Natalia Salazar Orbe
Historia iragan da, baina haren aztarnek bizirik diraute. Arrastoak ezabatzen zailak baitira. Barakaldon I. Errepublika izendatu zuteneko urteurrena baliatuko du Irabazi koalizioak herrian garai hark eta II. Errepublikak ekarri zituztenak gogorarazteko. 85 urteren ostean, agenda politikoan indarrean dauden gaiez mintzatuko dira. Etzi aterako dira, 10:30ean, Herriko plazatik. Lehen errepublika omenduz, bigarrena oroituz, hirugarren Errepublika abiatzen lelopean, ordu eta erdiko bidea egingo dute.
Ibilbidea Herriko plazan abiatuko dute. 1931n, II. Errepublika aldarrikatu zutenean, udaletxea zen eraikina gaur egungoaren parean zegoen. 1891n eraiki zuten. Administrazio bulegoez gain, eskolak eta udaltzaingoa ere han zeuden. Eskolek hartuko dute geldiune horren protagonismo nagusia. Izan ere. hezkuntzak errepublika garaian zuen garrantzia azpimarratuko dute bisitan. Matrikularik gehienak sektore publikoan zeuden. Errepublikak hezkuntzaren kalitatea hobetzeko lan egin zuela ekarriko dute gogora: gela bakoitzeko ikasle kopurua murriztu zuten, eta, irakurketa eta kristau ikasbidea irakasteaz gain, bestelako materia erabilgarriak ere irakatsi zituzten.
II. Errepublika aldarrikatu aurreko eta osteko gertakariak ere gogoan izango dituzte lehen geldialdi horretan. 1931ko apirilaren 14an bertan manifestazioa egin zuten erregimen politiko berria ospatzeko. Marsellaise, Internazionala eta Gernikako arbola interpretatu zituen udal bandak.
Poz hura berehala zapuztu zen. Apirilaren 15a festa egun izendatu zuten. Errepublikaren aldeko lehen ospakizunetan, Guardia Zibilak tiro egin zuen, eta hiru langile zauritu zituen. Egun bat geroago, herritar batek bi lagun zauritu zituen su armaz.
Gaur egun Inguralde dagoen eraikinaren ondoan zegoen San Juan frontoia. 1905ean inauguratu zuten, eta 1963an itxi. Besteak beste, Eusebio Carbo eta Buenaventura Durruti anarkisten mitinen jokaleku izan zen.
Antonio Trueba parkea dagoen lekuan zegoen Kasino Errepublikazalea. Apirilaren 12an errepublikazaleen garaipena ospatu zuten leku garrantzitsuenetako bat izan zen. Errepublikanoen eta frankisten kuartel ere izan zen 1936ko gerran eta frankismoan, hurrenez hurren.
Historiako bi pasarteri lotuta antolatu dute laugarren geldiunea. Batetik, 1929ko urriaren 18an bi zenbakidun labe garaian leherketa bat gertatu zen. Ondorioz, 11 behargin hil ziren, eta hogeitik gora, larri zauritu. Hileta langile klasearen manifestazio bilakatu zen. Bestetik, CNT sindikatu anarkistak lokal bat zuen han.
Herrian emakumeen erreferentzia gutxi dagoela salatu du behin eta berriz Irabazi koalizioak. Erreferentzia horietako batean egin dute bosgarren geldiunea: Dolores Ibarruri PCEko buruaren izena daraman kalean, hain zuzen. II. Errepublikak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean egindako aurrerapausoak nabarmenduko dituzte bertan. Besteak beste, boto eskubidea aipatuko dute. Izan ere, emakumeak ordura arte hautagarriak besterik ez ziren.
