Analisia: Etapa berri bat idazteko beharra

Beñat Zarrabeitia

Bilbo Basketek maila galdu du. Azkenaurren sailkatu da, eta, bulegoetan bestelakorik gertatzen ez bada, klubak Urrezko LEB txapelketan jokatu beharko du. Egoera horrek auzitan jartzen du Bilbo Basketen bideragarritasuna, desagerpenaren mamua mahai gainean kokatzeraino. Horiek horrela, partidaro Miribillan milaka zale biltzen direla aintzat hartuta, hausnarketa prozesu sakon bati ekitea komeni da. Hiriak saskibaloi talde bat nahi eta behar du, baina orain arteko eredutik urruti.

Kirol alorrean, hainbat izan daitezke sailkapenaren behealdean egotearen arrazoiak. Izan ere, RetaBet bezalako babesle bat ziurtatu arren, urteetan pilatutako zorrak, Gorka Arrinda jaun eta jabe zen garaietatik jasotako kontratuek eta diru publikoaren iturria itxi izanak altxortegian eragin dute. Taldeak hiru entrenatzaile izan ditu —Durán, Mrsic eta Lakovic—, jokalarien artean kiderik garrantzitsuenak beteranoak dira, eta mundu osotik ekarritako jokalariek ez dute maila eman.

Sarri, kantxan ikusten dena bulegoetan gertatzen denaren ispilu da. Azken urteetan, ezegonkortasuna nagusitu da. Zuzendaritza batzordean aldaketa sakonak egon dira, erakundeetatik —aldunditik bereziki— gertu egon litezkeen pertsonen etorrerarekin edo saskibaloiarekin lotura zuzena duten pertsonak txertatuz. Berandu, proiektuaren oinarriak erabat kaltetuta zeudelako. Eta, aurrerantzean ere, aldaketa gehiago egotea ezinbestekoa izango da. Proiektuak berak iraganarekin apurketa orokorra egin behar duelako, birsortu, egoera berrira moldatu eta sinbologia berria asmatu.

Saskibaloian tradizio handiko hiria da Bilbo. Escolapios, Unamuno eta Jesuitak ikastetxeak, Aguilas talde mitikoa, Luis Knorr ugazaba gasteiztarrak KAS taldea Arabatik Bizkaira ekarri zuen garaia, eta laurogeiko hamarkadan Joxean Figueroak zuzentzen zuen CajaBilbao hura. 1994a urte mugarri gisa defini liteke. Izan ere, orduko Bigarren Mailan hiru denboraldi igaro ostean, CajaBilbaok ACB Ligarako txartela eskuratu zuen berriro ere. Baina, kantxan lortutakoa bulegoetan galdu zuen, eta taldea desegin egin zen. BBK-k Arrinda familiarekiko zuen mesfidantzak zerikusi zuzena izan zuen. Bilbo goi mailako saskibaloirik gabe geratu zen.

Espainiako federazioak ACB-ren azpitik zeuden txapelketak berregituratu ostean, Zilarrezko LEB Liga sortu zen. Gorka Arrinda kirol enpresariaren eskutik, Bilbo Basket taldea sortu zen. Kirol lorpenak eskuratzen hasi zen apurka, Javi Salgado eta Txus Vidorretaren ezinbesteko parte hartzearekin, 2004an ACBra igotzea lortu zuen arte. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak txapelketan aritzeko ordainsaria pagatzen lagundu zuten, eta Lagun Aro aseguru-etxea babesle nagusi gisa sartu zen.

Hiru urtez mailari larri eutsi ostean, klubaren norabidea goitik behera aldatu zen 2007an: interes ekonomiko eta politikoak nahastu zituen mugimendua. Jabyer Fernandez enpresariak, Afer taldearen baitako markekin, Kaiku trainerua eta Bilbo Basket babestu zituen, eta Fernando Garcia Macuaren abal ekonomikoa jarri zuen Athleticeko hauteskundeetan. Operazioak Jabyer, Arrinda eta Garcia Macuaren izenak batu zituen, orduko arduradun politiko batzuen oniritziaz.

Hauts haietatik, egungo lokatzak. Inbertsio ekonomiko handiak, goi mailako jokalarien etorrera, Casillatik BECera eta handik Miribillara egindako jauzia… Beheko postuetan zegoen talde bat izatetik, play-off-etan txertatuta zegoen talde bat bilakatzera. Burbuilaren garaiak ziren, eta, Afer taldearen gainbeherarekin, Iurbentiaren babesletza erori zen. Hala ere, erakunde publikoek lekukoa hartu eta diru ekarpen handiak egin zituzten. Bitartean, 2011ko ACB Ligako finala, Euroligan parte hartzea, 2013an jokatutako Eurokopako final hura eta, urte horretan bertan, NBAko Philadelphia 76ers taldearen aurkako lagun arteko partida. B aldean, zor jasangaitza eta erraien kutsatzea.

Uxue, Dominion, Wisekey edo Grescrap bezalako babesle ez-iraunkorrak, Arrindaren irteera eta erakundeen argi berdearekin bulegoetan sartutako beltzezko gizon berriak. Egunerokoa iraupenean oinarritu da. Gureak gurekin bezalako ekinbideekin, euskal jokalari gazteak erakartzen saiatu da. Izan ere, beste gabezia nagusietako bat harrobiko egitura sendo bat osatu ez izana da. Hainbat dira AEBetara nahiz Real Madril, Bartzelona edo Joventuteko harrobietara joandako bizkaitar gazteak.

Horiek horrela, Urrezko LEB Ligan abiatuta edo ACBn mantentzeko karanbola suertatuz gero, aurrekontu mugatuarekin, identitate berri bat eraiki behar da. Etxeko jokalari gazteekin —Mendikote, Zubizarreta eta Mendia—, Salgadoren azken ahaleginarekin, Jorge Bilbao, Ander Perez, Olaizola edo Zengotitabengoa berreskuratu eta atzerritarrekin asmatuz. Aulkiari dagokionez, datorren denboraldian bost euskal entrenatzaile ari daitezke ACB Ligan (Laso, Vidorreta, Cuspinera, Navarro eta Lezkano); beraz, talentua badago. Bide eman behar zaio.

Katarsi guztiek hutsetik hasteko aukera ematen dute, hautsa, mamuak eta iraganeko zama astunak gainetik kenduz. Zorrak hor jarraituko du, baina egitura bideragarri bat osatzen ahalegindu beharra dago. Hiriak saskibaloi gosea duen heinean, aurreko akatsak errepikatuko ez dituen bermea izango duen proiektu berregokitua behar da. Harrobiko lana oinarri izango duena, handikeria edo burbuiletatik kanpo arituko dena, jendartearen sektore eta zale berriak erakarriko dituena.