Aitziber Laskibar Lizarribar
Bulego asko Bilbon, denetariko eraikinetan: balio arkitektoniko handiko jauregi ederretan, eraikin moderno ikusgarrietan, zein etxebizitza arruntenak diruditenetan. Eraikin osoak zein solairu solteak. Jabetzan dituenak, utziak dizkiotenak, eta alokairuan hartutakoak. Ikur sinboliko nagusitzat duen Foru Jauregiaz gain, beste 32 egoitza ditu Bizkaiko Foru Aldundiak hiriburuan. Asko, eta sakabanatuta; sakabanatuegi, bertako arduradunen begietan. Aspalditik aldatu nahi duen egoera da, baina eska lezakeen dirutza dela-eta atzeratuz joan dena. Gaia mahai gainean jarri du berriro, neurriak hartzeko helburuarekin: egoitza gutxiagotan batu nahi ditu bere langileak, praktikotasunaren eta eraginkortasunaren izenean.
Sail bera bost egoitzatan
Hiru mila langiletik gora ditu aldundiak 33 egoitza horietan. Eta, dioenez, bulegoetako asko ez dira egokiak: behar baino txikiagoak direlako edo egitura desegokia dutelako batzuk. Beste batzuk, berriz, handiegiak dira ematen zaien erabilerarako; ehunka edo milaka metro dituzte, horietako asko aprobetxatu gabe. Indarrak galtzea dakar horrek; ez izatea behar bezain eraginkor. Horren erakusle, badira bost egoitzatan banatuta dauden sailak, adibidez.
Bestelako egituraketa baten bila ari da horregatik aldundia. Egokiena egoitza erraldoi bat izatea litzatekeela iruditzen zaio; bertan jardutea langileen herenak: 3.000 funtzionariotik mila inguru egoitza berean biltzea. Horrela, sail osoak leku berean egoteaz gain, elkarlanean aritzen diren sailen arteko lankidetza ere erraztu egingo litzatekeela dio; elkarren ondoan egoteak tramitazioak eta administrazio lanak nabarmen arinduko lituzkeela. Bai aldundiaren beraren barne lanei begira, eta bai tramiteak egin behar dituzten herritarrei begira. Ez batzuek ez besteek ez lukete alde batetik bestera ibili beharko.
Baina non bildu mila langile? Gaur egun aldundiak dituen eraikinek ez dute horretarako gaitasunik, eta, beraz, beste bat alokatu edo erostea, edota eraikin berri bat egitea litzateke horretarako modua. Bai bata bai bestea aukera garestiak dira oso, baina aldundiak mahai gainean dituenak. Halako eraikin erraldoiren bat topatzea zaila dela badakite agintariek. Aukera gutxi daudela, eta oso garesti. Hala ere, bila dabil aldundia, eta “aukeraren bat” sor litekeela adierazi du Ibone Bengoetxea Administrazio Publiko eta Harreman Instituzionaletarako diputatuak, egoitza zehatzen bati buruz ari ote den argitu gabe.
Egon, badago Bilbo erdian oso handia den eta hutsik dagoen eraikin bakanen bat. Plaza Biribilean dagoen BBVAren egoitza zena da horietako bat, adibidez. Erabat eraldatzen ari dira Bilboko lehen etxe orratza izan zena. Beheko lau solairuak Primark dendak hartuko ditu, baina gainerakoentzako egoile jakinik ez dago oraingoz.
Eraikin erraldoi bat amets
Nahiago, eraikin berri bat egitea nahiago izan du beti aldundiak. Eta, aurrez ere egitekotan izan den arren, beharrezko dirutzak bota du atzera orain arte. 2003. urtean gertatutakoa da egoera argien erakusten duena. Bizkaiko administrazioaren egoitzak eta funtzionarioak biltzeko helburuz, eraikin moderno, handi eta ikusgarria egin nahi zuen Josu Bergara ahaldun nagusi izandakoak. Eta apustua egina zuen: Abandoibarraren gainean agertuko zen eraikin ikusgarria beretzat nahi zuen: gaur egun Iberdrola dorrea dena.
Erabakiak hartua zirudien, eta Iñaki Azkuna alkate zena ere aukera horren defendatzaile sutsua zen. Baina, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusi kargura iritsi zenean, aldatu egin zen asmoen norabidea. Halako eraikintzarra egiteak diru gehiegi eskatzen zuela ohartarazi, eta geldiarazi egin zuen proiektua. Ordura arte aldundiak beretzat amesten zuen etxe orratza ordaintzea Guggenheim egitea baino hiru aldiz garestiagoa izango litzatekeela nabarmendu zuen Bilbaok; Metroaren 2. linea egiteko behar zen aurrekontuaren erdia behar litzatekeela gutiziatzat har zitekeen nahia betetzeko. Krisi garaian, lehentasunak beste batzuek behar zuten izan. Temati jarri zen horrekin Bilbao, Azkunarekin luzaro iraun zuen liskarra izan zuen, baina aldundiak ez zuen halako dirutza eskatzen zuen eraikina beretzat hartu.
