Bizkaiko bertsozaleek espero duten lehia

Bizkaiko bertsozaleek espero duten lehia

Peru Azpillaga

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak, bi urterik behin, borborka jartzen ditu herri zein eskualdeetako plazak. Udaberriko fasean loratu diren bertsolari gazteek, Udazkeneko faseari aurre egin beharko diote orain. Ostera, finalaurrekoetan, pasa den edizioko irabazleekin lehiatu ahal izateko. 2016ko finala, saio parekidea izan zen. Etxahun Lekuek eskuratu zuen orduan txapela, eta aurten errepikatu ezean, jabe berria topatu beharko du; agian, Bizkaiko koplagintzaren txapel handia emakume baten buruan pausatu daiteke lehen aldiz, 2018ko edizio honetan.

Abenduaren 15ean izango da finala, Bilbon. Miribillako Bilbo Arenako harmailek lepo egingo dute beste urte batez Bizkaiko txapelduna ezagutzeko eta goi mailako bertsolaritzaz gozatzeko. Baina, horretarako, bide luzea dute oraindik bertsolariek. Hain zuzen ere, bihar bertan abiatuko duten bidea, Gernika-Lumon. Ondoren, beste lau saio izango dira Bizkaiko eskualdetatik barreiatuta, eta hobekien aritzen direnek, finalaurrekoetara egingo dute salto.

“Asteburu honetan hasten da txapelketako azken txanpa; finala baino askoz gehiago da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta espero dugu Udazkeneko fasean ere jendea animatzea bertso saioetara”, nabarmendu du Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideak. Denbora luzea daramate aurtengo txapelketa antolatzen eta “gogoz” ari direla aipatu du, aurreko edizioan egindako formatu aldaketarekin gustura. “Girotxoa sumatzen dugu jada eta, beraz, positibo gaude”. Aurten Udazkeneko fasean maila handia egongo delakoan dago Narbaiza. Udaberriko fasean aritu ziren 78 bertsolarietatik, 29 sailkatu dira; “beraz hautaketa gogorra izan da, ez da edonor sailkatu”. Udazkeneko fase horretan Oihana Bartra 2014ko finalista batuko da txapelketara, eta finalaurrekoetan, berriz, 2016ko zortzi finalistak. “Maila ona dagoela esango nuke, gazteak indartsu datoz, eta ezin zaie meritua kendu urteak joan urteak etorri kanporaketetan eta finalaurrekoetan sailkatu diren bertsolari guzti horiei, txapelketari egonkortasuna eta presentzia ematen diotelako”, azaldu du Narbaizak. Finalaurrekoetako hiru saioetatik, finaleko zortzi bertsolariak aterako dira.

Narbaizarekin bat dator Etxahun Lekue aurreko edizioko txapelduna: “Txapelketan sailkatu direnen artean aurpegi berri dezente izango dira. Nik asko oso gaztetatik ezagutzen ditut, eta esango nuke aurten kanporaketan egongo den maila azken urteetan baino altuagoa izango dela”. Bertsozale Elkartea eta tokian tokiko bertso eskolak lan “handia” egiten ari direla uste dute biek, eta horiek direla, hain zuzen ere, orain jasotzen ari diren fruituen haziak. Aurten, Udaberriko fasean 23 gaztek eman dute lehenbiziko aldiz izena; “oso kopuru handia da eta bada zerbaiten seinale”, erantsi du Narbaizak. “Ez dugu uste beti hala izango denik, baina pozgarria da”. Horietatik sei dira lehenengoz Udazkeneko fasean aritzeko sailkatu direnak.

Aurreko edizioan erabaki zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren formatua aldatzea. “Beharrezko aldaketa zen. Baziren urte batzuk fase hori eskualdeka egiten zela, eta saio asko errepikatu egiten ziren urtean zehar; beraz, eskualdeak nahastea ondo etorri dela uste dut”, azaldu du Lekuek. Narbaizak aurreko urteko txapelketaren inguruan balorazio positiboa egin zutela adierazi du. Horrekin batera, 2017an, taldekako txapelketa ere abiatu zuten, “bertsolari guztientzako plaza egokia eskaintzea helburu”. Bizkaiko Txapelketak “errespetu handia” eman dezakeenez, bestelako txapelketa bat martxan jartzea erabaki zuten, bertsolari guztiei trebatzeko eta plazan aritzeko aukera luzatuz. “Parte hartzea oso handia izan zen, eta bertsolari gazteei, epailei eta gai-jartzaileei esperientzia lortzeko aukera eman zien; orokorrean oso pozik gaude bi txapelketekin”.

Bertsolaritza plazetan presente egotea da elkartearen helburua, eta azkenaldian asmatzen ari direlakoan dago Narbaiza: “Agenda ikustea besterik ez dago, Bizkaia osoan egiten dira mota guztietako saioak: balkoitik balkoira, bertso afari eta bazkariak, jaialdiak, emanaldi bereziak…”. Elkarteak egiten duen esfortzuaz gain, tokiko bertso eskolen lana funtsezkoa dela dio. Egun, Bizkaia osoan daude bertso eskolak, eta azkenean, haiek dira tokiko saioak antolatu, txapelketan lagundu eta bertsolariak trebatzen dituztenak. Hori txapelketan ere islatzen dela uste du Lekuek: “Badaude oso ondo funtzionatzen duten bertso eskola batzuk, eta hori nabari egiten da. Txapelketari erreparatuta, Gernikatik eta Durangaldeatik bertsolari asko egongo dira, adibidez; hori, normalean, ez da kasualitatea izaten”.

