Sarrera libre, baina tiketarekin

Sarrera libre, baina tiketarekin

A. Laskibar – N. Salazar

Gaztelugatxera jotzen duen bisitari kopuruaren igoerak ez du etenik. Game of Thrones telesailaren kapitulu batzuk han filmatu zirenetik, etengabea da mundu osotik iritsitako bisitarien joan-etorria, eta opor garaietan kolapsoak ere ikusi dira. Duela oso gutxira arte lasaia zen inguru horrek ia 400.000 bisitari izan zituen iaz, ekain eta urri bitartean. Azken hilabeteetan, instituzio guztiek azaldu dute biotopo babestua zaintzeko antolatu beharra, eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du neurriak hartuko dituela: azaldu du ez duela sarrera mugatzeko asmorik, kobratzeko aukera baztertu egin du, baina, joan-etorriak kontrolatu nahian, tiket sistema bat jarri du martxan. Bermeoko Udalak elkarlana eskatu dio aldundiari; kronograma eta ekintza plan bat egitea, lankidetza bermatzea eta erakundeen arteko kudeaketa organoa eratzea. Idurre Bideguren alkatea: “Ekimenak era koordinatu batean egin behar dira erakundeen artean, ekimenok eraginkorrak izatea nahi badugu”.

Gaztelugatxera joan nahi duenak lekua gorde beharko du Urizarretako eta Ermuko jaitsieren hasieran jarri dituzten kontrol guneetan. Aurrez ere hartu ahalko dira orduak, Internet bidez. Aldundiaren webgunean Gaztelugatxe atalean sartu, eta bisita zein egunetan eta ordutan egin nahi den zehaztuta, sarrera gorde ahalko da. Kontrol guneetan inprimatutako sarrera edota sakelakoan jasotako erreserba erakutsita egin ahalko da Gaztelugatxeko eskaileretan gorako bidea.

Mugarik ez du jarri aldundiak oraingoz, baina, bisitari gehiegi pilatzen ari direla ikusiz gero, ez du baztertu une batzuetan sarrera eteteko aukera. Aste Santuan hasi zen aldundia bisitarien artean tiketak banatzen, eta, orain, digitalki egiteko aukera ere eskaini du. Orduak erreserbatzeko webgune horretan bertan, Gaztelugatxeri eta inguruari buruzko informazioa ere txertatu du.

Gaztelugatxeren historia

Bermeoko Udalak bisita gidatuak eskainiko ditu, euskaraz eta gazteleraz, doan. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte zabalduko dute Gaztelugatxeko ermita, eta bertan eskainiko dituzte informazio zerbitzua eta bisitok. Eremuaren funtsa ezagutarazi nahi diete bisitariei: “Bere historia eta istorioak, hari lotuta dauden tradizio, jai eta ohiturak, ingurumen balio izugarria, eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskainiko zaie bisitariei”. 11:00etatik 18:00etara izango dira bisitak; jaiegunetan, 11:00etatik 15:00etara.

Turistak Gaztelugatxera eroso hel daitezen, zerbitzu publikoa areagotu du aldundiak. Autoen sarrera mugatua egonik eta garraio publikoa murritza izanik, autobus zerbitzua zabaltzea erabaki du. Bakio eta Bermeo lotzen dituzten autobusek ordu erdiko maiztasuna izango dute egunero, uztail eta abuztuan; baita iraileko larunbat eta igandeetan ere. Bakiotik Bermeorantz 06:45etik aurrera abiatuko dira, ordu erdiro, 21:15 arte, eta Bermeotik Bakiorantz, 07:40 eta 20:40 bitartean.

Administrazio bien arteko elkarlana beharrezkotzat jo du Bermeoko Udalak. Aldundiak Gaztelugatxe kudeatzeko egindako proposamenari 50 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkio. Bidegurenek nabarmendu du biotopoa bermeotarren “historia, tradizio, hizkuntza eta izateko erarekin” lotu behar duela plangintzak.