Urte berri on!

Igor Elordui Etxebarria

Ez naiz zoratu, ez; badakit irailak zazpi dituela gaur eta ez dela, hortaz, urteberri eguna; 115 egun falta dira oraindik —bai, zenbatu egin ditut— 2019ko urtarrilaren lehenengorako. Udako oporrak existitzen direnetik, urtea irailean hasten da, ikasturtearekin; bai niretzat; bai irakasle, ikasle, guraso eta abarrontzat; bai, lepoa egingo nuke, zuotako gehienentzat.

Hilabete honetan bueltatzen gara lanera oporren ostean gehienok, eta irailean egiten dugu, Gabonetan baino luzeagoa, ikasturte berrirako asmo berrituen zerrenda zaharra —edo asmo zaharren zerrenda berritua—: hizkuntzak ikasi, gimnasiora joan, arropa berria erosi… Irailean inkatzen dugu hozkailuan eskolako jatetxeko bazkarien egutegia, ikasgaiena… Eta noski, lan-egutegi berria egiten dugu, jai eta opor-egunak ondo markatuz.

Nik ez dakit jaiegun zein oporretan zoriontsuagoak, benetan zoriontsuagoak, garen ala ez; baina bai uste dut horiei begira bizitzeak, horien pentzuan, egunero zoriontasun apur bat kentzen digula.

Baina, behingoagatik, irakurleari benetan mereziko dion zutabea egin nahi izan dut, filosofia baino hobea da oilo-zopa dioen esaera zaharrari jarraikiz. Horregatik, gaurtik udara arteko ospakizun eta jazoera zenbaitzuen zerrenda laburra doakizue jarraian, BERRIAko irakurle bizkaitarrontzat egina:

Jaiegunei dagokienez: urriaren 12a ostirala da. Azaroak 1, Domu Santu Eguna, osteguna. Abenduaren 6a osteguna, eta abenduaren 8a larunbata. Gabonetan, Gabon gaua (abenduak 24) eta Gabon zahar gaua (abenduak 31) astelehenez izango dira aurten eta, beraz, Eguberri eguna (abenduak 25) eta, jada 2019an, Urteberri eguna, asteartez eta Errege eguna igandez. Martxoaren 19a jai izango da, eta asteartea izango da. Aste Santua, apirilean, honela dator: eguen santua 18an, bariku santua 19an eta Pazko-bigarrena, ilena, 22an. Maiatzaren lehena, Langileen Eguna, asteartea izango da.

Bestelako jai eta ospakizun batzuei dagokienez: bihar, Lekeitioko jaiak amaitzeaz gain, urriaren 13aren bueltan (larunbata) Sanfaustoak Durangon eta Basaurin. Urriko azken astelehena (Gernika) hilaren 29an izango da. San Martin eguna, azaroak 11, aurten igandez; jaiak Zamudion, Arrietan… Santomasak, abenduak 21, barikuz izango dira. Sanblasak, otsailak 3, Abadiñon jai, domeka izango da. Hurrengo eguna, Agate Deuna bezpera, zezeilak 4, astelehenez ospatuko da. Sanisidro, maiatzak 15, asteazkena izango da eta, azkenik, San Juan, ekainak 24, astelehena.

Ospakizunerako zein aldarrikapenerako: azaroaren 23an, ostiralarekin, hasiko da Euskaraldia; 11 egunez euskaraz abenduaren 3ra arte (astelehena), Euskararen Egunera arte, hain zuzen ere. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 9ra izango da, eguaztenetik domekara. Martxoak 8, Emakumeen Eguna, ostirala izango da. Apirilean Korrika 21, hilaren 4tik (osteguna) 14ra (igandea) eta Aberri Eguna, Pazko-domekan, apirilaren 21ean. Eta hasi lekuan amaitu, Lekeition: maiatzaren 19an, ohi denez igandez, Ibilaldia.