Bizkaiera plazara

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiera ala batua. Ala batean bata eta bestean bestea. Edo biak uztartuta. Non bata eta non bestea. Sarri asko sortutako zalantzak dira, eta, azkenaldian, bereziki. Ulerkortasunaren izenean, euskara batura jotzearen aldeko hautua egin dute askok, aurrean duten solaskidearen arabera. Ohiturek ere pisu handia dute. Batera zein bestera egitea posible dela erakutsiko dute hiru elkarrizketatuk. Oihana Bartra eta Etxahun Lekue bertsolariek eta Jabi Onaindia Bizkaia Irratiko esatariak bizkaieraren erabilerari buruzko hausnarketa egin dute.

Bizkaieraz aritzeko hautu kontzientea egin dute batzuek; inguruak bultzatutako erabakia izan da beste batzuena. Hartutako erabakiarekin aurrera egin dute denek. Konplexuak izan ditu bateren batek. Ez bizkaieraz aritzearren, batuaz jakin eta bere lagunek zuten kalitatezko euskararik ez zuela uste zuelako baizik. Baina kontrakoa bizi izan dutenen errealitatearen lekuko ere izan da. Alegia, alfabetatu gabeko bizkaiera, etxekoa, jakin, eta beraien euskara trakestzat jo izan dutenena. Euskara batua ulertzen ez dutela sinetsita bizi dira, gainera, asko eta asko.

Elkarrizketatu batek baino gehiagok aipatu dituzte konplexu horiek. Alfabetatu gabeko adinekoen uste okerra: euskaraz ez dakitela pentsatu dute askok. Edo euren euskara ez dela jatorra, jendaurrean erabiltzeko modukoa. Batua ezartzeko prozesuan zerbaitek huts egin zuela pentsatzera ere iritsi dira elkarrizketatuak, euskaldun zaharrek euskaraz ez dakitela sinetsaraztera iritsi direlako.

Uste hori desagertzen ari dela ikusi dute, ordea. Eta baita Bizkaira bakarrik mugatu ez den arazoa izan dela ere. Gazteak bizkaieraz lasai asko eta barra-barra aritzen direla bistakoa da. Baita idatzizko erregistroan ere.

Idatzizkoari kritikak

Azken hiletan, sare sozialetan kritika egin zaie idatziz azpieuskalkiak eta fonetismoak erabilita idazten dutenei, hitz egiten duten bezala idazten duten horiei. Elkarrizketatuek uste dute ez dela erregistrorik egokiena. Hala ere, kritikak gehiegizkotzat jo dituzte. Onaindiak, gainera, konponbidea ere proposatu du, batua arrotz gerta dakiekeen hartzaileei mezua gertuko euskara jasoan helarazteko irtenbidea emateko: bizkaiera landuan idaztea testuak. Bide horretatik, eremu euskaldunetan, etxean bizkaiera jaso duten umeei ikastetxeetan era horretan hitz egin beharko lieketela deritzote: hain zuzen, bizkaiera lantzea, ahozkotasunean behintzat.

Pasadizoren bat edo beste ere ekarri dute bizkaieraren aldeko hautuek. Batuak jasotakoak izan arren, bizkaieraz bereziki erabiltzen diren hitz batzuk behar beste ezagutarazi ez direlako akaso. Ezagutarazteko lan horretan euren harri koskorra jarri dute bizkaiera lau haizeetara zabaltzen duten enbaxadoreek. Bata sustatu eta bestea aberastu. Hori baita euskalkiek batuari ematen diotena. Aberastu egiten dute, joskera eta lexikoz jantzita.

Denek ala denek argi dute helburu komun bat lortzearren jardun behar dutela: hitz egin, euskaraz hitz egin. Oinarri horri dagokionez ez dute zalantzarik.

