Gogoangarria

Nerea Ibarzabal

Urduri jartzen naute Black Mirror serieko kapituluek, berez etorkizun teknologiko hipotetiko batean kokatuta daudela suposatzen den arren, ezin dudalako ziur esan etorkizun hori hogei urte barrukoa ote den, edo pare bat hilabete barru ere irits daitekeen.

Duela gutxi jakin dut Googlek beste oparitxo bat egin diola munduari: Google Clips. Kamera txiki bat da, ezagunagoa den GoPro-aren antzerakoa. Clips-ek galbahe bat pasatzen dio zure bizitzari, ordea. Berak erabakitzen du, algoritmo baten bitartez, zure eguneko zein momentu grabatu eta zein ez; momentu interesgarrietan, gogoangarrietan aktibatzen da bakarrik.

Eta nola erabakitzen duen egoera bat interesgarria ote den? Ba, makinatxoak bere fokuratze-eremuan sartzen diren ondorengo elementuei erreparatzen die horretarako: pertsonak, katuak, txakurrak, irribarreak, mugimenduak. Zuk ere lehenets ditzakezu zure bizitzan garrantzitsuak diren pertsonak, eta makinari jakinarazi, kontuan har ditzan. Argazkiak eta 10-15 segundoko bideoak grabatzen ditu, gero beste edozein euskarritan erreproduzi ditzakezunak.

Kezkatu nazake teknologiaren atzaparrak geroz eta gure logelarago sartzeak, edo gure egunerokotasuna artxibatzeko dugun obsesioak, edo agian, blackmirrortar jarrita, kezka nazake baita ere ez jakiteak grabatzen ari naizen hori ikusten duen bakarra ni ote naizen benetan. Baina Google Clips-ekin beste galdera bat sortu zait: nork diseinatu du makinatxoak darabilen algoritmoa, eta zer da gogoangarritasuna berarentzat? Nola lortu du hain kontzeptu erlatiboa eta irekia formula bilakatzea eta makina bati ulertaraztea?

Horixe frogatzearren bakarrik, erosi egingo nuke Clips hau. Jarriko nuke etxeko egongelan, edo logelan, edo kalera jaitsiko nuke paparretik zintzilik eta egun osoan zehar paseatu. Antsiaz itota iritsiko nintzateke gauean ordenagailu parera ze momentu gogoangarri bizi izan ditudan ikusteko, beldur bakar batekin: bideorik ez egotea. Edo egotea, baina laneko ezagun bati egindako irribarre faltsua agertzea, edo beldurra eman didan kaleko bulldog hori.

Ez luke grabatuko autobus geltokian gurutzatutako begirada diskretua, ez sofan botata liburu bat irakurri bitartean sentitu duzuna, ez komunean negarrez hasi zaren unea. Utziko zenuke zure oroimena gogoangarritasuna horrela ulertzen duen norbaiten esku?

Irribarrerik eta mugimendurik gabeko une interesgarrien alde.