Natalia Salazar Orbe
Usansoloren mugak zehazteko Galdakaoko Udalak egin nahi zuen galdeketari baimena ukatu dio Espainiako Ministroen Kontseiluak. “Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio prozesuan sartzea?”. Galdera hori egin nahi zuten Usansolo inguruko bederatzi auzotan. Mugak zedarritzeko beharrezkotzat jo zuen udalak galdeketa hori. Eta baita Espainiako Gobernuaren babesa ere. Ez bata eta ez bestea ez zirela beharrezkoak esana zuen Usansolo Herria plataformak.
Hiru multzotan banatu behar zuen udalak galdeketa. Labea multzoa —Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labega auzoak hartzen ditu eremu horrek—, Arteta multzoa —Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso auzoak biltzen ditu—, eta Gorosibai auzoa. Usansoloko muga geografikoak zehazten dituen agiririk ez dagoela argudiatuta egin behar zuen galdeketa udalak.
Joan den otsailean onartu zuten azaroaren 11rako mugak zehazteko galdeketa hori egitea. EAJren eta PSE-EEren babesa izan zuen erabakiak.
Plataforma, aurka
Usansolo Herria plataforma hasieratik azaldu da asmo horren aurka. Uste du mugak argi daudela —1989an egindako lurralde mugaketako ikerketek jaso zituztela diote—, eta usansolotarrek behin baino gehiagotan azaldu dutela auzo izateari utzi eta udalerri bihurtzeko nahia.
Horrez gain, galdeketarako baimena eskatu beharrik ez zegoela esan zuten duela bi aste. Haien arabera, ez zen beharrezkoa herritarrak prozesuarekin ados dauden jakiteko loteslea ez zen galdeketa hori egiteko baimena eskatzea; ezta desanexioari buruzko galdeketa egiteko ere. Hori baieztatzeko beste bi auziri buruzko epaiak aurkeztu zituzten.
Aurreko bi gertakari
Bata, Gipuzkoan: Itsaso Ezkiotik bereizi, eta Itsaso udalerri bihurtzea ahalbidetzen duen foru arauari babesa eman diona da. Estatuko administrazioak inpugnatu egin zuen desanexio prozesua ahalbidetzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak atera zuen dekretua. EAEko Auzitegi Nagusiak apirilean eman zuen auziari buruzko ebazpena, eta esan zuen estatuak ezin dezakeela dekretu hori inpugnatu; ez duela legitimitaterik, Gipuzkoako Aldundiaren araudia aplikatzen delako, eta ez estatuarena.
Beste gertakaria Basauriko galdeketari buruzko epaia da. 2016ko uztailean herrigunea eraberritzeko planari buruzko galdeketa egitea onartu zuen udalbatzak. Zenbait auzotan egin behar zuten galdeketa. Estatuko administrazioak inpugnatu egin zuen hura ere. Epaitegiek udalari eman diote arrazoia oraintsu: ez zuen Espainiako Gobernuaren baimenik behar. Usansolokoa ere kasu berdintsua dela deritzo Juan Landa abokatuak: “Hemen ere Usansoloko auzo batzuei soilik egin nahi diete galdeketa”.