. Grabazioak ere beste leku batzuetan egin genituen.

Aurten bertan geratu beharko duzue.

Bai. Eta horrek baditu alde onak. 24 ordu dira soilik. Oso biziak izango dira, baina lekuan bertan egongo gara.

Zer iruditzen zaizu Kameratoia Euskal Zine Bileraren barruan kokatu izana?

Ondo dago. Nik Zine Bilera aurretik ezagutzen nuen, nahiz eta oso handia ez izan. Era horretako jarduerek ezagutzera emateko ere balio dute. Zine Bilera ere euskarazko sormen lanei lotuta dagoenez, zentzua dauka bertan egiteak. Ona da zinemaldia gehiago ezagutarazteko eta bertan murgiltzeko. Bertako jardueren berri izan eta horietan parte hartzeko aukera ematen du.

Zer aukera eskaintzen du Kameratoiak? Ezagutzera emateko ate bat da?

Bai, zalantzarik gabe. Azken hiru urteetan gu Laburbiran sartu gara. Oso aukera ona da. Euskal Herri osoan zehar zure film laburra zabaltzeko aukera ematen du, ezagutarazteko. Telebistara ere badoa. Lehenengo urtean, batez ere, oso polita izan zen esperientzia. Gogoa pizten dizu beste gauza batzuk egiteko. Eta erakusten du ez dela horren zaila ezagutaraztea eta ikus-entzunezkoen munduan muturra sartzea.

Zer-nolako gaiak eta irizpideak jaso dituzue lehiaketan? Eta, horiek oinarri hartuta, zer-nolako lanak osatu dituzue?

Bigarren urtean Oihanaren legea jarri ziguten gaitzat. Zerrenda bat eman ziguten zehazteko zeintzuk toki agertu behar ziren lanean, zer plano, zer-nolako atrezzoa… Horietatik gutxieneko batzuk jaso behar genituen. Gai hura zaila iruditu zitzaigun, oso zabala izanik alde askotatik hel zekiokeelako. Ideia zehaztea da kontua, eta dena batzea, zentzua hartzeko. Guk bertsolaritzatik jo genuen. Kameratoia euskara bultzatzeko lehiaketa ere bada; beraz, beti saiatzen gara lotzen horrekin. Euskara inguratzen duten hainbat gauza aztertu genituen, eta bertsolaritzatik atera genuen ideia. Euskaldunberrien eta zaharren arteko harremana hartu genuen ardatz.

Lehiaketan aurkari izango dituzu, baina zer gomendio emango zenieke Kameratoian lehenengoz parte hartuko dutenei?

Gogotsu joan daitezela. Sarri gertatzen da izena ematen dutela lana entregatzen duten baino talde gehiagok. Asko bidean geratzen dira. Zaila iruditzen zaienean, batzuk ez dira saiatzen. Edozer gauza atera dezaketela esango nieke. Saiatu egin behar da. Guztiok dakigu Kameratoian ezin daitekeela atera lan izugarririk, baina ideia politak ateratzen dira, eta beti egin daiteke zerbait.