Bariku santu bateko oilo-zopa

Igor Elordui Etxebarria

Bitxikeria batekin gosaldu dut gaur: Julien Joy gazte zeelandaberritarrak Hanburgotik bidali dioten gutun bat jaso du berriki. Joyk, 2010ean, artean 7 urte baino ez zituela, mezudun botila bat bota zuen Zeelanda Berrian itsasora. Orritxo batean idatzi zuen inork inoiz botila hura topatu eta barruko mezua irakurtzen bazuen, berari eskribi ziezaiola, arren. Orritxoa botilan sartu, eta uretara jaurti zuen. Bada, zortzi urte igaro ostean, eta itsasoko uretan 20.000 kilometro baino gehiago egin eta gero, Hanburgoko sendi batek aurkitu zuen aurreko udan. Non eta Mundakan aurkitu ere.

New Zealand Herald egunkariak jaso du pasadizoa, eta aboutbasquecountry.eus webgunearen bidez heldu zait niri.

Imajinatuko duzue 15 urteko (jada) mutiko koxkorraren poztasuna. Gutxienik balio izan dio hedabideetan agertzeko. Eta jakiteko badela Bilbotik hurbil Mundaka izeneko herri txiki bat (near Bilbao [in Spain], in the little village Mundaka at the Atlantic ocean coast, hala deskribatu dio familia alemaniarrak). Estimatuko ote du? Bost ogerlekoko proposamena Euskal Herriko turismo-bulegoei: ez baztertu, Internetaren sasoian egonagatik, mezudun botilen irismena.

Uste dut Theodor Adorno filosofoa izan zela zera esan zuena, “mezu bat botila batean” garela gu, gizakiok. Ez dakit oso ondo zer esan gura izan zuen (filosofiaz ere gutxi dakit), baina oso iradokitzailea da, niretzat, mezudun botila batez espazioaren eta denboraren plano desberdinak lotzearen kontu hori, alegorikoki baino ez bada ere.

Espazioaren eta denboraren filosofia da, hain zuzen ere, filosofiaren adar bat. Sistema filosofikoen oinarrian dago horiei buruzko kezka. Kezka hori erlijioek ere badute. Azken batean, filosofiak eta erlijioak kezka asko dituzte amankomunean: espazio eta denboraren kezka, esan bezala; ontologia, morala… Baina alde handi bat badago bien artean: erlijioentzat existitzen da egia absolutu eta dogmatikoa; filosofiarentzat, ordea, erlatiboa da egia.

Gaur, bariku santua da; dogma-eguna: eliza katoliko erromatarrak Jesu Kristoren heriotza gogoratzen du. Eukaristia, prozesio, gurutze-bide, kalbario, penitentzia eta barau-bijilia eguna da gaurkoa. Nik, ordea, gurago dut plazera beldurra baino. Ai ni, bekatari, bizitzaren plazeren zalea! Epikurozalea naiz, hortaz, eta gorputzari eta arimari gustu ematen saiatzen naiz. Epikuro filosofoa aitatuta, hark —Kristo jaio baino 300 bat urte lehenago— egin zituen galdera berak egiten ditut nik: Jainkoak gaizkia saihestu nahi du, baina ezin du? Orduan, ez da ahalguztiduna. Ahal du, baina ez du nahi? Orduan, gaiztoa da. Ahal du eta nahi du? Zer dela eta, orduan, gaizkia? Ez du nahi eta ezin du? Orduan, zergatik deitu Jainko?

Esaera zahar batek zera dio: Filosofia baiño, oillozopia obe. Baliteke, bai, hala izatea. Edozelan, hori bezain egia da, gutxienez (egia erlatiboa, noski), oilo-zopa barau egitea baino hobea dela.