Zodiakoa

Nerea Ibarzabal

Kaprikorniok oso hotz jokatu dezake askotan, baina maite dituenekin ezberdina da. Ondo egin duzu hartutako erabakiarekin, Akuario, eutsi horri. Piscis, zuk inbidiak gainditzen hasi behar duzu. Aries, haserrealdietan oso krudela zara, zaindu itzazu lagunak. Oso zaila da zuretzat, Tauro, baina pertsona horri barkatu egin behar diozu. Gemini, zure urduritasunak inguruko denak euren onetik ateratzen ditu. Kontrola itzazu umore aldaketa horiek, Cancer. Leo, ondo doakizu lanean, agintzeko jaio zara. Ez fidatu zure amorante berriaz, Virgo. Libra, zuk ez duzu ongi hautatu. Manipulatzaile hutsa zara, Eskorpio. Bizitza eredu hori benetan komeni al zaizu, Sagitario?

Zer dio zureak? Trankil, ez daukate inongo seriotasun astrologikorik, neronek asmatuak dira denak. Baina ziur nago zeurea bilatzen egon zarela, eta gero sinetsi/gutxietsi ariketa mentala jarriko zenuela martxan: gustuko duzuna sinetsi eta interesatzen ez zaizuna baztertu eta horoskopoa den kontu absurdo eta inozoa gutxietsi, zeure burua kritikatuz irakurri izanagatik, eta batez ere nolabaiteko beldur baten hondarrak geratu zaizkizulako barruan.Ea nork jakin behar duen zutaz zuk baino gehiago! Hum!

Jokaera orokortua dela uste dut, eta horregatik jokatuko nuke ez dela zodiakoaren ira-kurketara bakarrik mugatzen sinetsi/gutxietsi banaketarena. Eta honek asko esango luke gutaz, edozein pitonisak baino gehiago. Zure liburuak kritika onak jaso dituela? Noski, arrazoia dute, sinetsiko ez dut ba! Zure kontzertua kaka bat izan dela? Hori ideiarik ere ez daukan jendeak esaten du, ez dakite musikaz ezer. Oso pertsona jatorra zarela diotela? Zelan ez, hauek bai jakin. Ez duela zurekin ezer nahi esan dizula? Pf, beti izan da gizajo bat, nik bai ez dudala nahi berarekin.

Eta horrela auskalo zenbat urtetan zeharreko geure buruaren idealizazio ariketa konstante bat, gustatzen zaizkigun piezak aukeratu eta haiek bakarrik erabiliz gure deskribapenetan. Biziraupenerako teknika bat izan daiteke, baina ingurukoek zutaz dituzten pertzepzio ezberdinekin txoke bat izateko aukerak ugariak dira, eta mingarriak, dena ez baita aldizkarien azkeneko orrialdea pasatzea bezain erraza. Probatu al duzue inoiz zuen horoskopoa lagunen aurrean irakurtzearena? Imajinatu, “Virgo berekoia da”, “Akuario inuzente xamarra da”, “Leo harroa da”… dioen partean zuk barrutik “bai zera!” pentsatzea, baina zure lagunek txintik ez esatea, ez ukatzea, edo agian begirada konplizeren bat ere gurutzatzea.

Aste honetan Piscisi gertatuko zaio nortasun-agirirako argazkia ateratzera joango dela, eta hogei inguru atera beharko dizkiotela, bakar batek ere ez duelako konbentzitzen. Denetan ikusiko du akatsen bat, eta lotsatu egingo da argazkilariari azaltzen ez duela bere buruaren idealizaziorik aurkitzen irudietan. Hark “ba nik horrela ikusten zaitut” esango dio, eta horrek zer pentsatua emango dio Piscisi, beharbada zerbait idatziko du. Baina 2028. urtera arte ez dituzte onartuko selfieak NANetan.