Etxebizitza eskubidea, noraezean

Etxebizitza eskubidea, noraezean

Natalia Salazar Orbe

Bihar beteko dira hamar urte Lehman Brothers inbertsio bankuak porrot egin zuenetik. AEBetako astindu hura mundu osora zabaldu zen. Orduan lehertu zen krisi ekonomikoak eten egin zuen goranzko joera etengabean ari ziren etxebizitzen prezioen igoera. Burbuilak ezin izan zion gehiago eutsi, eta, orduz geroztik, etxebizitzen salneurria apaltzeko joera hasi zen. 2016an, behea jo zuen. Prezioak ez daude edonoren esku, hala ere. Alokairuaren prezioetan gorakada nabarmena gertatu da, gainera, azken urteetan. Batez beste, 970,6 euroan kokatu da Bizkaiko alokairu librearen prezioa. Hala jakinarazi du oraintsu Etxebizitzaren Behatokiak. Etxe berrien prezioari dagokionez, metro koadroa 3.239 euroan dago, batez beste. Eskubide sozialen aldeko Elkartzen elkarteak salatu du “ezinezkoa” dela etxebizitza bat alokatu edo erostea langileek duten erosahalmenari erreparatuta. Etxebizitza eskubidea ezin dela bermatu, horixe utzi du argi elkarteak egindako azterketak: “75 eta 105 urte artean beharko genituzke etxebizitza bat erosteko”. Hala adierazi du Regina Maiztegi Elkartzen elkarteko kideak.

Soldatak, erosahalmena eta prezioak. Horiek dira herritar xumeen ekuazioan nekez bat datozen aldagaiak. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2012az geroztik lehen igoera erreala izan zuten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako soldatek: hilean, 2.128 euroko soldatak dituzte, batez beste, lurraldeotako herritarrek. Kopuru horrek atzean duen errealitatea bestelakoa da, ordea. Izan ere, estatistikek eta batez besteko balioek ezkutuan gordetzen diren aldaera ugari izaten dituzte. Soldatei dagokienez, bistakoa da askoz langile gehiagok jasotzen dutela batez besteko kopuru hori baino diru gutxiago. Gehien kobratzen dutenek batezbestekotik duten aldea askoz handiagoa da. Hori azaltzeko, Elkartzenek gogora ekarri du Eustatek 2017ko azaroan argitaratu zuen 2015eko Pertsonen eta Familien Errentaren Estatistika. “Txosten horrek erakusten duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %60,1ek batez besteko errenta baino diru sarrera txikiagoak dituzte, edo ez du inolako diru sarrerarik. Hain zuzen, 18 urteko edo hortik gorako biztanleen %12,5ek ez dute inolako errentarik jasotzen. Aurrez aurre, biztanleen %11,8k batez besteko errentaren bikoitza jasotzen dute”.

Sektore desberdinen arteko aldeaz gain, emakumeen eta gizonen artekoa ere jarri du mahai gainean Maiztegik: “Emakumeon urteko batez besteko errenta gizonena baino 10.000 euro txikiagoa da”.

Datu horiek agerrarazita, zenbaki hotzek atzean errealitate gordina ezkutatzen dute. Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Gida Planean egindako diagnosian jasoa du alokairu babestuko etxebizitzak eskuratu nahi dituztenek soldataren %30a bideratuko dutela hori ordaintzera. Datu hori oinarri hartuta, herritarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak azaleratu ditu Elkartzenek. Lanean dihardutenak, lanean aritu arren “miseriatik ezin irtenik dabiltzan pertsonak”, langabeak, laguntzak jasotzen dituztenak zein ez dituztenak kontuan hartuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako urteko batez besteko errenta 14.400 euro inguruan kokatu du Maiztegik: “Gure zorpetzeko ahalmena 395 euro izanik [diru sarreren %30], ezinezkoa da etxebizitza erosi edo alokatzea”.

