Kronologia

Kronologia

Duela bi hamarkada baino gehiago hasi ziren Usansoloko auzotarrak desanexio eskaerarekin. Galdeketa bi egin dituzte 1987tik hona, eta auzoko herritar gehienek egin dute bietan sezesio prozesuaren alde. Galdakaoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari leporatu diote prozesua etetea.

Lehen galdeketa

1980ko hamarkadako urratsak. Duela 25 urte baino gehiago abiatu zen Usansolon desanexioaren aldeko mugimendua. Auzokide gehienak ez zeuden pozik Galdakaoko Udalak eskaintzen zuen arretarekin.

Lehen galdeketa. 1987an egin zuten etorkizunari buruzko lehen galdeketa: %85ek egin zuten Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde.

Bideragarritasun ekonomikoa. Galdakaoko Udalak herri bideragarri izango litzatekeen jakiteko ikerketa sozioekonomikoa egin zezala eskatu zion aldundiari. Hiri Lur aholkularitza enpresari utzi zion lana, eta herri izateko egitasmoa bideragarria zela azpimarratu zuen enpresak.

Sezesio prozesuaren etena

1991ko txostena. EAJk beste txosten bat aurkeztu zuen Galdakaoko Udalean, zeinaren arabera Usansolo herri bihurtzeko prozesua ez zen bideragarria. Testuinguru horretan eten egin zuen desanexio prozesua.

Usansolo Herriaren sorrera

2011n Usansolo Herria sortu zen. Sezesio prozesua bizkortzeko herri plataforma sortu, eta 1.693 boto lortu zituen urte berean egin ziren udal hauteskundeetan, erroldatutako herritarren %62,5ena.

Aldundiaren neurriak

2012ko foru arauaren onarpena. Bizkaiko Batzar Nagusiek 9/2012 legea onartu zuten. Arauaren arabera, Bizkaian zeuden 112 udalerriez gain, ezin zen besterik sortu. Neurri horren aurkako emendakina aurkeztu zuen Usansolo Herria plataformak Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bigarren galdeketa

2014ko azaroko erreferenduma. Bigarren erreferenduma egin zuten usansolotarrek 2014ko azaroaren 23an. Usansolo udalerri izatea nahi duzu? galderari erantzuteko aukera izan zuten. %73k eman zuten botoa, eta horietatik %90 agertu ziren herri bihurtzearen alde. EHUk egindako ikerketa batek baieztatu zuen udalerri bilakatuko balitz ekonomikoki bideragarria litzatekeela. Halaber, Galdakaok kaudimena mantenduko lukeela azaldu zuen.

Egoera bideratu nahian. Galdeketan izandako emaitzen ondoren, Batzar Nagusiek 2012an onartutako araudia aldatzeko eskaera egin zuten Galdakaoko Udalean. PSE, EH Bildu, UH eta Galdakao Bizirik taldeen babesarekin onartu zen mozioa; abstenitu egin zen EAJ, eta aurka bozkatu zuen PPk.

Foru arauaren aldaketa

2015eko martxoan aldatu zuten 9/2012 legea. Usansolo Herria plataformak egindako presioaren ondorioz, sezesio prozesua galarazten zuen 9/2012 foru araua aldatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek 2015ean. Gaiari buruz herritarrak galdeketara deitzeko aukera jasotzen du arauak, eta udalerri bihurtu nahi duen guneak bete beharreko ezaugarriak ere azaltzen ditu: gutxienez 2.500 biztanle izatea eta zerbitzuen aldetik zein ekonomikoki “bideragarria” izatea.

Berrespena

2015eko udal hauteskundeak. 2011ko hauteskundeetan lortutako emaitza berak lortu zituen Usansolo Herriak 2015ean: 1.681 boto.

Adostasunak

2016ko uztaila. Egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz eta Usansoloko desanexioa ahalbidetzeko, proposamena aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak 2016ko udan. Aurrera begira eman beharreko urratsak adostu zituzten bi aldeek.

Blokeoa

2017. Adostutakoa ez betetzea leporatu diote Usansolo Herria plataformako kideek Galdakaoko Udalari behin eta berriz.