Mapan agertzeko entsegua

Mapan agertzeko entsegua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbok bertan du “erronka”. Inoiz izan gabeko egoera batean “bikain” bat lortu nahi du, eta prest dauzka hartarako neurri guztiak. Martxan da azterketa. Lehen bisitariak iritsi dira, gaur dira heltzekoak gehienak, eta biharkoa izango da egunik gogorrena. Guztira, ehun mila bisitari baino gehiago espero dituzte egunotan Bilbon. Gaur eta bihar San Mamesen jokatuko diren Europako errugbi finalek hankaz gora jarriko dute Bizkaiko hiriburua.

Hirigunea bisitarientzat zein bertokoentzat gune “atsegin eta abegikorra” izatea dute erronkatzat Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eta elkarlanean aritu dira ahalegin horretan. Etorkizunean etorriko diren nazioarteko ekitaldi erraldoietarako lehen proba izango da egunotakoa, eta, “bikain” hori lortuta, ekintza handi gehiago erakarri nahi dituzte Bilbora.

Gaur, Cardiff Blues eta Gloucester errugbi taldeek jokatuko dute Challange Cup finala 21:00etan, horretarako espresuki prestatutako Ahleticen zelaian. Bihar izango da Champions Cup finala, 17:45ean hasita. Racing 92 eta Leinster arituko dira aurrez aurre. Ikusle gehienak taldeen herrietatik etorriko dira: Frantziatik, Ingalaterratik, Galestik eta Irlandatik; bisitarien %60 izango dira. Gainontzeko ia denak Euskal Herritik eta Espainiatik etorriko direla aurreikusten dute bisitarien artean egindako inkestak oinarri hartuta egindako azterketek.

Erdiak auto pribatuetan iristea espero da, eta horrek arazo handiak eragin ditzake Bilboko sarreretan eta kaleetan. Errugbi zaleentzat prestatutako gune handiek ere, zenbait eremu trafikoarentzat ixtea eragingo du. Hori dela eta, gomendio nagusi bat eman dute hiru erakundeek: gaur eta bihar, ez joan Bilbora autoan.

Areatza zubia, udaletxe ingurua eta Erribera kalea, esate baterako, ibilgailuentzat itxita egongo dira gaur arratsaldean eta bihar eguerditik aurrera. San Mames inguruan eta Sabino Arana etorbidean zirkulazioa moztuko da final bakoitza baino ordu eta erdi lehenago, eta hainbat trafiko aldaketa egongo dira. San Mames inguruetan eta Bilbo erdiguneko beste gune batzuetan aparkatzea debekatuko da. Beharren arabera, udaltzailek gune gehiago ixteko edo bestelako erabakiak hartzeko ahalmena izango dutela iragarri dute agintariek.

Metroa, etengabe

Zalez betetako 200 autobus espero dira. Horiek ezingo dute hiriburu erdian aparkatu, eta, bidaiariak utzi ondoren, kanpoaldean utzi beharko dituzte autobusak.

Hortaz, mezu argia eman du udalak: autoa garraio publikoagatik ordezkatu. Hori bai, kontutan hartu behar da trafikoarentzat erabat itxiko diren kaleetatik autobusek ere ezingo dutela igaro, eta beraz, geraleku batzuk kenduko direla udaletxearen zein Areatzaren inguruetan.

Edozelan ere, garraio publikoa indartu egingo da. Metroa etengabe arituko da gaur goizetik igande gauera arte, eta, partiden aurretik eta ondoren, tren gehiago ibiliko dira aurrera eta atzera. Tranbiak San Mamesen partidak izaten diren egunetan eman ohi duen zerbitzua emango du egunotan. Gaur gauean ordutegia luzatuko da, eta goizaldeko 02:20ra arte ibiliko da.

Taxi zerbitzua ere indartu egingo da. Espero den eskari handiari ahalik eta hobekien erantzuteko, Bilboko Udalak larunbatean eta igandean lan egiteko baimena eman die hala nahi duten taxista guztiei. Ohiko taxi kopurua bikoiztuko da horrela.

Hiriburura ahalik eta autorik gutxien sar dadin, ohi baino leku gehiago prestatu dituzte Barakaldoko BECen aparkalekuan eta Leioako zein Etxebarriko metro geltokien ondoan.