Arazoa are larriagoa da 18 eta 34 urte artean dituztenentzat: “Gaur egungo soldatek %122,8 igo beharko lukete alokairu libre batera sartu ahal izateko. Egoera hori bera are okerragoa da emakumeentzat: emakumeen soldatek %143,3 igo beharko lukete. Eta zer esan 18 eta 24 urte artekoen soldatei buruz: %245,10eko igoera beharko lukete”.

Diru sarrera nahikorik ez izate horrek hainbat pertsonari —bereziki gazteei— bizitza independentea egiteko zailtasunak sortzen dizkie. “Pobrezia eta ongizaterik gabeko egoerak ezkutatzen dira zailtasun horien atzean. Arazook pertsona horien jatorrizko etxeetan gorderik geratzen baitira”. Eusko Jaurlaritzak osatutako Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren arabera, 2016an etxe independente berri bat osatu nahi zuten 137.840 pertsonetatik 113.623k ezin izan zuten, diru-sarrera txikiegiak izateagatik.

Egoera horri aurre egiteko, gero eta gehiago dira laguntzak eskatu behar dituzten herritarrak. 2018ko urtarrilean 15.375 gizonek eta 21.654 emakumek jaso zuten, Bizkaian, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE). Etxebizitzarako osagarri gisa 16.542k eskatu zuten. Soldata eta beharrizanei dagokienez, andreen eta gizonen arteko aldea gero eta handiagoa dela azaldu du Elkartzenek. Bestalde, DSBE urtarrilean jaso zutenen %65,8 hemengoak edo Espainiako nortasun agiria duten herritarrak izan dira. “Horrek erabat gezurtatzen du migratzaileen aurkako diskurtso xenofobo eta arrazisten oinarria”.

Etxe hutsak

Azpiegitura arazorik ez dago etxebizitza bat eskuratu nahiko luketen herritarrek berau lortzeko. Bizkaian, 541.178 etxe daude, eta horietatik 66.587, hutsik daude. Hala jaso du Etxebizitzaren Gida Planak. Lurraldean bertan 30.543 pertsona edota sendi daude etxebizitza baten beharrean. Hala ondorioztatu du 2017ko Etxebizitza Beharrei eta Eskariari buruzko Inkestak. Datuon aurrean, Maiztegik uste du argi dagoela irtenbidea badagoela. “Irtenbidea emateko gogoak behar dira”.

Elkarteak uste du administrazio publikoek ez dutela bide horretan laguntzeko baliabiderik jarri. Etxebizitza pribatuen ondoan, babestutako etxebizitzak eskaintzen dituzte Eusko Jaurlaritzak zein zenbait udalek. Behatokiaren txostenaren arabera, babestutako etxebizitzen alokairua egonkor mantentzen da. Hala ere, ELAk ekainean aurkeztu zuen txosten bat ekarri du gogora Elkartzeneko kideak: “2008an babes sozialeko alokairuaren batezbestekoa 194,1 euro zen. 2017an, aldiz, 329,1era igo da: %69,5eko igoera izan du. Zenbat igo dira soldatak? Eta KPIa? Lotsagarria da. Gehiago igo da etxebizitza babestuen prezioa libreena baino”.

Alokatzea, garestiago

Jabetza pribatuaren aldean, Elkartzenek argi dauka: alokairua bultzatzearen aldeko apustua egin du. “Gaur egun egoera oso larria da, garestiagoa delako alokairua etxebizitza libre bat erostea baino”. Etxebideren helburuek ere bide hori marrazten dute. Ekintzek, ordea, bestelakoa.

Gaindegiak gazteen emantzipaziorako zailtasunei buruz apirilean egindako ikerketa baten arabera, krisiaren lehenengo urteetan etxebizitza salerosketen uzkurtzeak alokairuzko etxebizitzen garestitzea eragin zuen, eta, ordutik, prezioak nahikoa egonkor mantendu dira. Hala, hilero soldata finkoa eta epe luzera begirakoa duenarentzat eskuragarriagoa da, 2014az geroztik, etxebizitza bat jabetzan eskuratzea alokairuan bizitzea baino. Hori ez dago denen eskura, ordea.

