Eurokorrika

Igor Elordui Etxebarria

Oharkabean pasatu da, kasik. Iragan asteburuan, Bretainiako Quimper herrian (bretoieraz, Kemper), Hizkuntzen Aldeko Lasterketen Europako Sarea osatu da. Eurokorrika ipini diote izena.

Guk ederto ezagutzen dugu geure Korrika, noski; eta, agian, zuotako hainbatek jakingo duzue (entzunez baino ez bada ere) badirela geurearen antzekoak Europako beste leku batzuetan: Correllengua Katalunian, katalanaren alde; Correlingua Galizian, galizieraren alde; Rith Irlandan, irlanderaren alde; Ar Redadeg Bretainian, bretoieraren alde; Course Lingua Aran Haranean eta La Pasem Biarnon, biak ala biak okzitanieraren alde; Ras yr Iaith Galesen, galesaren alde eta Sprochrenner Alsazian, alemanaren alde. Zein bere berezitasunekin, guztiek dituzte ezaugarri bi komunean: denak dira beraien hizkuntzaren aldeko korrikaldiak eta denek izan dute ispilu, edota inspirazio, Euskal Herriko Korrika. Esan daiteke, beraz, haren alabak-edo direla.

Bihar amaituko den Bretainiako Ar Redadegen ingurumarian, hain zuzen ere, eratu dute lasterketen delako sarea. Zera ere egin dute: Europako hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen gutuna. Besteak beste, espreski txalotzen da “Korrikaren sorrera, 1980an, euskaraz bizi nahi duten gizarte eragileak biltzen dituen errelebo-lasterketa, eta Europako hizkuntza gutxituen beste komunitate batzuek eredu hori beren gain hartu izana”. Han izan dira, gainontzeko ekimenen antolatzaileekin batera, AEK-ko zein Korrikako arduradunak. Faltan bota dut, ordea, Euskal Herriaren izen ona hedatzera hor zehar, gure mugez gaindi, bidaiatzera hain emanak diren agintarien presentzia; baten batena sikiera, menpekoaren menpekoaren azpi-menpekoa balitz ere. Faltan bota dut, halaber, euskal hedabideen, batez ere publikoen, gaiarekiko jarraipena. Ulerkorra naiz, halere, azken asteko fokua Lapurdin egon baita (eta, apurtxo bat, Bertizen).

Edozelan ere, horrek, nahiz eta gogaitu, ez nau kezkatzen. Badakit beteko dituela Korrikak telebista, irrati zein egunkari eta aldizkarietako tarteak. Bai eta agertuko direla agintariak; aldeko eta parte-hartzaile. Eta bertsu izango da hurrengo Ikastolen aldeko jaian, Eskola publikoaren festan, Euskaraldian…

Ez, ez naute kezkatzen noizean behingo ekitaldiekiko jarraipenak eta atxikimenduek (denak on, denak beharrezko). Ni kezkatzen nauena, benetan, egunerokoan sumatzen ditudan hutsuneak dira: Bihar BEC beteko duten euskara-ikasleen titulitisak; helduen euskalduntze-alfabetatzearen egoera oraindik prekarioak; EUSKALDUNTZEKO (letra larriz, ondo ulertzeko) hezkuntza-sistemak dituen arazoak; euskararen arnas-guneetan atzematen den beherakadak; darabilgun euskararen kalitateak; euskal kultura sustatzeko baliabide urriek; euskal hedabideen estutasunek eta abar.