Ponpa kalea deritzote bertan ponpaketa iturri bat zegoelako. Langileen etxebizitzen kalitate eskasaren adierazgarri ziren etxeak zeuden han. Etxolen eta benetako etxebizitzen erdibideko eraikinak ziren. Cristobal Murrietak eraiki zituen, 1870ean. Garai hartan, sarri asko ugazabak egiten zituen langileentzako eta haien familientzako etxeak. Bisita gidatuan azalduko dutenez, eraikuntza prozesuetan ez zuten hartzen kontuan langileen eta horien senideen erosotasuna; garrantzitsuena etxeak lanpostuetatik gertu egotea izan ohi zen.
Villalonga plaza izena zuen gaur egun Desertu esaten zion eremuak. Goiko plazarekin batera, behealdeko plaza hori Barakaldoko bizitza sozialaren eremu nagusietako bat zen. II. Errepublikaren garaian, Galan eta Garcia Hernandez plaza izendatu zuten. 1930ean Jakan (Aragoi, Espainia) matxinatu ziren kapitainen omenez jarri zioten izen hori. Bi kapitainok fusilatu egin zituzten.
Iragana eta oraina josteko hariak erabiliko dituzte bisita gidatuan. Puntu beltzen arazoa aipatuko dute, esaterako. Puntu horietako bat tren geltokiaren tunelean identifikatu dute. Deserturako pasagunea egin gabe dagoela eta, gogora ekarriko dute nola beste garai batean Bilbo eta Portugalete arteko tren geltokiaren ondoko pasagune batetik iristen zen plazara.
Plazaren erdian musika bandarentzako kioskoa ere bazegoen. Itxura denez, behin dantzaldia Aste Santu garaian egokitu zen. Hori horrela izanik, bandak ez zuen musika interpretatu nahi. Jarrera horren aurrean, Evaristo Fernandez alkateak aurre egin zien, eta aurpegiratu zien noiz errespetatuko ote zituzten fedegabeen eskubideak.
Gerren gordintasun osoaren lekuko izango dira ibilaldian parte hartzen dutenak. Hegazkin naziek Bilbo bonbardatu zuten hainbat aldiz. Eraso haiek sortutako hildakoak, zaurituak eta kalteak ikusita, zenbait herritarrek mendekua hartzea erabaki zuten. Cabo Quilates ontzia Portuko kaian zegoen ainguratuta. Garai hartan, altxamendu militarraren aldeko presoentzako espetxe gisa zerabilten. Horietako asko hil egin zituzten Cabo Quilates-en bertan, eta baita Altuna Mendi itsasontzian ere. Gurutze bik gogorarazten dituzte hildako horiek. Bata Portuko kaian bertan dago, eta ibilbidean ikusiko dute. Bestea, Astrabudua parean dago.
Ontziotako presoen artean, besteak beste, zenbait industriabururen semeak zeuden. Eta, herritarren eraso horiek saihesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintza antolatu zuela ekarriko dute gogora gidariek.
Historiako guztiz bestelako pasarteak ere izango dituzte aztergai lekuan bertan. Horacio Etxebarrieta magnatearen irudia gogoraraziko dute. Cosme haren aita Bizkaiko errepublikanismoaren lidertzat jotzen zen. Horacio semeak negozioetan aritzeko abilezia handia zuen, eta hainbat alorretan jardun zuen: ontzigintzan, argindar enpresetan eta aeronautikan, besteak beste. Errepublikanoa izan arren, Alfonso XII.a erregearen konfiantza osoa zuen.
Igandeko bisitan ez dira hurbilduko Etxebarrietak Barakaldon izan zuen etxera, Munoa etxera. Hala ere, gogora ekarriko dute etxe hori bera eta Ereagakoa Eusko Jaurlaritzari eskaini zizkiola.
Bitxikerientzako tarterik ere izango da ibilbidean. Lasesarren, futbol zelaia zegoen lekuan, Francisco Francoren anaia Ramonen emazteari omenaldia egin zioten 1924. urtean. Agian askorentzat ez da izango ezaguna diktadorearen anaia errepublikazalea zela. Emaztea bertakoa zuen.
