Porlanaren azpian ereindako haziak

Porlanaren azpian ereindako haziak

Peru Azpillaga

Berdea eta grisa. Garapena eta suntsiketa. Porlana eta lurra. Egoera dialektiko latzean irauten dute egun gizakiak eta naturak bizirik. Azken urteetan, aldaketa handiak izan dira, eta hiri proiektu berriek guztiz itxuraldatu dute Bizkaia. Eraikin berriek estali egin dituzte aspaldiko soroak; larre berdeak goizero bustitzen zituen ihintza hara eta hona lanera doazen autoen kristaletan sortzen da orain. Antzinako zonalde industrialen aurpegi garbiketak eragina izan du inguruko herrietan ere. Porlanak aurrea hartu die larre berdeei; horren adibide garbia da Uribe Kostaren egungo izaera.

Han jazo da, orain dela gutxi, gizakiaren eta naturaren arteko gatazkaren azken borroka: Ibarbengoako aparkalekua. Luze jo du auziak. 2011. urtean eraiki zuten Ibarbengoako metro geltokia; aparkalekua egin arte, ordea, ez da irekiko, eta, beraz, atzerapenak geltoki fantasma bilakatu du gunea. Tosuko bizilagunek aparkalekuaren landa okupatu zuten, eta, zazpi urte horietan zehar, mota guztietako proiektuak, egitasmoak eta tirabirak izan dira: kanpaldiak, erresistentzia baketsua, martxak, manifestazioak, auzolana, nekazaritza… Urteetan luzatu zen erresistentzia jardunak, baina, ez zuen lortu bidea egiterik, eta ostera ere porlana lurrari gailendu zitzaion.

Liskarraren zantzuak nabariak dira oraindik ere. “Tosukoa, egia esan, oso borroka aberasgarria izan da, eta, bataila galdu dugun arren, beste arlo batzuetan aurrerapauso handiak eman ditugu; adibidez, jendearen arreta eta txip aldaketa”, azaldu du Hodei Rodriguez Tosuko asanbladako kideak. Haren esanetan, Tosuko borrokaren ondorioz herritarrek ulertu dute zeresana dutela proiektu urbanistikoen aurrean ere. Aparkalekuaren obrak jada martxan daude, baina Rodriguezek argi du oraindik ere asko dutela esateko.

Horregatik, beste ekintza bat jarri dute martxan: Tosutik Uribe Kostara, porlan azpiko lurra irauliz izeneko jardunaldiak. “Fase aldaketak bultzatu gaitu beste egitasmo mota bat egitera: Tosuko borroka, hasieratik, eskualde osoko borrokatzat hartu genuen, Ibarbengoako aparkalekua puntu estrategikoa zelako haien urbanizazio planean Bilbo Handiaren continuum urbano hori sortzeko”. Ez dute obrak geldiaraztea lortu, baina bai eskualde osoko jendea kezkatzea eta mobilizatzen hastea. Hala, jardunaldi batzuk antolatzea erabaki dute, haien borroka eskualde osora zabaltzeko. “Urbanizazioaren inguruan nolabaiteko kezka duten herri desberdinetako pertsonak batzea izan da helburua, eskualde mailan, gure herrietan ditugun arazoei buruz hausnartu eta zer egin dezakegun planteatzeko”, argudiatu du. Jardunaldien ostean, martxa bat egingo dute Erandiotik Gorlizera.

Egun pairatzen duten garapen urbanistikoko prozesua aspalditik datorrela dio Rodriguezek, eta 2001. urteko BTA Baldintza Teknikoen Agiriaren ondorioz areagotu zela: “Orain dela 40 urte-edo, Bilbo metropoliaren arkitekturaren barruan, Uribe Kosta bizitegi gune bilakatzea erabaki zen; lo hiri erraldoi bat”. Adierazi du ordura arte Uribe Kosta tradizionalki landaz josita zegoen nekazaritza eremua zela. Baina, denboraren poderioz, landa horiek desagertuz joan dira. “BTAn bertan jada planteatu egiten da Bilbotik Plentziaraino continuum bat egiteko ideia, eta, krisiarekin moteldu bazen ere, argi dago ez dutela gelditzeko asmorik”.

