Kanpo

Nerea Ibarzabal

Ez dakit planak eta lotura sozialak ofizializatzeko ze bitarteko egongo ote zen lehen; orain Whatsapp taldeak daude. “Ez dakit nork ez dakit zein taldetan sartu zaitu”, abisatzen dizu mugikorrak, eta zuk begi bat erdi itxita eta eskua urrutira luzatuta begiratzeko ohitura hartu duzu jada, presio eltzea zabaltzera zoazenean bezala. Hor hasten da leherketa: “Afaria!!!”, “Aneren despedida!”, “Sagardotegia”, “Josuri sorpresa!”, “—parrandaren batean botatako esaldi epikoren bat, taldeari izenburua emango diona—”.

Batean zazpi partaide, bestean hamabost, bestean lau, beste inor ez momentuz, sar daitezke gehiago administrariek hala nahi izanez gero. Baina hasierakoak horiexek. Eta hementxe hasten da interesgarriena. Barru eta kanpo dikotomia horrek gauza batzuk argi uztera garamatza hasieratik, erdibidekorik ez da onartzen. Bizitzan egon zaitezke gertuago gaur eta urrunago bihar zenbait esparrutatik, baina “urrunago bihar” horrek talde birtualetik kanpo geratzea esan nahi du askotan. Zelan kudeatu hori?

Gure bizitzak elkar uki dezaketen zirkuluz osatuta daude, eta urteek erakusten digute normala dela batzuk gehiago zaintzea beste batzuk baino, ez dela arraroa erlazio berriak sortzea, besteak hoztea… boladaka doala, alegia. Onartzen dugu —edo behar genuke— talde handi baten barruan, kuadrilla batean, adibidez, zirkulu txikiagoak egon daitezkeela, konplizitate maila altuago batek edo elkarrekin yogara joateak eraginda, berdin dio.

Ulertzen dugu lehengusu bazkarietara lau urtean behin baldin bagoaz, eta ez urtero, loturak askatzen joango direla nolabait, eta agian ez gaituztela kontuan hartuko Segurako lehengusinaren despedida prestatzerakoan. Hori dena badakigu eta espero dugu.

Baina bat-batean pertsona batzuen arteko lotura horiek —eta zurekin duten loturarik eza edo lotura ahulagoa— zu ez zauden Whatsapp talde batean gorpuzten direnean, ofizial egiterakoan, arraro senti gaitezke. Bagenekien, baina hala ere; lehen urrun geunden, orain kanpo. Zenbat beldurtzen gaituen hitz horrek, ezta? Gure DNA primitiboak abisatuko baligu bezala arriskutsua dela taldeetatik kanpo geratzea.

Asko dira horrelakoetan sortutako txarto-ulertuak, Whatsappak, iruditxo politak bai, baina hitz gordinak eta biluziak darabiltzalako gure harremanen gestioari dagokionez. Taldea isilarazi, laguna kanporatu, laguna gehitu, laguna blokeatu, laguna ezabatu. Taldetik kanpo edo barruan dago zure lagun hau? Erabaki ezazu orain, ez du balio “batzuetan” batek.

Komunikazio errazetik komunikazio sinplista eta lauegi baterantz ez ote goazen…