Bi plater mota mahai bakarrean

Bi plater mota mahai bakarrean

Peru Azpillaga

Suak piztu, eta borborka hasi da lapikoetako ura. Kalean zehar barreiatutako sukalde inprobisatuak jendez lepo daude. Txoko guztietatik irteten den lurrinak dantzan jarri ditu munduko arrozei darizkien hamaika usainak. Kolorea eta zaporea dira nagusi Bilboko San Frantzisko auzoan. Jatorri desberdineko lagunek, beren jantzi eta arropekin emandako kolorea. Hamaika kultura desberdinetako pertsonek kozinatutako platerek sortutako zaporea. Bihar egingo den Munduko Arrozak festa da. Urteak joan, urteak etorri, San Frantzisko auzoko plaza mukuru bete eta Bilboko erdigune bilakatzen den eguna.

Orain dela hamabost urte auzoan bertan jaiotako egitasmoa da Munduko Arrozak; Euskal Herriko auzo pluralenetariko batetik abiatuta, arraza eta kultura mota guztietako jendea batzen dituen herri bazkari erraldoia. Hamabosgarrena izango da aurten. Bertan, jada izena eman duten 3.600 lagun arituko dira sukaldean; egunean bertan muntatutako haimen azpian, bakoitzak etxetik ekarritako lanabes eta jakiz hornituta.

Inor itxaron gabe jaio zen Munduko Arrozak, eta autogestioaren bidez egin du bidea urte hauetan guztietan. Inongo laguntzarik jaso gabe, hainbat eragile eta pertsonaren ekarpenari esker sortutako eguna da. Bakoitzak bere alea jarriz eraikitako eguna. Horri esker, mundu osoko kulturak batzen dituen egitaraua osatzen dute urtero: danborrak eta jantzi tradizionalak, musika eta dantza, espeziak eta errezetak… pertsona orok du lekua aniztasunaren aldeko jaian.

Urteak era arrakastatsuan kateatu ostean, gainera, Bizkaiko beste txoko batzuetara ere hedatu da San Frantzisko auzoan sortutako herri ekimena. Durango, Gernika, Getxo… hainbat izan dira dinamika haien herrietara eramatea erabaki dutenak. Janariaren bidez ere kulturen arteko hesiak eraitsi daitezkeen seinale. Azken finean, hori baita Munduko Arrozen helburua: pertsonen jatorria edozein izanda ere, plater baten inguruan batzea, harremanak sustatu eta elkarbizitza sortzeko; sabelekin batera, gizarteko hutsuneak betez.

Izan ere, festa izateaz gain, aldarrikapenerako eguna ere bada Munduko Arrozak. Marjinatuta eta ahaztuta egon den auzo eta komunitate zabal eta plural baten aldarrikapen eguna. Beste hiri eta gizarte eredu bat posible dela helarazten duen bizikidetza eguna: “Kaleak okupatu eta berreskuratu nahi ditugu, instituzioetatik gure auzoak jasan duen bazterkeria salatu eta jatorri desberdineko pertsonen bizikidetza aldarrikatuz”, adierazi dute antolatzaileek. Hori da, hain zuzen ere, aurtengo leloak dakarren aldarria: Reclaim/Okupatu/Participa.

Munduko jatetxerik onenak

Aurten, ordea, Munduko Arrozak ez da asteburu honetan gastronomiarekin zerikusia izango duen ekitaldi bakarra. Ingelesez ere mintzatzen den beste egitasmo baten lekuko izango baita Bilbo: The World’s 50 Best Restaurants. Hots, munduko 50 jatetxe onenen sarien plaza izango da Bizkaiko hiriburua. Gastronomiaren munduko “oskarrak” bezala ezaguna da ekitaldia, eta munduko sukaldari onenak bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan; bihar hasita, ekainaren 19ra arte —egun horretan, 50 jatetxe onenen sari banaketa egingo dute Bilboko Euskalduna jauregian—.

Sukaldaritzako izarrek goi mailako hartzaile gutxi batzuei begira egingo dituzten ekitaldi horiez gain, zenbait herritarrek parte hartzeko egitaraua ere antolatu dute. Sukaldearen munduari lotutako fan zone bat jarriko dute asteburuan, Abandoibarra inguruan, adin guztientzat pentsatutako egitarauarekin. Parte hartzaile kopurua, ordea, mugatua izango da.

Aipatzekoa da 50 jatetxe onenen egitasmoaren antolakuntzak 50. postutik 100.era bitartean geratu diren jatetxeen berri eman zuela aperitibo moduan orain dela pare bat egun. Bertan, hiru euskal jatetxe ageri dira: Nerua, Elkano eta Martin Berasategiren jatetxea.

Bi plater, bi janari. Mundu guztiko mahaikideak bilduko dira Bilboko mahaira asteburuan. Batzuek gastronomiaren munduko plater gorenak dastatu eta puntako teknikak izango dituzte eztabaidagai. Besteek, lagunez inguratuta, bapo jango dute kalean kulturen arteko harremana sustatu eta adiskideak eginez.