Eztabaidaren autobidean

Eztabaidaren autobidean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bada Bilboko hegoaldeko saihesbideari buruzko uste orokortu bat: orientazioa galdu duenak edo nahasita sartzen denak soilik erabiltzen duela; hutsik dagoen errepidea dela, alegia. Hasieratik bertatik, eztabaida handia piztu zuen Supersur ezizenez ezaguna den azpiegitura horrek: obraren beharraz gain, errepidearen bideragarritasun ekonomikoa behin eta berriz jarri zen ezbaian. Eztabaidak eztabaida, 2011ko irailean inauguratu zuten saihesbidearen 1.A fasea: Trapagaran eta Bilboko Larraskitu auzoa batzen dituen bidea, 17,8 kilometro luze dena. Egitasmo oso baten lehen zatia baino ez da hori, beste lau luzapen aurreikusten baititu hasierako proiektuak. Bada, joan den astean baieztatu zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak 1.B fasea eraikitzen hasiko direla aurten. Saihesbidea AP-68 autobidearekin lotuko dute horrela. Bolintxuko naturgune babestuaren gainetik igaroko da bidea. Saihesbidearen bideragarritasun eta beharrari buruzko eztabaida mahai gainean dago berriz.

Joan den ostegunean eman zuten azpiegituraren berri, Getxo eta Portugalete lurpetik lotzeko egitasmoa aurkeztearekin batera, eta hurrengo egunean bertan adjudikatu zituzten eraikuntza lanak. Rementeriak emandako azalpenen arabera, urtea bukatu baino lehen hasiko dira lanean. 4,5 kilometroko errepide zatia da, eta Bilboko Peñascal auzora iristen den saihesbidea Arrigorriagako Venta Alta eremuarekin lotuko dute: Bilboko hegoaldeko saihesbidea eta AP-68a konektatuko ditu obrak.

Lurpetik eta zubibideetatik igaroko da errepide gehiena. Peñascaleko bidesarietatik Arnotegi mendiaren gibelera egingo du: 1.750 metroko tunela egingo dute horretarako. Bolintxuko naturgune babestuaren gainetik igaroko da gero. Ingurune kalteak “saihesteko”, zutarririk gabeko 220 metroko zubibidea eraikiko dute. Airetik lurpera egingo du gero, Arrigorriagako Seberetxe auzora iristen den 528 metroko tunelaren bidez. Bertan elkartuko da AP-68 autobidearekin. Orotara, 200 milioi euro jarriko dituzte lanetarako.

“Zentzua” saihesbideari

Aldundiaren arabera, Bilboko hegoaldeko saihesbideari “zentzua” emango lioke 1.B zatia eraikitzeak. Itsasadarraren bi ertzak lurpetik batzeko proiektuarekin batera, Bizkaiko hiriburuaren inguruko trafikoa arinduko lukeela uste baitu. Hau da, gaur egun A-8 errepidea erabiltzen duten ibilgailuetako batzuek Bilboko hegoaldeko saihesbidea erabiliko dutela uste du diputazioak. Aurreikuspena ere egin du Rementeriak: saihesbidearen 1.B fasea bukatzean errepideak 24.000 erabiltzaile izango dituela iragarri du.

Baina aurrekalkulu horiek guztiak okerrak izan daitezkeela erakusten dute Bilboko hegoaldeko saihesbideak ireki zenetik hona jaso dituen datuek. 2004an, saihesbidearen lanak hasi aurretik, hala jaso zuen aldundiak, Bizkaiko Errepideen Lurraldeko Plan Sektoriala aldatzeko plangintzan: “2015. urteari begira, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearen lehen fase osoa zerbitzuan jarrita, 42.000 ibilgailu inguruk egunero erabiliko dutela aurreikusten da”.

