“‘Ultratrail’ kontzeptua ‘lasterketa’ kontzeptutik askoz harago doa”

“‘Ultratrail’ kontzeptua ‘lasterketa’ kontzeptutik askoz harago doa”

Peru Azpillaga

Urte asko daramatza Oihan Arzuak mendi lasterketen munduan murgilduta. Mota guztietako lasterketetan ibilia da, eta, egun duten arrakasta ikusita, lasterketa propio bat antolatzea otu zitzaion mendi taldeko lagunekin batera. Bizkaian iraupen luzeko mendi lasterketarik ez zegoela ikusita, Deiadar Xtreme ultratraila antolatzen hasi ziren: bost deiadar mendiak lotzen dituen 200 kilometroko lasterketa. Geroztik, lepo ibili dira xehetasun eta eginbehar guztiak atontzen.

Gaur bertan abiatuko da hainbeste lan eskatu dien lasterketa, eta, oraingoan korrika ibiliko ez den arren, mota horretako lasterketa bat egitea zer den azaldu dio Bizkaiko Hitza-ri.

Nolatan otu zitzaizuen Bizkaian halako lasterketa bat antolatzea?

Gure mendi taldean (Trail Sport 52 mendi kluba), ultratrailen oso zaleak izan gara beti, eta gaur egun boom moduko bat dago lasterketa horien inguruan. Euskal Herrian badaude halako lasterketa batzuk egon, baina Bizkaian ez zegoen gisako probarik. Horregatik erabaki genuen ultratrail bat antolatzea, eta, hori osatzeko, deiadar mendi guztiak zeharkatzea otu zitzaigun.

Zergatik hartu dituzue deiadar mendiak ardatz modura?

Beti pentsatu izan dugu lasterketa batek nolabaiteko kutsu kultural edo historikoa izan behar duela; hots, ibilbideak nolabaiteko zentzua izatea, eta ez egitea egite hutsagatik. Deiadar mendiek lotura historiko handia dute Bizkaiarekin, bertatik deitzen baitzen Batzar Nagusietara, eta horretarako estrategikoki aukeratuta daude, Bizkaiko lurralde guztia hartzen baitute. Hala, ibilbidea egiteko ia Bizkaia osoa gurutzatu behar da, eta, beraz, gure geografia eta paisaiaren isla argia izango da lasterketa.

Nolakoa da bi egun baino gehiago iraun dezakeen lasterketa luze batean parte hartzea?

Nik beti diot, lasterketa bat bainoago, abentura pertsonal bat dela. Lehenengoak 30 bat ordu behar izaten ditu ibilbidea osorik egiteko, eta azkenengoak, berriz, ia 60; hots, bi gau. Denbora asko, beraz, eta azkenean gauza mordoa pasatzen zaizkizu burutik, eta lagunak egiten dituzu bidean; batzuek zurekin egiten dituzte kilometro batzuk, gero horiek utzi eta beste batzuk hartu; momentu txarrak ere badituzu, uzteko gogoak; gero, bat-batean, oso ondo zaude…

Oso esperientzia berezia da, orduan.

Bai; azken finean, bidaia txiki bat dira halako lasterketak, eta horrek zaletasuna sortzen du. Jendeak hori bizitzen duenean, muga igarotzea zer den dakienean, igual momentuan esaten du “ez dut berriro halakorik egingo”, baina gero berriz hasten zaio grina hori; abentura pertsonala da, ez soilik lasterketa bat.

Beraz, lasterketa luzeak horregatik dira hain arrakastatsuak?

Bai, harrapatu egiten du. Arriskutsua ere bada, batzuk bost eta hamar kilometroko lasterketak egitetik ultratrail bat egitera pasatzen baitira. Baina egia da ultratrail kontzeptua lasterketa kontzeptutik askoz harago doala: lehia alde batera utzi, eta erronka pertsonala bihurtzen da.

Korrikalaria izanda, zer iruditu zaizu antolakuntza lanetan aritzea?

Oso konplexua da; ni korrikalaria naiz, eta beti diot antolatzea korrika egitea baino askoz zailagoa dela: ibilbidea asmatzea, neurtzea, berrikustea, jendearekin harremanetan jartzea, baimenak, deiak… Horrez gain, bakoitzak bere lana eta bizitza ditu, eta zaila da dena uztartu ahal izatea.

Lasterketa munduko jendea inplikatu egin da antolaketan?

Mendi taldean sei bat gabiltza, baina gero 200 boluntario baino gehiagoren laguntza jaso dugu. Mendi talde batzuk asko inplikatu dira eta haien esparru osoa haiek bete dute, beste leku batzuetan ez hainbeste, eta guk lotu behar izan ditugu. Baina orokorrean bai; ia lasterkari baino boluntario gehiago daude.

Beraz, dena izango duzue jada prest.

Bai, orain azkenengo detaileak zehazten ari gara, ibilbidean garbiketa lanak egiten, laguntzen diguten mendi taldeen artean markak banatzen, udaletxe batzuekin azken detaileak konpontzen; azken egun hauek nahiko estresagarriak izaten dira. Adibidez, abuztuan amaitu zen izena emateko epea, eta ehun parte hartzaile inguru izango dira lasterketa bakoitzean. Horrez gain, mendi martxak ere egongo dira.

Kanpotik ere etorriko da jendea?

Euskaldunak dira parte hartzaile gehienak. Hala ere, Espainiatik eta Frantziatik ere etorriko da batzuk, baina nahiko lokala izango da. Gainera, Urdaibai inguruan izanda, inguruko jende askok eman du izena.

Zer eskainiko dute deiadar mendien gailurretara antolatutako martxek?

Urtero egiten diren ibilaldien antzekoak izango dira. Nolabait esanda, aurreneko korrikalariak igarotzen diren unean, martxako jendea ere gailurretan egotea da ideia, korrikalariak animatzeko. Adarrak ere izango ditugu, giroa sortzeko eta emozio puntu bat emateko. Gainera martxa batzuk gauez izango dira eta horrek xarma berezia emango dio.