Bestelako pasarteen lekuko ere izan zen eremua bera. Besteak beste, 1933an CNT sindikatuak deitu zuen greban tiroketa bat gertatu zen, eta 17 anarkista atxilotu zituzten.
Manuel Azaña Espainiako II. Errepublikako presidentearen mitin jendetsu baten jokaleku ere izan zen, 1937ko uztailaren 14an. Hark emandako mitin nagusietako bat izan zen. Antolatzaileek azaldu dutenez, 100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren estadio hartan Azañaren hitzak entzuteko.
Leku horretan zegoen Bizkaiko Labe Garaien ikastetxetik hartu zuen Anaien parkea izena eremu horrek. La Salleko anaiek kudeatzen zuten. Barakaldo 1936ko ekainaren 22an geratu zen tropa faxisten esku. Gordexola batailoiak amore eman zien tropa italiar faxistei. Gobernu Errepublikanoak lantegiak lehertzeko agindua eman zien, baina uko egin zioten. Ramon Rubial politikari sozialistak esan zuenez, multzo elektrogenoa soilik leherraraziz gero, altzairu ekoizpena bi urtez etengo zitekeen. Ez zutenez hala egin, ekoizpena %100 areagotu zen 1937. urteko bigarren erdialdean. Ekoitzitako altzairu hori Francoren aldekoek erabili zuten, noski. Baliabide hori ez lortzea zen Gobernu Errepublikazalearen asmoa.
Bestelako gertaeren lekuko ere izan zen Anaien parkea. Han zegoen ikastetxean lehergailu bat jarri zuten, errepublikanoa ez zelako. 1933a zen. Ez zen inor zauritu, eta kalteak ere txikiak izan ziren.
Berezia da hiltegi bat herrigunean kokatzea, kontuan hartuta horrek sortzen dituen zaratak eta hatsa, besteak beste. Kasu honetan, ordea, hala egin zuten. Lehenago Puntan, Villalonga parkearen atzean zegoen hiltegia Zaballa ingurura eraman zuten, 1917an.
Langabeziak eta goseak izugarri egin zuten gora errepublika garaian. 1934an, herritarrak dendetan sartzen ziren lapurretan egitera, nola edo hala elikatzeko zerbaiten bila. Besteak beste, hiltegiaren aurrean zegoen Garrocha oihal dendak pairatu zuen horietako lapurreta handi bat.
Bestalde, 1934ko iraultzan 230 lagun inguru atxilotu zituzten herrian, eta hainbat hildako ere izan ziren. Estatu osoan egin zuten grebak Barakaldon ere ondorioak izan zituen, beraz.
Euskal gazteriaren lokala zegoen gaur egun Udal Euskaltegia dagoen lekuan. EAJrekin harremana hautsi, eta ANV-EAEn sartu zen taldea. Alderdi horrek indar handia izan zuen errepublika garaian Bilbon eta Barakaldon. EAJ ez bezala, 1936ko otsaileko hauteskundeetan Herri Frontean sartu zen.
Eremu horretan bertan PSOEko zenbait pistoladunek Hermenegildo Alvariño ANV-EAEko militantea hil zuten. Poliziak, pistoladunen atzetik egin ordez, Alvariñorekin batera zeudenak hartu zituen atxilo. Bisitaren gidariek azalduko dute ezkerreko eta eskumako alderdi eta jarraitzaileen artean ez ezik ezkerrekoen artean ere liskarrak ohikoak izan zirela errepublika garai osoan Bizkaian. Hala ere, desberdintasunak alde batera utzi, eta 1936ko otsailean elkarrekin aurkeztu ziren Herri Frontean.
Itsasadarra eta Bilboko sarrera kontrolatzeko, interes estrategiko handia dauka Arrontegi mendiak. Besteak beste, 1936ko gerrako frontean aritzeko lubakiak kokatu zituzten han.