Erresistentziaren behatxuloak

Erresistentziaren behatxuloak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ikusmen zorrotzekoa zela diote ezagutu zutenek; ameslaria zela, bere heriotza aurrez ikusteraino. “Ezaguna da denentzat nekez bukatuko dugula 1968. urtea hilen bat izan gabe”. Txabi Etxebarrietak idatzi zituen hitzok, 1968ko Aberri Egunaren testuinguruan ETAk kaleratutako agiri batean. Iragarritakoa bete zen handik gutxira, urte hartako ekainaren 7an zendu baitzen Etxebarrieta. ETAren eta Euskal Herriaren historian mugarritzat jo da 1968ko ekaineko gertakari hura, ziklo armatuaren abiapuntutzat jotzen baita. Norabide bikoitzekoa izan zen tiroketa: Guardia Zibilak hil zuen lehen etakidea izan zen Etxebarrieta; eta, aldi berean, Etxebarrietak berak egin zuen ETAren lehen hilketa.

“Lehengo batean, kalearen erdian Benta-Handi erdian, Xabier anaia, hil zuten”, abestu zion, gerora, Telesforo Monzonek. Frankismoaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zen Etxebarrieta, eta hala mantendu da Euskal Herriko oroimen kolektiboan. Etxebarrieta Memoria elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu azken asteetan, 1968ko belaunaldi hura omentzeko.

Atzo bertan, lore eskaintza egin zioten Etxebarrietari Derioko hilerrian; hain zuzen, 1968ko ekainaren 7tik mende erdia igaro denean. Ezbairik gabe, testuinguru berezian egin dituzte Etxebarrieta omentzeko ekitaldiak, maiatzean jakinarazi baitzuen ETAk “bere egitura guztiak erabat desegin” dituela, eta “bere ekinbide politikoa bukatutzat” jo duela. 23 urte zituela hil zen Etxebarrieta, baina itzal luzea utzi du. “Txabi lider bat baino gehiago izan zen, lider atsegina izan zen. Ez kalkulu hutsagatik edo atsegin agertu nahiagatik, baizik eta biziki bihozbera zelako”. Hala deskribatu zuen Jose Antonio Etxebarrietak anaia, hil ondorenetan. Anaia nagusiak eragin sakona izan zuen Txabi Etebarrietaren pentsamendu politikoan. EGIko kidea izan zen Jose Antonio Etxebarrieta, baina, EAJko zuzendaritzarekin izandako gatazken ondoren, ETAn sartu zen. Ibilbide horrek zuzenean eragin zuen Txabirengan.

Bigarren Mundu Gerra bukatzeko urtebete falta zela eta frankismo betean murgilduta, 1944ko urriaren 14an jaio zen Txabi Etxebarrieta, Bilboko Abando auzoan, lau anai-arrebaren arteko hirugarrena. 13 urterekin hil zitzaien aita, eta amak, Bilboko Udalean zuen lanaren bidez, seme-alabek ikasketak izan zitzaten ahaleginak egin zituen.

Bilboko Eskolapioetan egin zituzten Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak etxebarrietatarrek; hain justu, Francoren erregimenaren aurkako jarrera edukitzeagatik ezaguna zen ikastetxean. Zientzia Ekonomikoko ikasketak egin zituen gerora: Elkano kaleko eskolan lehenik; Sarrikoko fakultatean gero.

Politika eta poesia

Unibertsitatean saretutako harremanek eragin zuzena izan zuten Etxebarrietaren pentsamendu eta jardunean, baina, politikagintza ez ezik, literatura eta zinema zituen gustuko. Horren adibide da bilbotarrak utzitako poesia sorta. Jardun politikoagatik ezagun egin bazen ere, gutxiago ezagutzen da hark utzitako ekoizpen literarioa. Whitman, Neruda, Blas de Otero, Dostoievski eta Shakespeare zalea zen. Hark idatzitako zenbait poema bildu zituen Jose Maria Lorenzo Espinosa historialari eta idazleak 1969. urtean, Txabi Etxebarrieta. Poesía y otros escritos. 1961-1967 liburuan. Gaztelaniaz idatzi zuen Etxebarrietak. Euskara ulertzen zuen, eta, ikasten ibili zen arren, ez zuen menperatzen. Oraindik ere euskaratu gabe dago haren lana.

