2.700 karaktere

Igor Elordui Etxebarria

Zeri buruz idatzi erabakitzea izaten da hamabostean behineko kezkatako bat. Luze egiten dira 2.700 karaktere zeri buruz idatzi ez dakizunean. Ostera, sarritan, labur geratzen dira gauza bati buruz horrenbeste esateko daukazula irizten diozunean. Gaitza da gaiak ez errepikatzea, eta gaitza da, halaber, honezkero milaka eta milaka berba eragin duen aferaren bati buruzko argi-printza berri bat ematea. Horrez gain, nor naiz ni, zer naiz ni, iritzilari profesionalen iritzitegi emankorrean? Ezerez bat. Ez naiz ez ekologista, ez internazionalista, ez feminista, ez analista… Pentsa, bertsolaria ere ez! Euskara irakaslea, euskara irakasten dudanez gero; baina Euskal Herrian garen aitorpen bako milaka horien artean bat. Eta kazetaria, lizentziaduna naizenez gero. Egia esan, kazetaria banaiz ez da ikasitakoagatik, ez bada gaur egun kazetari izatea merke, merkeegi, erosten delako. Berrogeitaka urteko gizon ezkondua, alaba baten aita, eta futbolzalea. Hitz bitan: sinpleegia, akaso. Zer zorroztasun eska dakidake halako curriculumarekin? (1.059 karaktere).

Egia esan, gustura egingo nukeen gai potolo horietako bati buruzko hausnarketa sakona, ETAren armagabetzea, esaterako; baina sentipena daukat esan beharreko guztiak esanda daudela honezkero; nik egingo nukeen gisara baino askoz hobeto, gainera. Edo gustura azalduko nizkizuekeen, argi egiten baneki, EAJren, PPren aurrekontuen, Kataluniako egoeraren eta 155.aren arteko loturak. Aurrekoaren haritik, aitzakia hartuta Pablo Iglesias eta Irene Monteroren txaleta, esaten denaren eta egiten denaren arteko aldeaz gogoeta zolia egingo nukeen, pozik egin ere, egiten jakinez gero. Egingo nukeen beste gauza bat, ideiak maisuki lotzen asmatuko banu, zera da: Bizitza Da Handiena kanpainaren berri eman, borroka soziala goratu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bosgarren urteurrena gogoratu eta biharko pentsiodunen manifestaziora deitu (Karta osatzen duten eragileek egin dute hori). Bestela, gustatuko litzaidake, lagun baten amaren heriotza goiztiarra dela eta, bizitzaren gazi-gozoez eta heriotzaren halabeharraz luze bezain dotore idazten jakin. Baina, bertsolaria ez eze, poeta ere ez naiz (2.175 karaktere).

Zer egingo diogu, bada! Hori dena eta gehiago egingo nukeen, abilezia handiagoa eta tarte luzeagoa banitu. Hurkook, hauxe gaia edo beste hori hautatu beharko nukeela esaten didazuenok, piper eta gatza botatzeko eskatzen didazuenok: azaldu dizuet zein nekeza den batzuetan gai bakarra aukeratu eta berau taxuz garatzea 2.700 karakteretan. Har egizue aitorpena onean: mintzagai bakarra ezin hautatu eta, sinple-sinple bada ere, hainbat doaz gaurkoan. Hori bai, karaktere kopurua zorrotz betez. (2.700 karaktere).