Mundialaren harira (I)

Igor Elordui Etxebarria

Lehen Mundu Gerran su-eten ez-ofizial bat egon zen 1914ko Gabonen ingurumarian. Gabon-egunean, Alemaniako Inperioko soldaduak eta soldadu ingelesak beraien lubakietatik irten ziren eta, lurrean botata zeuden alde bietako gorpuak ehortzi eta gero, elkarrekin Gabon-kantak abesten hasi ziren. Hurrengo egunean, Eguberri-egunean, opariak trukatu zituzten eta, diotenez, bi egun geroago, su-zelaia futbol-zelai bihurtu eta futbol-partida bat jokatu zuten. Gerra ez baina, gutun batzuetan jaso denaren arabera, alemanek irabazi omen zuten, hiru eta bi, norgehiagoka hura. Orduan ere bete zen, beraz, Gary Lineker futbolari ingelesak, hirurogeita hamar urte eta Mundu Gerra bat geroago, jaurti zuen sententzia: futbola da hamaika hamaikaren aurka aritzen diren eta beti alemaniarrek irabazten duten kirol bat. Zoritxarrez, su-eten inprobisatuaren ostean Gerrak lau urte gehiago jarraitu zuen.

Egunotan, ondo dakizuenez —”nola ez jakin”, auhen egingo zuen zuotako askok—, Errusiako Munduko Kopa jokatzen ari dira munduko 32 estatutako futbol-selekzioak. Hara begira dago munduaren zati handi bat, baina ez dago, inon, ezelango tregoarik: segitzen dute gerrek, atentatuek, liskarrek… jarraitzen du goseak, pobreziak, injustiziak… Oraindik ere itotzen dira itsasoan horietatik ihesi doazen pertsonak… Eta bien bitartean, futbol-txapelketarako atondutako zelai dotoreetako palkoetan, badakuskigu Putin, Merkel, Macron, Saudi Arabiako erregea…

Amorragarria da ikustea futbola, hein handi batean, zer bihurtu duten; hau da, negozioa, batez ere; eta, kasu honetan, geopolitika. Ez da oraingo kontua, ordea. Eduardo Galeanoren El Fútbol a sol y a sombra liburu guztiz gomendagarrian hainbat kontu ageri dira: Italiak 1934ko eta 1938ko Munduko Futbol Txapelketak aberriaren eta Mussoliniren izenean irabazi zituen, eta jokalariek Italia goratzen eta agur faxista egiten hasten eta amaitzen zituzten partidak. 1954ko Mundialean, Suitzan, finalean Hungariak Brasil hartu zuen mendean. Bada, Brasileko ordezkariek arbitroa —ingelesa bera— salatu zuten FIFAren aurrean, “Mendebaldeko zibilizazioaren aurka, kristautasunaren aurka, eta nazioarteko komunismoaren alde egin zuelako”. Zer esanik ez, Argentinan jokatu zen 1978ko Munduko Kopakoa. Videla diktadoreak Joao Havelange (orduko FIFAko presidentea) kondekoratu zuen. Eta Argentinak Kopa eskuratzen zuen aldi berean, atxilotuak torturatzen eta erailtzen ziharduten Armadaren Mekanika-Eskolan, Auschwitz argentinarrean.

Eta, hala eta guztiz ere, zera diot, hori guztia joko zoragarri baten ifrentzua dela. Kontraesanak kontraesan, futbolak bere baitan gordetzen du oraindik sortu zeneko bulkada, alegia, jokoa Ingalaterrako college-etatik irtenarazi eta langile-klaseak kirol hura beretzat hartzea eragin zuena. Bai eta Lehen Mundu Gerrako 1914ko su-etenean soldaduak baloia hartzera bultzatu zuena.