Loiuko aireportuarentzat ere froga egunak izango dira honakoak. Duela hilabete baino gutxiago kaosa sortu zen aireportuan, ezustean ohi baino bidaiari gehiago izan zirela eta. Aparkalekuek gainezka egin, eta autoak uzteko guneak inprobisatu zituzten orduan. Aparkaleku gehiago egiteko asmoa iragari dute, baina luzera begirako proiektua da. Bidaiariek Loiura autorik eraman ez dezaten, autobus zerbitzua biderkatu egingo dute asteburu honetan. Zazpi autobus gehiago arituko dira Bilbo eta aireportua arteko ibilbidea egiten, etengabe.

Bilbobusek ere bi lineatako zerbitzua handituko du: Larraskitura doan 72 linea eta Mintegitxuetara doan 58 linea. Arrazoia garbia da: Fango kiroldegia glamping gisa erabiltzeko atondu dute. Luxuzko kanpinak modan jarri dira, eta horiei esaten zaie glamping. Halako dendetan 3.000 pertsonentzako lekua izango da kiroldegian. Harako autobus zerbitzua handituko dute, batetik, eta Kobetamendiko autokarabanen gunera joatekoa, bestetik. Bikoiztu egin dituzte horientzako aparkalekuak.

Lotara, Bizkaitik kanpo

Bilboko hotel, hostal eta gainerako lolekuak ere lepo daude aspalditik. Eta ez hiriburukoak soilik. Finaletara etorritako askok hartu dute lotarako lekua Bizkaiko herrietan. Gipuzkoan eta Araban ere bai. Eta baita Kantabrian eta Burgosen ere.

Challange Cup eta Champions Cup txapelketen finalak dira horren guztiaren arrazoi. Eta Bilbo nazioarteko ekitaldi erraldoientzat leku egokia dela erakutsi nahia. Horregatik hartu ditu ezohiko hainbat neurri udalak; bisitariak gustura egon daitezen. Esaterako, tabernei ohiko ordutegia bi orduz luzatzeko aukera eman die, eta, San Mamesen ere, edari alkoholdunekin ohi baino malguagoak izango dira.

Festa giroa hiriburu guztian nagusitu dadin nahi dute erakundeek eta hartarako gune bereziak prestatu dituzte. Areatzara, San Mames ingurura eta Casilda Iturrizar parkera denetariko ekitaldiak eramango dituzte: rugbyarekin lotutako jardunak, kontzertuak, jan eta edateko lekuak, dendak, eta karpa handien babesa. Errugbi zelaiak ere jarriko dituzte gune horietan.

Bilbo errugbi munduan blaitzeko, kirol horren elementuz apaindu dute hiriburua: errugbiko ateak ipini dituzte hainbat gunetan, adibidez, eta heliozko baloi obalak ere bai. Denda eta tabernak kirol horretako osagarriez apaintzera gonbidatu dituzte.

Segurtasun neurriak

Segurtasuna ere bereziki zainduko da egunotan. Segurtasun objektiboa nahi dute agintariek, eta subjektiboa ere bai: jendea seguru sentitzea. Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira horretarako, eta ohi baino polizia gehiago ibiliko da Bilboko kaleetan.

“Errugbiko zaleak ez dira gatazkatsuak izaten; baketsu eta ordenatuak izaten dira, baina neurriak hartu behar dira hala ere”, ohartarazi du Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuordeak. Eta beste abisu bat ere bota du: “Kontutan hartu behar da jende asko bilduko denez 4. mailako arrisku terroristan gaudela”.

Hala ere, zaleen izaera lasaiagatik San Mameserako sarreran ohiko segurtasuna baino askoz handiagoa ez dela izango azaldu du, eta estadiorako bidean hartuko dituela ez ohiko neurri gehiago; batez ere, Zazpikaleetatik San Mameserako bidean.

Herritarrei, kalean jendetza ibiliko dela kontutan hartzeko eskatu die, eta zentzuz jokatzeko. Alde batetik bestera ibiltzeko nahikoa denbora har dezatela gomendatu die, eta lapurretak saihesteko neurriak hartzeko. Edozein arazo izatekotan, 112 larrialdi zerbitzura deitzeko gomendatu dute; egunotarako indartu duten zerbitzura.