Etxebizitza Gida Planaren arabera, alokairura bideratzen diren etxebizitzak gutxiengoa dira: “Eskaintzak, gainera, ez dio erantzuten goraka ari den eskariari”. Bizkaian, etxebizitza parkearen %9 dago okupatuta alokairu erregimenean, txosten beraren arabera. 5.046, Jaurlaritzaren hainbat programa zein udalek eskainitakoak dira.

Erabaki politikoek bultzatutako joera da aipatutakoa, Maiztegiren ustez: “Erakunde publikoek alokairu sozialera bideratu beharko lituzkete dituzten etxebizitza guztiak eta hemendik aurrera eraikiko dituzten guztiak. Eta, nola ez, garaia da merkatu libreko errentak mugatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da esku-hartze publikoa. Baina instituzioen politika kapitalaren metatze etengabearen logikaren morroia da”.

Baieztapen hori egiteko arrazoiak ere eman ditu. Besteak beste, “Alokabideren bidez ez dute alokairuen prezioan eragiteko inolako asmorik, eta bitartean diru publikoa esku pribatuetara bideratzen dute. Horrez gain, Etxebideren bidez erosketa bultzatzen dute”.

2013 eta 2016 arteko Etxebizitza Planak aurreikusia zuen Araba Bizkai eta Gipuzkoan promozio berriko 3.950 etxebizitza alokairura bideratzea eta, 4.050, salmentara. Lehenengoari dagokionez, 941 gauzatu zituzten. Aitzitik, salmentara 4.767 bideratu zituzten. Alokairuaren helburua, beraz, %23,8an gauzatu zuten, eta salmentari zegokiona, %117,7an. Hori guztia, nahiz eta bere datuek argi erakusten duten alokairua dela herritarrek gehien eskatzen dutena: 2017 hasieran, Etxebiden izena emanda zeuden eskatzaile guztien %83k alokairua nahi zuten. Bizkaian, 26.364k eskatu zuten alokairua eta 5.573k, erostea.

Pobretze faktorea

Etxebizitza eskubidea ezin bermatu izanak eragina du gizartean. Hala uste du Elkartzenek: “Gaur egun etxebizitza pobretze faktore garrantzitsuena da”. Gazteen kasua dago, batetik. “Gazte askok ezinezkoa dute bizitza independente bat egitea. Horrek arazo larriak sortzen ditu: aukeratzen ez diren bizitza proiektuetara behartuta egotea gurasoekin bizitzera, etxea partekatzera, bikotekidean mende egotera ; norbere irudi distortsionatua sortzea galtzaile gisa ikustea ; belaunaldi berriak mendekotasunera kateatzea, kalean pobrezian geratzeko izua hedatzea errealitatea ez borrokatzeko eta eskaintzen dizkiguten ogi apurrak onartzeko”.

Beste aldean etxebizitza lortzea badutenak kokatu arren, gabezia izugarriei egin behar diete aurre: “Diru-sarreren ehuneko handi bat etxebizitza ordaintzera bideratu behar dute eta horrek, gabeziak sortzen dizkie. Besteak beste, berogailua edo argia ez jartzea edota elikadura orekatu bat ezin eramatea”.

Egoera hori guztia iraultzeko irtenbidea etxebizitza merkatuaren logikatik kanpo ateratzea da, Maiztegiren ustez, “eskubide soziala den heinean”. Dagoena baino gehiago eraikitzeak etxebizitzaren arazoa ez duela konponduko dio. “Kontrakoa, baizik, egungo egoera larriaren arrazoia izan baita. Etxebizitza hutsa xahuketa soziala, ekonomikoa eta ekologikoa da”. Etxebizitza hutsak erabili egin behar dira. Hala uste du berak. Etxeok alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko baten parte izatera pasatu behar dutela argi du. Horrez gain, “alokairuen prezioak mugatu behar dira, babestutakoak zein merkatu librekoak”. Elkartzenen ustez, “alokairuen prezioek ez lukete errentariaren diru sarreren %15 gainditu beharko”.