Inteligentzia kolektiboa kontsumoa bermatzeko

Inteligentzia kolektiboa kontsumoa bermatzeko

O. Cabello Elorriaga

Datu zehatzik ez badago ere, etxeetan batez ere txorrotako ura kontsumitzen dela dio Bilbo Bizkaia Partzuergoko kudeatzaile Pedro Barreirok. Gainera, eguneroko kontsumorako guztiz egokia dela azpimarratu du, “inolako zalantzarik gabe”.

Bilbo Bizkaia Partzuergoak berak kudeatzen dituen uren kalitatea bermatzeko zuzentarau guztiak betetzen dituela baieztatu du partzuergoko kudeatzaileak, eta uren kalitatea bermatzen dutela eguneko 24 orduetan, urtean 365 egunetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aztertzen ditu urak; Barreirok dio urtean 10.200 ur lagin eramaten dituztela laborategira.

Bizkaiak, gehienbat, Zadorratik (Araba) —%60— eta Orduntetik (Burgos, Espainia) —%18— edaten du, eta ur horiek kontrolatzeko, urtegietako eta ibai erroetako uren kalitatea kontrolpean dutela adierazi du Barreirok: “Tratatu egiten ditugu, eta edateko ur bihurtu. Era berean, ur biltegietan, antolamendu sarean eta kontsumitzaileen kaniletan ere kontrolatzen du ura partzuergoak, kalitatezkoa dela ziurtatzeko”.

Sistema efizienteak

Bermeak handiak dira, baina botilako uraren kontsumoa oraindik ere handia da. Etxeetako kontsumoak behera egitea, hala ere, ez dago zuzenean botilako ura edatearekin lotuta. Barreiro eta Diez bat datoz kontsumoa murriztu izana aldaketen eta kontzientziazio maila handiaren eraginez gertatu dela.

Barreirok azaldu duenez, “gaur egun etxeko tresna elektrikoak efizienteagoak dira, gutxiago kontsumitzen dute, eta erabiltzaileek ere uraren erabilpen arduratsuagoa egiten dute orain”.

Iritzi berekoa da EHUko irakasle Joserra Diez. “Gero eta ur gutxiago kontsumitzen da iturritik; datuek hori diote. Eta asko murriztu da, batez ere, bi modutara: batetik, norberak kontsumitzen duen ura, eta, bestetik, gure sistemen efizientzia askoz hobea delako. Erreka, urtegi edota akuiferoetatik hartzen dugun urean galerak egon daitezke gure etxera heldu bitartean. Batzuk ezagunak dira edo neurketan aurreikus ditzakegu, baina beste batzuk ez daude kontrolpean, gure sistemak ura galdu egiten duelako, eta ez dakigu nondik. Sistema bat efizientea dela diogu baldin eta %18tik behera galtzen badu”. Hala ere, Bizkaiko zenbait lekutan ur galerak prametro normaletatik kanpo daudela dio Diezek. Busturialdeko kasua ezagutzen du, eta, hark dioenez, azpisistema batzuetan uren galera %40 inguruan dago. “Beraz, gero eta ur gutxiago kontsumitzen dugu, baina, aldi berean, ez dakigu zenbat galtzen dugun, ezta nondik ere”.

Ardurak hartu

Beraz, herritarrek ura modu arduratsuagoan kontsumitzen badute ere, Bizkaiko sistemetan zer hobetu badago, kontsumo datuek behera egin dezaten. Bestalde, erabilpen egokiak ura optimizatzea ekar dezakeela uste du Diezek. “Gaur egun, ur garbiaren heren bat ekoizpen prozesuetan gastatzen da; enpresek erabiltzen dute ur hori beren produkziorako, baina ez dute behar”. Besteak beste, kaleak garbitzeko makinek darabilten ura ere garbia izaten dela dio irakasleak, eta kalitatezko ura xahutzea dela deritzo.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako urak kudeatuko dituen partzuergo bakarra dute asmo agintariek. Dekretua idatzita dagoela dio Diezek, eta bateratu gura dutela. Teknifikazioa ekarriko du horrek, baina lekuan lekuko aukerak galtzea. “Busturialdeak, kasurako, badu bere urak kudeatzeko eta baliatzeko aukera”, dio. Horixe da, hain zuzen, Bilbo Bizkaia Partzuergoaren barruan ez dagoen eskualde bakarra.

Etorkizunean etor litekeen ur eskasiari aurre egiteko modua ikusten du Diezek tokian tokiko urak kudeatzean, baina lehendabizi kontzientziazioa behar da. Quebeceko eredua gogoan, Aquaresponsabilty terminoa erabili du. Inteligentzia kolektiboa zaintzea ere ezinbestekoa da, Diezen iritziz. Klima aldaketari nola aurre egin jakiteko, adituen laguntza beharrezkoa da, eta erabakiguneetan egon beharko liratekeela dio. “Nahitaez, badakigu lehorte handiak, edo zaparrada izugarriak helduko direla, une batez bada ere gure ur bilketak hondatuko dituztenak. Hori ikusirik, geure buruari galdetu behar diogu nola aurrea hartu egoera horri. Hori da inteligentzia kolektiboa”, azaldu du.

Bi ardatz aipatu ditu EHUko irakasleak: azpiegiturak eta baliabideak zaintzea batetik, eta heziketa bestetik. Azken horretan, erabilera ez ezik, uraren kudeaketaren ardura dutenak heztea ere ezinbestekoa dela dio. “Nazioarteko araudia ezagutzen dute? Hezita daude? Adituen parte hartzea bermatu behar da erabakiak hartzeko, eta erronka handia da hori”.