Natalia Salazar Orbe
Ez da kontu berria. Urteak dira Artxandako golf zelaiaren larreek kolore berdexka galdu zutela. Belar heze eta urmael gardenak erabat utzita daude aspalditik, sastrakek janda. Utzikeria hori hasi da ondorioak eta orain artekoak baino kalte nabarmenagoak sortzen. Abuztuaren erdi aldera, luizi bat gertatu zen Larrabetzuko lurretan dagoen zelaian. 30 eta 40 metro arteko lur zatia erori zen, eta bost metroko sakonera higatu. Orain, udala martxan jarri da ugazabak esku har dezan Laboral Kutxarenak diren lurretan. Horretarako borondatea eta lanean hasteko konpromisoa jaso dituzte. Hala ere, erabat utzita jarraitzen du gune horrek, turismoa erakarriko zuela eta golf zalez beteko zela iragarri zuten arren. Larrabetzuko Udalak irtenbidea bilatu nahi du. Hala azaldu du Iñigo Gaztelu Bilbao alkateak: “Baina oso zaila da, bankuen esku dagoelako”.
Luizi batek jarri du berriz ere pil-pilean Artxandako golf zelaiaren afera. Uda sasoi betean. Zelaiak zerbitzua emateko jarri behar izan zituzten drainatze sistema hondatuek ezin izan diete eutsi neguko euriteei; hori ondorioztatu du udalak galdetutako geologoak. Lurren higatze horrek agerian utzi ditu, besteak beste, urteetan estalita eta utzita egon diren hodiak.
Gazteluk deritzo berehala heldu behar zaiola egoerari. Izan ere, mugitutako lurrek Aretxabalgane ibaiaren adarretako bat estali dute. “Gainera, geologoak esan zigunez, utziz gero zuloa handitu egingo da apurka, eta lur gehiago joango da. Behar-beharrezkoa da jarduera bat gauzatzea”.
Hasiera batean, udalaren ordezkaritza bat bertaratu zen eremura, arkitekto, aparejadore eta geologoarekin batera. Egoera aztertuta, idazkariak argi eta garbi azaldu zuen lurraren jabeari zegokiola arazoa konpontzeko erantzukizuna. Laboral Kutxak proposamena aurkezteko zain dago, beraz, udala.
Zelaiaren sorrera
2001. urtera egin behar da atzera Artxandako golf zelaiaren proiektuaren sorrerara iristeko. Aldundiak Ganguren mendiaren magaleko 538.000 metro koadro saldu zituen, trukatze bidez, Golf Artxanda kluba sortzeko. Lezama Bizirik auzo elkarteak salatu du 1,7 eurotan saldu zuela “natur eta nekazaritza balio handiko lur publikoen” metro koadro bakoitza. Batzar Nagusietako ordezkari gehienen oniritzia izan zuen erabakiak, interes soziala argudiatuta.
Azkenik, Galdakaoko eta Larrabetzuko lurrak hartuko zituen klub haren esku geratu zen eremuan zabaldu zuten golf zelaia, 2006an. Proiektuak eztabaida sortu zuen; sustatzaileek zioten eskari handia zegoela, zale asko zeudela. Hala ekarri du gogora Lezama Bizirik elkarteak. “Esan zuten hori egiteak Txorierriko herriei aberastasuna eta oparotasuna ekarriko zizkiela”.
Gaur egun udala zuzentzen dutenek oposiziotik bizi zuten gertatutakoa. EAJ zegoen agintean, bai udalean, baita Aldundian ere. EH Bilduko alkateak gogora ekarri du “iluntasunez betetako prozesuen” lekuko izan zirela tramitazioak eta baimenak emateko orduan: “Instalazio batzuk jarduera lizentziarik gabe ere zabaldu zirela jakin genuen. [Jose Maria] Pelaez izeneko sustatzaileak zor izugarria zeukan; ez zien ordaintzen gremioei. Apurka, zulo ekonomikoa handituz joan zen”. Besteak beste, ezker abertzaleak salatu zuen hotel izendapena zuen eraikinean 51 apartamentu egin zituztela, horretarako baimenik izan ez arren. Horietako batzuk saldu ere egin zituzten.
Proiektua garatzen aritu zirenean, ezker abertzalearen batzarkide izan zen Txema Pikok esan zuen guztia Artxanda Golfi zuzenean esleitutako operaziotzat jo zutela. Ordurako, eginak zeuden salaketa publiko zein juridikoak.
Hain zuzen, herritarren ekimen batek jo zuen auzitara. Ia bi urteko izapideen ostean, epaileak ondorioztatu zuen helegitea jarri zutenek ez zutela zilegitasunik horretarako. Auzitegi Gorenera jo nahi izatekotan, berme ekonomiko handi bati egin beharko zioten aurre. Auzibidea bertan behera geratu zen.
Golf zelaiak urte gutxi iraun zuen zabalik. 2013an beste jabe batzuen eskuetara pasatu zen, lehen elkartea hartzekodunen lehiaketan sartu eta gero. Hurrengo urtean itxi zituen ateak behin betiko.
Gaur egun, Horma Ondo erretegia da zabalik dagoen instalazio bakarra. Izan ere, sustatzaileek proiektu bakarra diseinatu zuten hasieran: golf zelaia. Geroago, ordea, hiru ataletan bereizi zuten: Golf Artxanda hotela zen horietako bat. Udala jabetu zenean apartamentu batzuk egin eta saldu zituztela bertan, salatu egin zuen, eta atzera bota behar izan zuten asmoa. Hotela itxi egin zuten, eta orain Banco Santanderren esku dago.
Golf bolak jaurtitzeko eremua eta jatetxea zeuden aldea ere itxi egin behar izan zituzten, hura ere zorren ondorioz. BBVArenak dira orain lur horiek. Eta golf zelaia zegoen lekua, azkenik, Laboral Kutxarena da.
Ganguren mendiaren Galdakaoko aldeko golf zelaiak martxan jarraitzen du. Artxanda klub zenaren zenbait bazkidek ondasunaren jabetza banatzeko izapideak egin zituzten, eta Ganguren Golf kluba sortu zuten. Larrabetzun, aldiz, eremu degradatua besterik ez da geratu. Utzita dago, beraz, fisikoki, eta baita erantzukizunei dagokienez ere.