Oihana Bartra
«Konplexuak izan ditut euskaraz hitz egiteko orduan»
Ikastolan DBHra iritsi arte Oihana Bartrak ez zuen izan harremanik bizkaierarekin. Etxean, euskara batua edo gaztelera zituzten komunikaziorako hizkuntzatzat. Nerabezaroa gazteleraz igaro ostean, euskararaz bizitzeko hautua egin zuen. Eta bertso munduarekin egin zuen topo. Mundu horretan integratzeko modu bat izan zen bizkaiera beretzat. Hasieran, batzuei ulertzea kostatu ere egiten baitzitzaion. Horrez gain, bizkaieraz egiten zuten lagun berriak ere egin zituen. «Beraz, nik pertsonalitate bikoitz moduko bat daukat: batzuekin bizkaieraz egiten dut, eta beste batzuekin, batuaz».
Batua dakienak, bizkaiera ez dakielako; eta bizkaiera dakienak, batua ez dakielako. Askok bestearena jotzen dute, sarri,  jatorragotzat. Bartrak berak ere bizi izan du egoera hori. «Nik konplexuak izan ditut euskaraz hitz egiteko orduan, eta gutxiago sentitu izan naiz». Burlak ere jasan  zituen, «nirea ez zelako labela zeukan euskara. Gaztetan, ez nintzen sentitzen besteen besteko euskaldun». Darabilen bizkaiera jasoa da. Eta horrek ere desberdin egin du askoren begietara: «Batzuentzat, bizkaiera jasoa edo euskara batua ez dira etxetik ekarritakoak».
Beste aldean, etxeko bizkaiera jatortzat ez dutenen sentimenduen lekuko ere izan da. Etxean bertan, amama eibartarraren adierazpenak ekarri ditu gogora: «‘Ene, zure euskara jatorra!’, esaten zidan berak. Eta nik mesedez eskatzen nion horrelakorik ez esateko, eta berea egin zezala». Kalean adineko gizon batekin gertatutakoa ere kontatua du. Euskaraldiari buruzko kartelak jartzen ari zirela gazteleraz jardun zitzaien gizona, kartelen mezuari buruz galdezka. Gero esan zien bera gamiztarra zela, eta batua ez zuela ulertzen. «Zer egin dugu txarto gizon horri sinetsarazteko berak ez duela ulertzen euskara?». Beraz, argi du egoera batean edo bestean bakoitzak uste duela berea gutxiago dela. «Horrek erakusten du zein den euskararen egoera, eta euskarak eta euskaldunok gaur egun bizi dugun zapalketa». Konponbide gisa planteatu du «denak apur bat lasaitzea, eta bakoitzak berea egitea». Eta gehitu du: «Uste dut bidea dela euskara batua euskalki guztietatik aberastea eta euskalkia ere mantentzea eta erabiltzea dagokion esparruetan».

Etxahun Lekue
«Erabakita daukat denean bizkaieraz kantatzea»
Ia denean erabiltzen du bizkaiera Etxahun Lekue bertsolariak. Beharrean egiten ditu salbuespen batzuk. Bertso eskolak ematen ditu, eskolaz eskola. «Nagoen gunearen arabera, bizkaiera edo batua erabiltzen dut». Hasieran, ez. Hasieran, gainerakoen antzera, batuaz egiten zuen bertsotan. «Gero, batzuk hasi ziren Bizkaiko txapelketan, bereziki, bizkaieraz egiten. Nik ere logiko ikusi nuen, eta neu ere horrela hasi nintzen». Hasieran, Bizkaian bizkaieraz abesten zuen, eta handik kanpo, batuaz.
Geroago egin zuen aukera kontzientea. «Pentsatu nuen, ‘Legazpin edota Altsasun kantatzea tokatzen bazait, zergatik ez dut egingo bizkaieraz?’». Horretarako beste arrazoi bat ere bazegoen: bertsoak prestatzeko erraztasuna. «Errimategia bizkaieraz edo batuaz egin, guztiz desberdina da. Hiru urtean saio guztiak bizkaieraz egiten nituen, eta, Euskal Herriko txapelketa iristen zen, eta aldatu egin behar nuen errimategi osoa, joskera ere desberdina da…». Hala, 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egin zuen lehenengoz bizkaieraz Bizkaitik kanpo. «Harrezkero, erabakita daukat denean bizkaieraz kantatzea».
Inoiz ez da deseroso sentitu. «Badakit batzuei ez zaiela asko gustatzen, baina egia da niri ez didatela esan ezer. Niregana zuzendu direnek eskertu egin didate».
Pasadizoren bat ere bizi izan du. Saio batean, baserritar gisa otzara banatzen zebiltzala irudikatu behar izan zuten berak eta beste batek. «Bertsokideak saskia berba erabiltzen zuen, eta nik, otzara. Eseri ginenean esan zidan lehenengoan ez ninduela ulertu, ez zekiela zer zen otzara».
Pasadizoak pasadizo, euskalkiak zein batua, denak direla ezinbesteko uste du. «Euskalkiek aberastu ere egiten dute batua, lexikoari zein joskerari dagokionez». Bizkaiera bizirik dagoen herrietan uste du saiatu beharko liratekeela harreman pertsonalak bizkaieraz egiten. «Baita irakaskuntzan ere: ez didaktikoak diren harremanak. Bai, ordea, jolas ordukoak». Egitea da kontua. Argi dauka Lekuek: «Bakoitzak bere hautua egin behar du, eta horrekin aurrera egin. Nik ikasleei ez diet esango bizkaieraz edo batuaz egin behar duten. Hartu erabaki bat,  eta ahalik eta hoberen egin».