“Zentzugabea da txoriek hegaz egitea, / eta arrain urdinek igeri egitea / zentzugabea da bizitzea, legez, hiltzen garenok”. 1961eko ekainaren 4ko data du poema horrek, eta Ruido de la vida izeneko liburuan bildu zuen, 1962ra bitarte idatzitako beste hainbat poemarekin batera. German Etxebarria unibertsitateko lagunari eskaini zion orduko lan hura, orduko garaiek berarengan izan zuten aztarnaren seinale.

Unibertsitateko egutegiaren erritmoa dute Etxebarrietaren hasierako poemek, Lorenzoren arabera. Opor sasoian idatzita daude gehienak, eta, udazkena eta negua iritsi ahala, sorkuntza moteldu zuela azpimarratu du historialariak. Hil zuten arte idazten jarraitu zuen; eta, era batean edo bestean, bere bizitzaren azken zortzi urteen biografiaren erakusle izan daitezke idatzita utzi dituen letrak.

Mugarri izan ziren teoriak

1963. urtea mugarria izan zen Etxebarrietaren bizitzan. Voces de amianto y calma izeneko olerki bilduma osatu zuen urte hartan. Anaia Jose Antoniok hiru urtez ohean utziko zuen eritasuna hartu zuen irailean. ETAren bileretan parte hartzeko zuen ezintasuna zela eta, Txabik ordezkatu zuen ETAko hainbat bileratan, harik eta azaroan taldean sartzea erabaki zuen arte.

Bien bitartean, unibertsitatean aktibista nabarmena zen Etxebarrieta. Bartzelona, Madril eta Bilboko Zientzia Ekonomikoetako fakultateetan SEU ikasle sindikatu falangistaren aurkako mobilizazioak izan ziren 1963-64ko ikasturtean. Bizkaiko hiriburuko unibertsitateko protestetan, Etxebarrieta aritu zen gidari. Hitz egiteko eta ingurukoak konbentzitzeko zuen gaitasunagatik nabarmendu zen. Facultad eta Sarrico izeneko ikasle aldizkarietan ere idazle aritu zen, eta azken horren zuzendari izendatu zuten. Artean, ez zuen ardurarik ETAn.

Zibernetika ikastaroak eman eta etxean eta akademia batean klaseak ematen ibili zen lizentziatu ondoren; militantziaren hastapenekin uztartu zituen irakasle lanak. “Nire herriaren tristurak / ibai emaritsu bat balitzan / itotzen dizkit erraiak“. 1964an Adonais Olerki Sarian aurkeztutako En pie de pensamiento poemaren azken lerroak dira horiek. 20 urte zituen orduan, eta ETAn gero eta indar handiagoz entzuten zen Etxebarrieta anaien ahotsa. Hirugarren olerki bilduma osatzearekin batera murgildu zen ETAren jarduera aktiboan: 1966an ondu zuen Las Turbias potestades bilduma. Urte bereko abenduan egin zen ETAren V. biltzarraren lehen zatia.

1966 eta 1967 bitarteko V. biltzarra gakoa izan zen: bertan erabaki zuen ETAk ziklo armatu iraultzailea praktikara eramatea, Euskal Herriaren errealitate politiko eta soziala erabat aldatuz. Etxebarrietak teoria politiko iraultzailea landu zuen anaiarekin batera, “askapen nazional eta soziala” oinarri gisa hartuz, “ekintza-errepresioa-ekintza” espirala martxan jarriz. Harena da subjektu politikoa izendatzeko Euskal Herri langilea kontzeptua ere. V. batzarrean nagusitutako ikuspegiak haustura ekarri zuen ETAren lehen belaunaldiko hainbat kiderekin. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k, adibidez, orduan utzi zuen ETA, ez baitzuen bortizkeriaren espiralean sinesten.

