Entrenamendua

Nerea Ibarzabal

Argi daukat noizbait umerik izatekotan aisialdirako zeregin serioak bilatu behar ditudala aurretik”. Hori edo antzerako zerbait —hitz zehatzak ez baititut oroitzen ajearen ondorioz, nire aisialdia oraindik serioa ez den seinale— esan zigun lagun batek Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa ikustetik bueltan.

Inguruko beste neska talde batzuetan ere sarri aipatutako gaia da aisialdiaren kudeaketarena, kirola egitea eta kirol-probetan parte hartzea geroz eta hedatuago dagoen honetan batez ere. Haurrik gabe norbere aisialdia errespetatzea eta errespetaraztea zaila baldin bada, zer ote da guraso izan ondoren!

Horregatik aipatzen zuen gure lagunak zeregin “serioen” kontua, errazagoa baita zure denbora tarteak kontuan har ditzaten lortzea egiten duzun hori entrenamendu/entsegu bat bada, ezinbestekoa, jendaurreko proba baterako prestatuko zaituena —eta, tartean lehia badago, oraindik hobeto—. Edo, ustekabe baten ondorioz, zer utziko zenuke bertan behera lehenago: futboleko entrenamendua ekipokoekin, edo zerbeza bat zeure lagun batekin? Argi dago, ezta? Biak dira aisialdi, baina batean dagoen konpromiso maila altuagoa da, nahiz eta agian zuk zerbeza hori munduan beste ezer baino gehiago behar izan.

Familia bakoitza kasu bat izango da, baina zenbakiak zenbakiak dira oraindik. Emakumeok ez dugu osatzen taldekako kiroletan urteetan jarraikortasunez dabiltzanen gehiengoa, ezta kirol-probetako izen-emateena ere. Tamalez ez dira ohikoak amatxo txirrindulari taldeak errepideetan igandero —kirol bat aipatzearren—, edo aitatxo uholdeak bide ertzetan karro eta umeak hartuta ama animatzen —bai, noski, batzuk badirena, baina ez ausartu kopuruak konparatzera—. Gero gainera entzun egin behar ea Lilatoian zergatik ezin duten parte hartu.

Horregatik pentsatzen dut beti txarto aitatxoen podiumetako argazki hunkigarriak ikusten ditudanean, irribarretsu, bi ume besoetan hartuta; sentitzen dut, askotan ez dute mereziko zalantzan jartzea, baina, portadetan agertzen ez diren beste aldeko argazki gehiegi ikusi ditudalako edo, beti egiten ditut galdera berberak. Nork zaindu ote ditu ume horiek aitaren entrenamendu orduetan? Nor atera da galtzen aisialdiaren negoziazioan?

Esanguratsua da honetarako prestatu behar izatea, urrutitik usaintzea amaren aisialdia aitarena baino gehiago kuestionatuko dela, eta argudioz hornitu behar izatea gaurdanik. Buruari bueltaka ibili naiz, eta, momentuz, “seriotzat” hartuko diren nire balizko aisialdi aukerak hauek dira: musika banda, zumba, bertsolari eta txintxon txapelketak, txakur lasterketak, hitz-joko lehiaketak, janari kiloak denbora tarte batean jateko norgehiagokak.

Edo hori, edo lagun batekin zerbeza bat hartzearen seriotasuna defendatzea hil arte.