Emakumeak plazan

“Emakumeak plazan daude, eta hori oso seinale ona da”, nabarmendu du Narbaizak. “Asko aipatu zen aurreko urteko finala parekidea izan zela, eta gu asko poztu ginen, baina egia da ere, txapelketako beste faseei erreparatuz gero, gizonezko gehiago dagoela”. Emakumeak bertsolaritzara erakartzea eta, batez ere, plazan aritzera animatzea, elkartearen ardura nagusietako bat dela aitortu du. “Hori nola lortu aztertzen gabiltza gaur egun: bertsolaritza guztientzako erakargarria izan behar da; sistema honek eremu guztietan du eragina, eta kalte egiten digu guri ere. Beraz lana dugu egiteko”. Hala ere, emakumeak plazan arizteaz gain, “oso maila onean” dabiltzala gogorarazi du: “Ea aurten final parekidea dugun beste behin ere”.

Emakumeen presentziarekin batera, zer esan handia sortu dute azken urteetan bertso saioetan jorratzen diren gaiek. Zenbait bertso saiok hausnarketa sakonak eman dituzte gai konkretuen inguruan eta horrek eztabaida piztu du. Lekueren ustez, ariketa bakan batzuetan soilik azaleratzen den ezaugarria da hori, eta “gutxinaka findu egin den kontua”, gainera. “Momentu baten oso gai konkretuak lantzen ziren, gero asko zabaldu zen, akaso lar, eta orain, pixka bat orekatu egin dela dirudi: gai zabalak baina helduleku konkretuekin”. Horrek ere bakoitzak bertsotan aritzeko duen moduarekin zerikusia duela aipatu du, baina ez dio berebiziko garrantzirik eman nahi izan. Gai jartzaileek lan handia egiten dutela uste du, eta guztiek bezala batzuetan asmatu eta besteetan kale egiten dutela. “Gure helburua, ematen diguten gaia ematen digutela, ahalik eta hoberen aritzea da”, ondorioztatu du.

Hari beretik tiraka, Narbaizak gai jartzaile taldea independentea dela esplikatu du eta bere kabuz erabakitzen duela gaiak zein izango diren eta horiek nola jorratuko dituzten. “Bertsolaritza lantzearen helburua ez da mundu guztia bertsolaria izatea, baizik eta bakoitzak berarentzako egokiena den tokia topatzea”. Bertsoekin “gozatzea” da garrantzitsuena, Narbaizaren ustez: “Baso edo ekosistema honetan, bakoitzak hobekien datorkion lekua topatu behar du, bere ekarpena egin ahal izateko”. Bertsozaleak eta antolatzaileak sortzea da elkartearen helburu gorena, “beraz ez du inporta bertsolariak, gai jartzaileak edota epaileak diren”.

Hori dela eta, elkarteak formakuntza saioak eskaintzen dituela azaldu du, eta urtero egiten diren bertso saioek, eta baita tokian toki antolatzen diren egitasmoek ere, trebakuntza hori egiteko aukera ematen dutela.

Prestakuntza oinarri

Bertsolariak plazetan eta txapelketetan aritzeko, prestakuntza handia izan behar dute, eta egunerokotasunean sortzen diren gaien inguruko ezagutza funtsezkoa da. “Gizartean bolo-bolo dabiltzan gai sozialei erantzutea eta horien inguruko diskurtso bat eraikitzeko gaitasuna izatea oinarrizkoa da bertsolari batentzat”, adierazi du Narbaizak. Beraz, taldeka edo banaka egiten duten prestaketa lana berariazkoa da txapelketan maila onean aritzeko. Horretaz asko daki Lekuek, urte asko baitaramatza txapelketan parte hartzen. Horretarako, taldean eta, batez ere, lagun artean aritzen da bera. Garai batean, besteak beste, Bizkaiko txapeldun ere izandako Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiarekin egiten zituen prestakuntza lanak, eta gaur egun, Beñat Ugartetxea eta Ibon Ajuriarekin ibiltzen da. “Hirurak batzen gara, eta beste biak inoiz etorri izan dira, gai bat ipini edo aholkuren bat ematera. Hori bai, txapelketa ostean beti egiten dugu afariren bat, eta hor bai agertzen dira”, erantsi du.

Aurten Bizkaiko Txapelketan parte hartuko zuela argi izan du hasieratik aurreko edizioko txapeldunak. “Ez dakit azkena izango den, baina zalantzarik ez dut izan aurten parte hartzeko orduan”. Bere buruari ahalik eta presio gutxien ezartzea erabaki zuen aspaldi. Hala ere, txapelketa oso gustuko duela aitortu du: “Gutsatzen zait sortzen duen lehia puntu hori, eta baita txapelketarako prestaketa lanak egitea ere”. Alta, behin txapelketa helduta, helburu finkorik ez duela izaten azaldu du eta saio txukunak egitea baino ez duela izaten buruan. “Finalaurreko ona egin nahi dut, badakit hala izatekotan finalean sartzeko aukerak ditudala; nire lana ondo egin, disfrutatu eta gustura geratzea dut buruan. Datorrena datorrela, egindako lanarekin harro egotea, besterik ez”, arrazoitu du.