Azkarragoa eta handiagoa

Azkarragoa eta handiagoa

Natalia Salazar Orbe

Ordenagailu astunak, sakonera handiko pantaila gizenak eta informatika eta Interneten munduan murgiltzea oso gustuko zuten pertsona bitxi gutxi batzuk elkartzen hasi ziren hasieran. Hiru dozena lagunen topaketa izan zena haziz joan da urteen poderioz. 26 urteren ostean, finkatu ere egin da egutegian, informatika gaietako profesional eta zaleentzako saihetsezineko ekitaldi bilakatzeraino. Euskal Encounterra da. 5.000 ordenagailu postutik gora eta segundoko 60 gigabyteko konexio abiadura eskaintzen ari da, atzoz geroztik —iaz baino 20 gigabyte azkarrago—, BECen. Igandera bitartean, ezagutzak trukatu eta dibertitzeko aukera eskainiko du.

Topaketaren helburua ez da kanpotik begiratzen diotenei irudi dakiekeen bezain friboloa. Hainbat arlotan trebatuta dauden profesional eta adituek ezagutzak partekatuko dituzte bisitariekin. Besteak beste, zibersegurtasuna, transexualitateak Interneten duen ikusgarritasuna zein ikastetxeetan homofobia gainditzeko helburua duen De Fobos y Deimos bideo jokoaren inguruko tailer bat izango dituzte aztergai.

Horiek guztiak Opengunean ariko dira, jarduera doako eta irekiak hartzen dituen eremuan, hain zuzen. Gaur bertan, Sophie Labelle artista eta aktibista transexualak hitzaldia eskainiko du. Assigned Male webkomikiaren egilea da, eta unibertsitateetan, ikastetxeetan eta haurtzaindegietan erabiltzen diren eleberriak eta haurrentzako ipuinak ere idatzi ditu.

Opengune eremu horrek inoiz baino jarduera gehiago eskainiko ditu. 15.000 metro koadro dituen BECeko hirugarren pabiloian kokatu dute lehen aldiz.

Euskal Encounterrera gerturatzen direnek inoiz baino ekimen eta jarduera gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute. Besteak beste, han aurkituko dituzte prestakuntzarako, txapelketetan esku hartzeko zein lasterketetan aritzeko jokoen, hardware arloko ekintzen eta droneen guneak; robotikan hastapenak egiteko, errealitate birtualeko joko ikusgarriekin jokatzeko zein hiru dimentsiotako inprimagailuen gunean diseinuak inprimatzeko aukera izango dute. Horrez gain, atsedenerako eta aisialdirako guneak topatuko dituzte. Baita erakuslekuetan salgai egongo diren informatika produktuak ere.

Hainbat atal edo sailetan banatu dituzte jarduera horiek guztiak eta beste batzuk: ordenagailuen garaiko artea lantzeko sormen digitalean norbere ekoizpena egin eta lehiaketara aurkez dezake hala nahi duenak, irudi digitalen sorkuntza, musika digitala eta programazioa landuta.

Beste era bateko sormenari ere helduko diote, Hardware atalean. Ekipo informatikoen, periferikoen eta euskarritzat dituzten elementuen eraldaketa eta pertsonalizazio lanen abileziak erakutsi eta partekatuko dituzte zaleek. Sormena eta dibertitzeko jokoak eta lehiaketak modu kolektiboan gozatzeko zita izango da.

Gazteen artean boladan dauden youtuberrentzako tarte bat ere eskainiko du aurten topaketak. Besteak beste, ikus-entzunezko plataforma berrietako kalitatezko edukiak aztergai izango dituzte bihar egingo duten mahai inguruan. Gazteleraz egingo dute. Bertan ariko dira Rodrigo Septien, Alvaro Pascual, Xuri Fenton eta Jose Luis Crespo. Youtuber horietako batzuek euren esperientzia kontatzeko baliatuko dute festa. Hala egingo du, besteak beste, Xuri Fentonek.

Informatikaren euskal festa erraldoi horrekin bat egingo duten milaka bisitariak hartzeko, 50.600 metro koadroko eremua prestatu dute aurten.

‘Retro’-aren zita

Urteen joan-etorriarekin teknologiak aldaketa ugari izan ditu. Denbora tarte laburrean, gainera, aurrerapen izugarriak gertatu dira. Aurrerapen horiei bidea zabaldu zieten hainbat elementuk. Aitzindariak izan ziren; erreferente ere bilakatu ziren. Eta oraindik aspaldiko joko eta makina haietako askoren zaleak ez dira desagertu. Horiek gogora ekarriko ditu Retro Euskal jaialdiak, Euskal Encounterren barruan azken hamabost urteetan antolatu duten ekitaldiak.

Space Invaders 1978an sortu zuen Taito Japoniako enpresak. Pantailaren goialdetik, blokean jaisten diren martetartxo oldeak tirokatu eta desagerraraztea zuen helburu. Bideo jokoen aretoetan arrakasta handia lortu zuen jokoak, eta antzeko beste hainbat sortu ziren atzetik. Haren sorreraren 40. urteurrenean jokoari buruzko erakusketa jarri dute ikusgai.

Garai batean oihartzun handia izan zuten bideo jokoek iraun dezaten lan egiten duten esperientzientzako txoko bat gorde du Retro Euskalek. Fernando Rada eta Miguel Angel Horna gonbidatu dituzte. World Rally Champion-ship arkade jokoa garatu zuen lehenengoak. Bigarrenak, antzinako jokoen makina klasikoak —Pac-Man edo Tetris, kasurako— gaur egungo ordenagailuetan erabiltzeko egokitzen ditu.

Bideo jokoen aretoetako makinak ez eze, etxe barruetara iritsi ziren kontsolak ere gogora ekarriko ditu feriak. Duela 30 urte hartu zuen oihartzuna Sega Mega Drive kontsolak. Gaur egun oraindik bizirik dirau, makina horrentzako bideo jokoak egiten dituen garatzaileen komunitateari esker. Tailer batean, Luis Miguel Mayorrek azaldu egingo du zer-nola programatu behar den makina horretarako, C lengoaia erabilita. Horrez gain, bisitariek hainbat bideo joko lehiaketatan parte hartzeko aukera izango dute: Simon edo Crazy Taxi-n, esaterako.

Euskal Encounterrera joaten diren guztiek izango dute zer ikasi, bai eta ekarpenak egiteko modua ere. Aspaldi iritsi zen garai digitalak aukera eta bide berri asko zabaldu ditu. Sormena, aisia eta harremanak egiteko modua bera ere aldatzeraino. Aldaketa horien guztien inguruan sortutako hainbat jakintza eta ikerketa jaso du topaketak, beste urtebetez.