Jabi Onaindia
«Ustea zabaldu zen euskara batua zela ona, eta bestea ez»
Bizkaia Irratiko kazetaria da Jabi Onaindia. Entzuleei bizkaieraz aritzen zaien irrati katea 1990ean sortu zen. Hasieratik hartu zuten erabakia euskalkia erabiltzeko. «Mezua ahalik eta euskararik hurbilenean ematea zen helburua. Izan ere, alfabetatu gabeko jende asko zegoen gure entzuleen artean». Bizkaiera jasoa egiten dute.
Hastapen haietan, komunikabidean azaltzeko konplexuak antzeman zituzten herritarren artean. «Adinekoekin telefonoz hitz egin, eta euskaraz ederto egiten zuten. Irratian elkarrizketa egiteko ezetz esaten ziguten, ordea, euskaraz ez zekitela eta. Guk baino hobeto egiten zuten eta! Baina alfabetatu gabeak izanik, pentsatzen zuten euren euskara ez zela ona».
Sarri izan zuten arazo bera urte askoan. Konplexu horiek euskara batua ezartzen hasi zenean sortu zirela uste du berak. «Eskoletan batua erabiltzen hasi ziren. Komunikabideetan ere berdin. Euskara horixe zela zabaldu zen. Horri eman zitzaion indarra. Beharrezkoa zuen indarra zen; izan ere, batua behar dugu irakaskuntzarako, komunikaziorako, komunikabideetarako… Baina ustea zabaldu zen euskara batua zela ona, eta bestea ez».
Orain, gazteek konplexuak galdu dituztela ikusi du. Hitz egiten den moduan idazteari ez deritzo larria. Hala ere, erdibidea proposatu du: «Etxeko euskara erabiltzen dute. Eta beste muturrean batua dago. Bien artean zubi lana egin lezake bizkaiera jasoak». Besteak beste, kartelak idazteko ordurako irtenbidea iruditu zaio. «Kontua da bizkaieraz ez dela alfabetatzen jende askorik, eta erdiko bide hori galdu egiten dugu».
Hezkuntzan eta euskara trebakuntzan ere kontuan hartzekotzat jo du. «Eremu euskaldunetan, eskolara hasten diren eremu umeekin etxeko euskara zaindu eta landu beharko lukete hasieran irakasleek, ahozkotasunean behintzat». Euskaltegietan lantzeko ere proposatu du. Oraintsu argitaratutako liburu batean jasotakoak ekarri ditu gogora. «Euskaldun berriek euskara zergatik erabiltzen ez zuten aztertu zuten. Askok arrazoitzen zuten ez zutela euskalkirik edo lekuren bateko euskararik. Hortik irakaspena hartu beharko genuke. Eurak ari dira-eta esaten euskalkia nahi dutela».