Oker zebilen. Aldundiak kaleratutako azken datuen arabera, batez bestean, 10.755 ibilgailuk erabili dute bide hori 2016. urtean. Hortaz, hasieran egindako aurreikuspenen laurdenera ere ez da iristen erabiltzaile kopurua. Bada, Rementeriaren hitzetan, 1.B fasea bukatuta, bikoiztu egingo da gaur egun duen erabilera, 24.000ra iristeraino.

Erabiltzaileak gehitzeko saiakera horretan hainbat urrats egin ditu aldundiak azken hilabeteetan. 1.B faseko lanak iragarri aurretik, hitzarmena sinatu zuten Interbiak Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko sozietateak eta Bilboko Portuak. Zehazki, Bilboko portua helmugatzat duten ibilgailuek saihesbidea erabil dezaten adostu zuten joan den apirilean, eta, bide horretan, 100.000 euroko laguntza ekonomikoa emango die diputazioak urtero.

Saihesbidea eraikitzeko arrazoien artean, Bilbo inguruko errepideetako ibilgailu astunen trafikoa hartzea azaltzen zen. Baina, bidesaria saihesteagatik, Txorierriko igarobidea ala Barazarko mendatea erabiltzen dituzte ibilgailu astunetako gidariek gaur egun. Horiek guztiak Bilboko hegoaldeko saihesbidera bideratu nahi ditu orain aldundiak. Hala ere, ibilgailu astunen trafikoaren bilakaera aztertuz gero, Bizkaiko errepide sarean gero eta kamioi gutxiago dagoela nabari da: aldundiak kaleratutako datuen arabera, 2011tik 2016ra bitarte %2,4 egin du behera ibilgailu astunen trafikoak.

Saihesbidearen lehen zatia gauzatu aurretik, ibilgailu astunen aurreikuspena ere jaso zuen aldundiak 2004ko txostenean: 10.476 kamioi aurreikusten zituzten 2015. urterako. Bada, finkatutako helburutik urrun daude datu errealak: aldundiaren arabera, batez beste, egunero 2.514 ibilgailu astunek erabili dute saihesbidea 2016an.

“Ez ditu helburuak beteko”

Kike Antolin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Ekologistak Martxan plataformako kideak argi dio: “Bilboko hegoaldeko saihesbideak ez ditu helburuak bete, ezta beteko ere”. Urrunago ere jo du. “Proiektua aurkeztu zutenean bazekiten ez zuela ez hanka ez buru”. Bizkaiko Foru Aldundiak urtez urte trafikoaren bilakaerari buruz argitaratzen dituen txostenak eskuetan dituela mintzo da Antolin. Bertan ageri diren zenbaki eta taula guztiak pausaz aztertu ditu, eta bere jarrera berretsi du horregatik. “Saihesbidearen eraikuntza zuritzeko beraiek erabiltzen dituzten datuak erabilita diot: errepideen erabiltzaile kopuruak eta joera aztertuta, saihesbidea luzatzeak ez du ez zentzurik”.

Antolinek azaldu duenez, Ekologistak Martxan plataformak urtearen hasieran izan zuen aldundiaren asmoen berri. “Bagenekien saihesbidea luzatzeko plana azalduko zutela, eta, horregatik, Ampliacion Supersur Ez plataforma sortu genuen apirilean”. Besteak beste, Bilboko Buia, Rekalde eta Iralako auzo elkarteak, AHT Gelditu Elkarlana eta Ekologistak Martxan bildu dira plataforman. Helburua argia da: lanen 1.B fasea bertan behera uztea nahi dute.

Diputazioak trafikoari buruz argitaratutako datuen taulak eskuetan dituela jaurti du galdera Antolinek: “Ibilgailuen mugimenduak aztertzen baditugu, argi azaltzen da: Bilbo inguruko errepideetatik A-8ra jotzen dute gehienek, eta ez AP-8ra. Hortaz, zer konponduko da, zehazki, saihesbidea AP-68arekin lotuta? Beraien logika eta zenbakiak erabiliz galdetzen dut: erabiltzaile gehienek Donostiako noranzkoa hartzen baldin badute, zertarako A-68ko konexio hori? Argi dago horrek ez duela trafikoarekin dagoen arazoa konponduko”.