Kubako iraultza, Aljerko gerra, Txinako Mao Zedongen Iraultza Kulturala… Urte haietan testuinguru berezia zegoen mundu osoko askapen mugimenduei zegokienez, eta eragin nabarmena izan zuen horrek Etxebarrietaren pentsamenduan. Bilkuraren ondoren, ETAren batzorde exekutiboko kide izendatu zuten. 1967a zen. Ekintza armatua areagotu zen, eta errepresio giroa nabarmena zen. Etxebarrietak berak ihes egitea lortu zuen 1967ko azaroaren 7an Derion Poliziarekin izandako tiroketa batetik. Sasian zegoen ordutik.

Urte hartako urriaren 10ean idatzi zuen azken poema. “Amorruz desagerraraziko nituzke gure bizitzak / gorpuen joate izugarrira / non zu maitatzeak estaliko ninduen / itsasoak bere burua estaltzen duen bezala, erabat. / Arratsaldearen mugak ez dira / itsasbazterraren zabalera baino ez”. 1967 arteko sorkuntzak Versos sueltos bilduman daude jasota, Lorenzoren liburuan.

Hil zuten lehen etakidea

1968ko ekainaren 7an hitzordua zuen Beasainen (Gipuzkoa), Jokin Gorostidi ETAko kidearekin. Iñaki Sarasketarekin zihoan, lapurtutako Seat 850 Coupe batean. Adunatik Villabonara doan errepidean, bi guardia zibilek etakideen autoa geldiarazi zuten. Poliziak lapurtutako autoa zela konturatzean, guardia baten kontra egin zuen tiro Etxebarrietak: Jose Pardines izena zuen, eta bertan hil zen. Ihes egin, eta hainbat orduz Tolosako etxe batean ezkutatuta egon ziren. Ondoren, herritik irteteko saiakera egin zuten etakide biek. Baina Benta Haundin, Guardia Zibilaren kontrol batean, Etxebarrieta harrapatu, lurrera bota, eta tiroz hil zuten. 23 urte zituen orduan bilbotarrak. Sarasketak ihes egitea lortu zuen; Errezilgo elizan ezkutatu zen, harik eta biharamunean Poliziak atzeman zuen arte.

Kate luze baten lehen begia izan zen Etxebarrietaren hilketa: hainbat tokitan hileta jendetsuak egin zituzten bilbotarraren omenez, eta hamaika mobilizazio antolatu ziren gertakaria salatzeko. Baina ekitaldien kontrako polizia jazarpena ere berehalakoa izan zen. Gipuzkoako Arantzazuko hamalau apostoluen gainean dagoen Pietatea bukatzen ari zen Jorge Oteiza eskultorea Etxebarrieta hil zenean, eta, diotenez, hari eskaini zion 1968an pieza. “Seme hila, amaren oinetan, hau zerura begira dagoela, erreguka…”.

ETAk Gure reboluzioaren lenengo martiria izeneko eskupapera kaleratu zuen bere lehen militante hila gogoratzeko. Hala zioen: “Intelektual baten erreboluzio bide bakarra, herrian egotea zela, eta beragaz batean eta bertatik jazita jokatzea zela ikusi eban; faxista biolentziak uzten digun bide bakarra. Herriagaz guztiz bat egin zen, beste dena, bere nahiez, alde batera itxita, bere bizitza ere bai”. Bi hilabete eskasera hil zuen ETAk Meliton Manzanas, Espainiako poliziaburua. Aurrez prestatutako ETAren lehen ekintza armatua izan zen ordukoa. Francisco Franco diktadorearen agindupean atxilotuen aurka erabilitako tortura metodoengatik ezaguna zen Manzanas, eta “torturatzailea” izatea egotzita hil zuten.

Frankismo garaian sortu zen, eta frankismoa borrokatu zuen Txabi Etxebarrietak. Erresistentziaren ikur da horregatik.