“Kirolean dena ez da dirua, baina hori gabe ezin daiteke irabazi”

“Kirolean dena ez da dirua, baina hori gabe ezin daiteke irabazi”

Asier Arrate Iruskieta

BSR Bidaideak gurpil gaineko saskibaloi taldea denboraldi aparta ari da egiten. Azken urteotan taldeak egindako lanaren erakusle da gaurtik domeka arte Europako Ligako lauko finalean arituko dela; Bilbon eta Barakaldon jokatuko da. Asier Garcia (Bilbo, 1981) BSR Bidaideak taldeko kapitaina pozik da taldeak azken urteotan hartutako norabidearekin. Urte luzez ohorezko mailari eutsi ezinik aritu ostean, azken bost urteetan gurpil gaineko saskibaloi talde indartsuenetako bat bilakatu da.

Ohorezko Mailan goiko postuetan zaudete, eta Europako Ligako lauko finaletarako sailkatu zarete. Denboraldi bikaina ari zarete egiten.

Bai, pare bat urte on izan ditugu. Ligan oso emaitza onak lortu ditugu, eta dagoeneko goi mailako talde bezala finkatu gara. Nazioarteko txapelketetan ere, pixkanaka gure tokia egiten ari gara. Orain bi aste ligan lortutako garaipenari esker, Europako Ligako lauko finalera sailkatzea lortu genuen. Final hori, gainera, Bilbon izango da, eta, beraz, baditugu pozik egoteko arrazoiak.

Gurpil gaineko saskibaloi talde faboritoetako bat zarete egun?

Ez nuke esango faborito, baina azken urteotan onenen artean egotea lortu dugu. Orain bost urte arte, lehen mailara igotzen ginenean, hurrengo urtean berriz jaisten ginen. Azken bost denboraldietan, ordea, mailari eusteaz gain, lehen hiru onenen artean bukatzea lortu dugu. Orain, azken bultzada behar dugu gorengo mailara heltzeko.

Zeintzuk dira taldearen arrakastaren gakoak?

2012a izan zen lehen aldia gorengo mailan mantentzea lortu genuena. Hortik aurrera, zale ugari erakartzea lortu genuen. Horrek domino efektu bat sortu zuen, eta zaleekin batera babesle berriak lortu genituen. Babesle gehiago lortzeak ahalbidetu zigun klubaren egitura zabaltzea, jokalari berriak gehitzea eta klubaren egoera sendotzea.

Zein da taldearen epe laburrerako helburua?

Klubaren helburu nagusia historiako lehen titulua irabaztea da; berdin du ligakoa, kopakoa edo Europako Ligakoa den, baina titulu bat nahi genuke. Helburua lortzeko bidean gara, baina, era berean, kontziente gara punta-puntako taldeekin alderatuta jokalari talde, azpiegitura eta aurrekontu mugatuak ditugula.

Aurrekontuen araberakoa da taldeen arrakasta?

Hori argi dago. Kirolean dena ez da dirua, baina hori gabe ezin daiteke irabazi. Aurrekontu handiagoa duten taldeek lehiatzeko baliabide gehiago dituzte eskura, eta, beraz, titulu bat irabazteko aukera gehiago. Ez gabiltza hala-moduzko taldeen aurka lehiatzen. Ligako txapeldun den Madrilgo Ilunion taldeak edo Europan lehiatzen diren beste talde batzuek aurrekontu oso handiak dituzte, eta horrek jokalari, entrenatzaile eta azpiegitura onenak izateko aukera ematen die.

Gurpil gaineko saskibaloia indartzen dabilela uste duzu?

Espainiako Ohorezko Maila, egun, Europako liga onenetako bat da. Taldeen aurrekontuak oso altuak dira, eta maila handiko jokalariak daude. Horrek guztiak ere domino efektua sortu du: babesle kopuruak gora egin du, eta horrekin batera liga ere profesionalizatu egin da.

Oraindik ere asko egongo da egiteko.

Egia da kirol minoritario guztiek bezala ez dugula beste kirol batzuen ospea, baina egoera hobetzen dabil, eta gero eta gehiago dira gurpil gaineko saskibaloia jarraitzen dutenak.

Errugbiko finalez asko hitz eginda, baina zuek ere Europako gurpil gaineko saskibaloi onena ekarriko duzue Bilbora.

Europako gurpil gaineko saskibaloiko zortzi talde onenak arituko dira Bilbon eta Barakaldon jokatuko den lauko finalean. Gutaz aparte, zazpi talde gehiago etorriko dira, besteak beste Turkiatik, Alemaniatik eta Erresuma Batutik. Goi mailako espektakulua izango da, eta mundu guztia gonbidatu nahi dugu Txurdinagako eta Lasesarreko kiroldegietan jokatuko diren partidetara etortzera.

Europako hainbat talderen aurka arituko zarete. Zer-nolako maila dago Europan?

Esan bezala, gure liga Europako onenetako bat da, baina Turkiako taldeak beste maila batean daude. Bilbora datozen bi taldeak, Galatasaray eta Besiktas, futbol talde profesionalen adarrak dira. Futbol talde baten parte direnez, gainontzekoek baino aurrekontu handiagoak eta baliabide gehiago dituzte.

Zeuen burua indartsu ikusten duzue finalerako?

Gure joko maila beste edozein talderen parekoa da. Edonori irabazi ahal diogu, baina edonoren aurka gal dezakegu. Etxean jokatzen dugunez, saiatuko gara etxeko abantaila baliatzen. Horregatik gonbidatu nahi dugu jendea Lasesarreko eta Txurdinagako kiroldegiak gotorleku bihurtzera. Datozenek asko disfrutatuko dute; kirol oso ikusgarria da.

Zerk egiten du gurpil gaineko saskibaloia horren ikusgarri?

Joko azkarra, bizia eta fisikoa da. Kolpeak, bultzadak, erorikoak… Ez dut ezagutzen inor gurpil gaineko saskibaloi partida bat ikusi eta gustatu ez zaiona. Denek diote zuzenean ikusi duten joko ikusgarrienetakoa dela.

Gurpil gaineko saskibaloi taldeak mistoak dira.

Ez dagoenez nesken talde nahikorik, liga mistoa da. Selekzioan, ordea, banatuta jokatzen dugu. Kirolaren mugen ondorioz hartutako erabakia da, baina, horri esker, aurrerapauso bat eman dugu berdintasunerantz. Jokalekuan gaudenean, erabateko errespetua diogu elkarri.

Elbarritu ostean berriz kirola egiteak balio erantsia du?

Kirol egokitua desgaitasun bat pairatu ostean hasten zara praktikatzen. Ez zara umetatik hasten. Horregatik, kirola egiten hastea aukera paregabea da zaletasun berri bati heldu eta zure egunerokoan aurrera egiteko.