Mundialaren harira (II)

Igor Elordui Etxebarria

Futbola, politika, morala. Zintzotasun osoz diot: futbolzalea izateak ez du inor baliogabetzen izateko gizartearekin kritiko, injustizien kontra solidario, ideologikoki grinatsu eta intelektualki aktibo. Futbolaren kontrakoa izateak inor gaitzen ez duen bezala. Egia da, hau ere zintzotasun osoz diot, futbolaren ingurumarian topa daitezke egungo jendartearen gauzarik txarrenetako batzuk: merkantilismoa, itxurakeria, indarkeria, matxismoa… Baina, onestasun berarekin, ez al da berdin gertatzen egungo giza adierazpen orotan? Alegia, beste hainbat kiroletan, artean, literaturan, zineman, musikan, hezkuntzan…? Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak idatzi zuen legez, Peñarolen (Uruguaiko talde bat) garaipena ez da ezkerraren porroten erruduna. Galeanok argi zeukan: jarraitzaileak errugabeak gara. Ala, zaleok, zale izate hutsagatik, kontrairaultzaren aldera makurtu al gara? Ez, horixe. Handiagoa bota zuen Albert Camusek, Aljerian jaiotako Nobel saridun frantsesak esan zuenean: Azkenean, futbolari zor diot moralari eta gizakiaren obligazioei buruz ziurtasun handienaz dakidana.

Camus bezala, eta haren garaikide, Aljerian jaio zen Raxid Mekhloufi jokalaria. Frantziarekin 1958ko Munduko Kopa jokatzekoa, bera zen talde hartako izarretako bat. Bada, txapelketa hasi aurretik desertatu egin zuen eta beste kide batzuekin batera Aljeriako Nazio Askapenerako Frontearen futbol-taldea sortu zuen. Galder Reguerak (Hijos del fútbol) kontatzen du behin Raxidekin egoteko aukera izan zuela, eta galdetu ziola ea ez zen damutzen Mundialera joan ez izanaz, bera baino txarragoa zen Just Fontaine baita, Munduko Kopetan, historiako golegile nagusia. Raxiden erantzuna: “Historia? Aljeriako edozein kaletatik nabilenean, gurasoek agurtzen naute eta umeek eskuan musu ematen didate; hori da historiara pasatzea”.

Bada, gaur, Munduko Kopan, Frantzia-Uruguai. Final-laurdenak. Galeanoren (eta Pepe Mujicaren) Uruguairen hintxa bat gehiago naiz gaur. Zergatik? Bada, Jose Mari Pastorrek BERRIAn iragan zapatuan idatzi zuena neure eginez, gaur futbola delako denik eta baliabide indartsuena nazio-estatuen aldeko sentimenduak batzeko eta horien kohesioa sendotzeko. Nolatan egingo dut bat gure etorkizun politiko soziala erabakitzeko eskubidea ukatzen digun estatuaren kirol ordezkariekin? Gaur Uruguairekin noa, aurreko igandean Errusiarekin joan nintzen bezala. Eta niri ere, Pastorri bezala, berdin dit Frantziako selekzioan Didier Deschamps baionarra izatea hautatzailea, Espainiakoan Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezaina egoteak berdin izan didan gisa berean. Erraza da azaltzen. Nik, Euskal Herriko selekzioa ez daukagun bitartean, Frantzia eta Espainiaren aurka jokatuko duten talde guztien alde egingo dut beti, hain zuzen ere, izateko eskubidea ukatzen diguten horiek ordezkatzen dituztelako, besteak beste.

Gora Raxid Mekhloufi eta Gora Uruguai!