Proiektu urbanistiko horrek haien eskualdea “arazoz josi” duela erantsi du Rodriguezek, eta jardunaldietako egitaraua horren isla da. Sei ardatz nagusi izan ditu, guztiak hirien garapenarekin eta urbanizazioarekin lotuak: lotarako herriak, mugikortasuna, prozesu parte hartzaileak, hazkundearen eta nekazaritzaren arteko talka, hiri udatiarren problematika, eta zurikeria. Herri bakoitzean arazo baten inguruko hitzaldia egin dute. Batzuk herri batzuen problematika zehatzak dira, baina gehiengoa eskualde osoak konpartitzen dituen arazoak direla nabarmendu du Rodriguezek. “Arazoak nahiko antzekoak dira eskualde osoan, gauza batzuk zenbait lekutan nabariagoak diren arren. Hazkunde urbanistikoa da arazo guztien arteko haria, eta, azken urteetan argi ikusi dugunez, horrek zurikeria dakar inplizituki”. Hori ikusita, herriak zeresana duela ulertarazi nahi dute.

LOTARAKO HERRIAK

Uribe Kostako eskualdean, etxe ugari egin dira urteotan. Tosuko asanbladak salatu duenez, haien eskualdea Bilbo Handian eta Txorierrin lan egiten duten pertsonentzako lotarako eskualde bihurtu nahi dute, eta horrek ondorio latzak ditu herritarren bizi baldintzetan. “Hasteko, jende gehienak egunero joan behar du Bilbora edo Txorierrira; mugikortasun eta kutsadura arazoak areagotzen dira”, adierazi du. Lotarako herriak “toki mortuak” direla salatu du, trantsiziorako pentsatuta daudelako. “Errepide handi eta ingurabideen ondorioz, herria isolatuta geratzen da, eta lekuak, pixkanaka, zeukan bizitza guztia galtzen du”. Zerbitzuak ere oso urriak direla azaldu du. “Apenas dagoen aisiarako tokirik, eta, beraz, autoa funtsezkoa da edozer gauzatarako: herrian ez dago ezer; lursailak etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen dituzte, eta espazio handiak erabiltzen dituzte; saltoki guneak eta denda handiak baino ez dituzte eraikitzen”. Beraz, autoan oinarritzen dira bai aisia eta baita bizitza ere, Rodriguezen esanetan, eta horrek umeei eta zaharrei egiten die kalterik handiena.

MUGIKORTASUNA

Lotarako herri batean bizitzean, mugikortasuna funtsezkoa bilakatzen da egunerokoan. Autorik gabe, adibidez, isolatuta geratzen zara, Rodriguezek dioenez, eta garraio publikoaren menpe. Uste du, ordea, autoak arazoa direla konponbidea baino gehiago. Leioan, adibidez, Artatzako errepideak herri osoa zeharkatzen du, eta 100.000 auto igarotzen dira egunean. “Zifra oso kezkagarriak dira, megalomanoak”. Gogoratu du, gainera, “supertunelaren proposamena” mahai gainean dagoela orain: “Konponbide bat balitz bezala saltzen dute, baina gure ustez ez da hala izango. Ez du zentzurik autoaren erabilera are gehiago bultzatzeak autoan oinarritutako mugikortasun arazo bat konpontzeko”. Rodriguezek dioenaren arabera, Uribe Kostan “etxe mordoa” eraikitzen badira, eta Txorierrin, berriz, “industrialde pila bat”, azkenean jendea egunero batetik bestera mugitzera bultzatzen duzu, horrek dakartzan arazo guztiekin. “Tokiko garapena sustatu beharrean, lanera edo ikastera joateko edota beste edozer gauza egiteko mugitu behar izatea sustatzen dute, eta garraio publikoaren eskasiak garraio pribatuaren menpe bizitzera kondenatzen zaitu”.

