“Etapa bat irabaztea baino askoz gehiago da txirrindularitza”

Peru Azpillaga

Gaur bertan hasiko da Italiako Giroa, Jerusalemgo herrian. Bai, ehun urteko tradizio luzea duen hiru asteko lasterketa, lehen aldiz, Europatik kanpo abiatuko da. Jerusalemen ekin diote txirrindulariek pedal kolpeari, eta, Israelen mendeko lurretan hiru etapa egin ostean, Siziliara bidaiatuko dute. Ondoren, eta ia Italia osoa gurutzatu eta gero guztira 3.562,9 kilometro, Erroman emango diote amaiera lasterketari, hain zuzen ere, maiatzaren 27an.

Aurten, 101. Giroa izango da, eta euskal ordezkaritza gertu izango da lasterketa lehiatzeko prest. Egun, Miguel Indurain da Italiako Giroa irabazi duen euskal txirrindulari bakarra —1992 eta 1993. urteetan— eta Mikel Landa izan zen podiumera igotzen azkena —hirugarren postuan geratu zen 2015ean—. Aurten, bost euskal txirrindulari lehiatuko dira lasterketan, eta, haien helburuak bestelakoak izan arren, gogoz ekingo diote erronkari. Horietako bat izango da Pello Bilbao (Gernika-Lumo, 1990). Astana taldeko txirrindularia joan den urtean estreinatu zen Giroan, eta aurten, berriki lortutako garaipenari esker, inoiz baino indartsuago ekingo dio hiru asteko lasterketari.

Aurten, bigarren aldiz arituko zara Giroan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Bueno, azkenean, niretzat Italian ibiltzea beti da berezia. Egia da Euskal Herrian zaletasun handia dagoela, baina han ere atxikimendu handia diote txirrindularitzari, eta lasterketak beti dira bereziak: paisaia, amaierak… xarma pixka bat dute beti. Joan den urteko esperientzia itzela izan zen arren, ezin izan nuen ehuneko ehuna eman. Baldintza eskasean heldu nintzen, bai fisikoki eta bai psikologikoki, baina aurten beste aukera bat dut; esperientzia handiagoarekin eta beste helburu batzuekin noa.

Aurrekoetan morroitza lanetan ibili zara; Vueltan, adibidez, oso maila onean. Aurten ere hala izango da, edo askatasun handiagoarekin ibiliko zara?

Esango nuke joan den urteko bueltan baino lider sendoagoa dugula aurten Giroan Miguel Angel Lopez kolonbiarra, eta, beraz, bete beharko dudan lana berdina izango dela. Helburua harekin azkeneraino egotea izango da. Oraingoz, taldekide guztiak ilusio itzelarekin goaz, harekin gauza politak lortzeko asmoz.

Zure lehengo garaipen handia eskuratu zenuen Alpeetako Itzulian. Ba al duzu etaparik buruan Italiako Girorako?

Ez, normalean ez dut helburu pertsonalik ezartzen. Ahalik eta erregulartasun handienarekin ibili nahi dut aurtengo Giroan. Maila onean mantendu nahi dut hasieratik bukaeraraino; horixe da nire ardura nagusia. Alde horretatik, beraz, ez daukat garaipenik eskuratzeko esperantza handirik. Ez da nire egiteko nagusia lasterketa honetan.

Azken finean, ilusio hori beti duzu presente, inoiz ezin duzulako jakin zer norabide hartuko duen lasterketak edo zer jazo daitekeen etapa batean; beti gerta liteke sorpresaren bat, eta garaipenaren aukera hor izatea, baina ez da hori arduratzen nauena. Txirrindularitzan, etapak irabaztea baino gauza askoz gehiago daude, eta nik, pertsonalki, ez dut hori behar lasterketa batean gogobeteta sentitzeko. Argi ditut zeintzuk diren nire helburuak, eta horiek betetzea baino ez dut buruan.

Lehenbiziko aldiz abiatuko da Giroa Europatik kanpo. Nola bizi duzue hori txirrindulariek?

