Ez kezkatu

Nerea Ibarzabal

Batzuetan egunkarietan poesia argitaratzen da oharkabean: kazetariak nahi barik egindako berba jokoak, elkarri erantzuten dioten titularrak, akats xelebreak argazki-oinetan. Aste honen hasieran ere gertatu da Euskal Herriko zenbait hedabidetan. Gobernu beraren bi jarduteko modu ikusi dira bata bestearen ondoan, dagoeneko ezkutatzen ere saiatzen ez diren mekanismo baten froga bizi. Kristalezko bola batetik begiratzea bezalakoa izan da.

Ezkerreko argazkian, ertzainak borrak altxatuta manifestari batzuk jotzen. Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiaren aurka mobilizatu zen jendea joan den asteburuan, Iraultza Txikien Akanpadan. Osasunaren eta ingurumenaren defentsan batzuk, porlanaren edo auskalo zeren defentsan besteak. Black Mirror telesaileko kapitulu bat gogorarazi dit irudiak, Metalhead. Ez dizuet gomendatzen.

Eskuineko albistean, gure airearen kalitateari buruzko zenbait kezka Ingurumen Sailetik. Iaz bi gunetan gainditu omen ziren legez ezarritako nitrogeno dioxido eta sufre dioxido mugak: bata Bilbon, bestea Muskizen, azken hau Petronorren egondako isuri baten ondorioz. Datu hauek ez direla “batere kezkagarriak” argitu du sailburuordeak.

Ez naiz aditua eta agian arrazoi izango du, ez dira kezkagarriak izango; baina, eta ez bagaituzte gauza berdinek kezkatzen? Ohituegi baikaude mota honetako arazoen aurrean horrelakoak entzutera: ez kezkatu, lasai, hemen ez da ezer gertatzen, begiratu beste aldera, ez kuestionatu ezer eta utzi dakigunoi lan egiten. Kutsadura? Bai zera! Herritarren osasuna? Inporta digu, noski. Gaixotu egin zarela? Tira, enpresek eragindako gaixotasunak ez dira gaixotasun txarrak izango, gure enpresak dira.

Bi albiste, horma beraren bi zutarri, lehen eta orain izenburua jar dakieke, berdin izango luke bakoitzari zein. Eraiki, salerosi, birziklapenari jaijai eta herritarrak beste makro-eraikuntza batekin hipotekatu, dagoeneko Europan erraustegiak ixten ari diren garaian. Eta, badaezpada, komunikazio arduradunak ondo trebatuta, ezbeharren bat gertatuko balitz, edo berriro beste ikerketaren bat argitaratuko balute erraustegien kutsakortasuna baieztatzen, bizkor erantzun ahal izateko esaldi ponpoxoren batekin etorkizuneko prentsaurrekoetan. Ardurak eta erantzukizunak “ya tal“.

Eta gainera ez da estrategia txarra egurraren eta anestesiaren arteko nahaste neurtu hori. Hala ere, uste dut herritarrok merezi dugula gogoraraz diezaguten, ez dakit, egunkariko izkinatxo batean laburki idatzita bada ere, zein inbertsore ari den gu gobernatzen, zein enpresari, zein interes pribatu. Behintzat ez mozorrotu herrigintzaz hau guztia, gutxienez esaguzue argi zeinen eskutan uzten dituzuen gure bizitzak eta zein aberastuko den horren kontura.