UDALAREN PARTE HARTZEA

Azken urteetan biztanleria txikitu egin da Uribe Kostan, eta aurreikuspenek diote joera areagotu egingo dela. Hala ere, Getxoko Udalak zenbait etxebizitza eraikiko ditu Algortako Andra Mari auzoan. 2013. urtean, HAPO Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko, prozesu parte hartzaile bat jarri zuen martxan udalak. Bertan parte hartu zuten herritar gehienek proposatu zuten gehiago ez eraikitzea Andra Marin, baina Getxoko Udalak ez zuen proposamena kontuan hartu. “Horregatik egingo dugu berba prozesu parte hartzaileek dakartzaten tranpen inguruan. Izan ere, instituzioek halako prozesuak erabiltzen dituzte batzuetan haien erabakiaren propaganda egiteko edota nolabait justifikatzeko; eta, ateratzen dena ez badator bat haien iritziarekin, ez dute kontuan hartzen”, kexatu da Rodriguez.

HIRI UDATIARRAK

Jardunaldietako arazorik “lokalenetarikoa” da; hots, estrategia berari erantzuten dion arren, herri batzuei soilik eragiten dien arazo bakarrenetarikoa. Plentzia eta Gorlizeko herriekin dago lotuta batik bat; herri horiei izugarri ugaritzen zaie biztanleria udan. “Plentzia eta Gorlizen 5.000 pertsona inguru daude erroldatuta, eta udan ia 20.000 egoten dira; hau da, biztanleria laukoiztu egiten da, eta horrek arazo asko dakartza”.

Horrekin batera, gazteentzat etxebizitza aurkitzea “oso zaila” dela salatu du: “Etxe asko hutsik egoten dira urte osoan, beste herri batean bizi eta udan soilik datozen pertsonenak direlako”. Gainera, hark dioenez, eraikitzen dituzten etxeak udatiarrengan pentsatuta daude, eta ez dira batere merkeak: “Etxebizitza garestiak dira, igerilekua duten etxeak, igual Neguriko gazteentzako egokiak, baina besteontzat ez dira oso baliagarriak”.

EREDUEN ARTEKO TALKA

“Guk beti egin izan dugu nekazaritzaren aldeko apustua, eta, egun, gazteentzat ezinezkoa da eremu horretan lanean hastea”, nabarmendu du Rodriguezek. Haren esanetan, lursailen birkalifikazioak ezinezko egin du gazteek lur zati bat eskuratu ahal izatea: “Jendeak oso garesti saltzen ditu lursailak, espekulazioaren ondorioz negozio on bat egiteko aukera izango duten esperantza dutelako edota haien lurrak jada urbanizatu direlako”. Horrez gain, Rodriguezek dio eskualdeko landa eremu gehienak suntsitu egin dituztela, errepideak, etxebizitzak edota gune komertzialak eraikitzeko.

Tosuko borroka landa eremuaren eta porlanaren arteko azken liskarra izan da, bi ereduren arteko azken talka. Rodriguezen hitzetan, “lurrak espekulaziorako objektu bilakatu dira; berdeguneak mozkinen izenean estaltzen dituzte. Tosukoa horren aurka sortutako borroka zehatza izan zen, baina, arazoa orokorra izanik, erantzunak ere halakoa izan behar du orain, orokorra”.

Jardunaldietan proposatu dituzten saio guztietan hirigintza ereduaren inguruko problematika landu dute. “Zerbait oso abstraktua iruditzen zaigu, eta askotan esaten digute gauza neutroa dela, interesik gabekoa; baina gure analisia kontrakoa da”, ondorioztatu du. Rodriguezek deritzo urbanizazio prozesuetan kapitalaren interesak gailentzen direla, eta, beraz, “inposatutako” hiri ereduak kapitalaren metaketa bultzatzea duela helburu. “Guk horren aurka egin eta pertsonen beharrizanetan oinarritutako eredu bat eraiki nahi dugu”.

Hori dela eta, jardunaldiokin agerian utzi nahi dituzte haien herrien eraldaketaren atzean dauden interesak, eta bestelako hiri eredu bat eraikitzeko bidean antolatzen hasi. Jendearen gogoak zein diren ikusi eta “zer egin dezaketen” hausnartuko dute. “Jendea prest badago, lanketaren bat aurrera aterako da”. Jada saio guztiak eginak dituzte, eta “oso arrakastatsuak” izan dira. “Gutxi batzuen diru gosearen mesederako urbanizazio neurrigabe eta zentzugabe batzuk dakartzan etorkizun grisa eragotzi nahi badugu, ezin gara instituzioen zain geratu”, adierazi du.