Orain, aldundiaren beharretara egokituko den eraikin handi bat propio egiteko aukera mahai gainean dago berriro. Eta zalantzak sortzen dituen alor bakarra duela hamabost urteko berbera da: eskatzen duen dirutza.
Egoitzak gutxitzeko mahai gainean dituen aukeretako edozein gauzatzeko, zenbait egoitza salduko lituzke aldundiak, diru sarrera batzuk lortzearren. Eta egun alokatuak dituen beste batzuk alokatzeari utzi ahalko lioke. Kontuan hartu behar da gaur egun alokatuta dauzkan zazpi egoitzen truke 1,3 milioi euro ordaintzen dituela aldundiak, urtero. Jabetzan dituen eraikinek 147 milioi euroko balioa dute. Edonola ere, aldundiak ez lituzke, inola ere, horiek guztiak salduko. Hemeretzi ikusten ditu saldu, berregituratu edota bateratzeko moduan.
Edo dagoenarekin moldatu
Hirugarren aukera ere badute aztergai agintariek: eraikin erraldoi berri batera joan ordez, aldundiak gaur dituen 33 egoitza horietan berregituratzea. Moldagarri gisa dituen hemeretzi egoitza horietako batzuk utzi, besteetako espazioa hobeto aprobetxatuta egituraketak aldatu, eta horietan batzea sail eta langile guztiak, egoitza gutxiagotan. Aukerarik merkeena litzateke hori, baina ez aldundiak amesten duena.
Eta gauza bat argi du aldundiak: 33 egoitzetatik hemeretzi moldatu, batu edo saltzeko prest dago, baina beste hamalauak ez. Foru Jauregia, argi eta garbi, ukiezintzat du. Argi du aldundiaren sinbolo nagusia den eraikin horrek bere horretan jarraituko duela, eta irudi ofiziala emateko zereginaren bidetik mantenduko du, batez ere. XIX. mende amaierako jauregi dotorea ekitaldi instituzionaletarako soilik gordetzea ere pentsatu izan dute agintariek.
Foru Jauregiaren ondoan dagoen foru liburutegia ere bere horretan mantendu nahi du. Jauregiaren ondoan, ikono gisa du kristalezko eraikin moderno hori, eta egoitza instituzional klasikoaren ondoan eraikin modernoa izateak osotasun sinbolikoa ere ematen dio; lehengoaren sendotasuna eta aurrera begirako berritasuna.
Ukitu ezin diren besteak
Kaputxinoen kalean Ogasunerako duen eraikina ez du ukitzeko asmorik aldundiak. “Ez da aldatuko”, adierazi du Bengoetxeak. “Oso behar bereziak dituzten herritar asko hartzen ditu”. Eraikin osoa du Ogasunak Basurtun, eta hala jarraitu behar duela iruditzen zaio aldundiari.
Honako hau da beste egoitza batzuekin batu eta funtzionamendua aldatzea planteatu ere egingo ez duen gainontzeko eraikinen zerrenda: Foru Artxibategia, Miribillako Kirol Etxea, Sota Eraikina, Albia, Sabino Aranaren 8. zenbakian duena, Orueta Gotzainaren kaleko eraikin historikoa, Hurtado Amezaga eta Aiala artekoa, Euskararen Etxea, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren egoitza, Lersundi kaleko 9. zenbakian duena eta Lantiken egoitza.
Aukera asko ditu mahai gainean aldundiak. Hiru egoitza handi berregituratu eta horietan “zerbitzuetarako triangelua” sortzea ere aztertzen ari da. Delclaux eraikina, Euskadiko Artxibategi Historikoa eta Orueta Gotzainaren kaleko eraikina dira horretarako egoki ikusten dituen kokaguneak, eta, beraz, aukera hori gauzatzea erraztuko luketenak. Rekalde zumarkalearen 30. zenbakian dagoen Delclaux eraikinak 13.048 metro koadro ditu. Estilo klasizistako eraikin osoa da, eta 214 funtzionario aritzen dira bertan. Berregituratu eta milaka metroko espazio hori askoz hobeto aprobetxatzeko aukera ematen du.
Maria Diaz de Haro kalean dagoen Euskadiko Artxibo Historikoak 44 langile ditu 7.077 metro koadrotan; dokumentu historikoak gordetzen dira bertan, baina espazioak hobeto banatzeko aukera ematen du. Baita Banco Urquijoren egoitza izan zen Orueta Gotzainaren kaleko eraikin klasikoak ere. 98 langile aritzen dira 2.672 metro koadroko espazio horretan.
Erabakirik ez du hartu oraindik aldundiak. Aukera guztiak aztertzen ari da, eta bataren zein bestearen prezioek baldintzatuko dute, nagusiki, erabakia.