Zenbakien dantza

Aldundiak emandako datuekin jarraitu du Antolinek. “A-8aren paseko ibilgailuak hartzeko egin zuten, berez, saihesbidea. Baina A-8an Bilbo inguruan dabiltzan auto gehienak Bilboko metropoliaren barnetik ibiltzen dira, ez dira pasekoak”. Bizkaiko Aldundiaren datuekin berretsi du baieztapena Antolinek. Erakundeak argitaratutako datuen taula seinalatuz dio. “Bilbo inguruko zirkulazioaren %6 besterik ez da pasekoa, eta %68 Bilbo metropoliaren barneko mugimenduak dira”.

EHUko irakasleak argi du: Bilboko metropoliaren barneko mugimenduak dira gaur egungo auto ilaren erantzuleak. “Arazoa %68 hori bada, zergatik heltzen diogu %6a konpontzeari? Beraien datuak eskuetan diot berriz: zein da egitasmoaren zentzua? Datuak nahita nahasten dituzte”.

Metropoliaren barneko joan-etorri horien barruan daude erosketak egiteko saltoki handietara egiten diren bidaiak. Datu horiek jarri ditu adibide gisa Antolinek. Bilbo Handia eremuan hamar daude: Max Center, Megapark, Carrefour Sestao, Ballonti, Carrefour Erandio, Artea Bilbondo, Eroski Leioa, Eroski Berango eta Makro. Bada, guztien joan-etorriak zenbatuta, egunean 84.550 desplazamendu egiten dira saltokietara, Bizkaiko Foru Aldundiak 2016an zirkulazioari buruz osatutako txostenaren arabera.

Megaparken, adibidez, 25.000 ibilgailu pila daitezke larunbat batean. “Zergatik ez gara arduratzen halakoak konpontzen?”. Hamar saltoki horietatik, bakarrak du metroko sarrera; hortaz, autoa erabilita besterik ezin da iritsi gainontzekoetara. “Eskaera eta eskaintzaren logikan dago sartuta aldundia: dauden autoen araberako azpiegiturak sortzen. Nork bere ibilgailua erabiltzeko neurriak besterik ez du hartzen, tokian tokiko administrazioak kontrako norabidean doazen neurriak hartzen ari diren arren”.

Bilboko hegoaldeko saihesbidea Euskal Herrian egin den autobiderik garestiena dela gogorarazi du irakasleak. “Kilometro bakoitzeko 47 milioi euroko gastua aurreikusten da”. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi zenak 2004. urtean autobidearen plana adostutakoan iragarri zuena ekarri du gogora Ekologistak Martxan-eko kideak. “Bilbaok berak esan zuen argi: ‘Obra hau guk, gure seme-alabek eta, ziurrenik, gure ilobetako batzuek ordainduko dugu’. Bada, datozen hamarkadetan ere, azpiegitura honen zama izango dugu”.

“Justifikaezina”

Gizarte, ekonomia eta ingurumenaren ikuspegitik aztertuta, “justifikaezina” da azpiegitura, Antolinen ustez. Saihesbidearen luzapena Bolintxu haranaren gainetik igaroko da, eta Pagasarriko inguruan ere kalteak eragingo dituela salatu du Ampliacion Supersur Ez plataformak hasieratik. Bilbok duen azken basoa da Bolintxu, eta azpiegiturak ingurunean egingo duen kaltea salatzeko martxa egingo dute igandean Bolintxura. 09:00etan abiatuko dira, Bizkaiko hiriburuko Unamuno plazatik. “Bilboko Udalak 2008an adostutako Pagasarriko Plan Bereziak babestu beharreko gune gisa definitu zuen Bolintxu, bertan dagoen flora eta faunagatik. Zubibidea eraikiz gero, nabarmenak izango dira kalteak”. Azpiegiturari buruzko informazioa zabaltzeko solasaldiak ere emango ditu plataformak.