Bueno, azkenean, ohituta gaude bidaiak egitera, beti ibiltzen garelako alde batetik bestera, baina egia da guretzat ere arraroa dela. Giroa moduko lasterketa bat sekula txirrindularitza tradiziorik izan ez duen herrialde batera joatea… ez dakit, berria da, nobedadea. Ikusminez eta ezjakintasunez goaz, zer topatuko zain, eta bai, sorpresa pixka batekin, egia esan. Ostera, hor dago herrialde desberdinak ezagutzeko aukera ere. Kirol honek ematen duen beste zerbait da, eta, beraz, esperientziaz gozatzen eta ahalik eta gehiena ikasten saiatuko gara.

Aurrera begira, taldean nola aurreikusten duzue datorren denboraldiaren zatia?

Taldea, orokorrean, bide oso onetik doa. Era bikainean ekin diogu denboraldiari, garaipen andana lortuz. Oraingoz, ezarritako helburuak sobera bete ditugu. Alta, kontziente gara orain hasten dela benetan garrantzitsua den denboraldiaren zatia. Lehenik ikusi beharko dugu zelan ateratzen den Giroa, eta gero etorriko da Tourra. Bertan, Fuglsang izango dugu taldeburu. Hala ere, taldea oso zentratuta dago, hiru asteko itzuliek maila gorena eskatzen dute beti, beraz, ikusi beharko da.

Astana taldean, hamaika herrialdetako txirrindulariak ari zarete batera. Nola bizi da barrutik aniztasun hori?

Gure taldea aniztasunaren adibide argia da; ez dakit zenbat herrialdetako jendea egongo den guztira, baina seguru asko hamarretik gora dira. Horrek, adibidez, hizkuntza eta komunikazio aldetik zailtasun ugari ekartzen ditu, baina, aldi berean, aberastasun handia. Aukera paregabea eskaintzen du beste herrialde batzuetako gauza mordoa ikasteko: ohiturak, hizkuntzak, historia… Niretzat oso esperientzia aberasgarria da. Halaber, taldean denbora pixka bat eman ostean, erraz ohitzen zara, eta benetan disfrutatzen da.

Azkenean, esan liteke hori ez dela oztopo talde izaera izateko. Txirrindularitzan, gainera, nahiko ohituta gaude. Gaur egun, World Tour mailako talde gehienak oso internazionalak dira. Niretzat hasieran aldaketa nabaria izan zen, baina orain oso gustura nabil. Horretaz gain, hemengo jendeak asko laguntzen du integratzeko orduan, txirrindulariak ez ezik taldeko kide asko ere bertokoak baitira: langileak, masajistak, mekanikoak, prestatzaileak… behar dugunerako ere, badugu hurbileko jendea.

Berriki izan da Euskal Herriko Itzulia, eta euskal txirrindulariek aspaldi ikusi gabeko mailan dabiltzala dirudi…

Ni oso positiboa naiz. Euskaltel taldea desagertu zenetik, beherakada oso nabarmena egon da, eta orain, berriz berpizten ari dela ematen du. Zer esanik ez orain ditugun bi taldeak asko laguntzen ari direla horretan. Nik uste dut bai World Tour mailan eta bai hortik kanpo euskal txirrindulari asko gabiltzala, eta ausartuko nintzateke esatera azken urteetako maila gorenean gabiltzala. Mayoren eta Zubeldiaren belaunaldia kenduta, haiek oso aurrean ibili baitziren Tourrean, uste dut azkenaldiko maila onenetarikoan gaudela. Beraz, esperantza eta ilusioa izateko arrazoiak ditugulakoan nago.

Profesional bihurtu zinenetik, beti izan dituzu lagunak zurekin, animatzeko prest. Hala izango da aurtengo Giroan ere?

Bai, aurten ere han egongo dira azken astean. Hasi nintzenetik, edonora joan naizela ere, beti egon dira ni animatzera etortzeko prest, eta aspalditik dute prestatua bidaia; beraz, hortxe izango dira beste behin ere.