MeteoTB

Nerea Ibarzabal

Dena estaltzen du elurrak, zelairik zabalenetik amaraunik finenera. Ixten ditu kaminoak, irekitzen ditu albistegiak, ixten ditu albistegiak, irekitzen ditu irrati tertuliak, mozten du argia. Ez dago beste hizketagairik, eta normala da. Nola egin ezikusiarena dena estaltzeko gai den zerbaiten aurrean?

Bidean ez atzera ez aurrera uzten zaitu, teilatu zaharrak botatzen ditu, gurpilak irristarazten, landareak erretzen. Luiziak eragiten ditu, arbolak hausten, eskuak izozten, haurrak gaixotzen. Eta berdin dio aurreikusita bazegoen ere, elurra Zarauzko hondartzara iristen denean beti da harrigarria eta publikagarria. Pentsa zer izango den aurreikusi ez dutenean!

Eskiatzaileak pozik, umeak ere bai, elurretako panpinak etxe aurreetan eta bide ertzetan, elur-bola gerrak, kotxeetako kristaletan mezuak, plastikoak ipurdipean eta ipurmasail izoztuak. Urtero gainditzen diren errekor historiko hain maitatuak: azken 40 urteetako elurterik gogorrena, azken 35 urteetako tenperaturarik baxuena, edo haizerik bortitzena.

Miresten dut elurra, hain leun eta isilpean erorita ere, sekulako zalaparta ateratzen duelako beti. Biolentzia elegantea praktikatzen dakiela iruditzen zait, eta errua nori bota ez dakigula uzten gaitu. Berdina da bero jasarekin, ekaitzekin, haizearekin. Eta ulertzen dut neuk ere hein handi batean elkarbanatzen dudalako pertsonok fenomeno meteorologikoenganako dugun erakarpen berezi hori. Baina uste dut hori ez dela komunikabideei dagokien papera, eta espazioak duen balioa kontuan hartu behar luketela; kazetaritzak zerbait erakutsi badit, horixe baita: albiste bati ematen zaion minutua/orrialdea beste bati kendutako lekua da.

Beroak ezbeharren bat eragin duela? Elurraren erruz argia joan dela? Teilatuak altxatu direla haizearen ondorioz? Euriak uholdeak eragin dituela? Noski, informatu egin behar da. Baina Euskal Herriko hamabost herri ezberdinetako zelai eta kale elurtuen, euritsuen, haizetsuen eta hondartza jendetsuen etengabeko irudiek ez dute askorik eskaintzen, eta tarte horretan interesgarriak izan daitezkeen hamaika albisteri ahotsa kentzen ari gara. Imajinatu zenbat gauza esan ditzaketen kalean elkarrizketatutako pertsonek beste edozein gairi buruz, eta “bai, gaur bero handia egiten du” esaten jartzen ditugu. Agian onartu beharko genuke udan beroa egiten duela, eta neguan hotza, eta horrela izan dela azken 40 urteetan, eta horrela izango dela klima gehiegi aldatu ezean.

Badakit kostako dela, gure igogailuetan eta arrandegietan ere elkarrizketarik salbatzaileena delako eguraldiarena oraindik, baina martxa honetan kazetariak albisteei amaiera emateko hitz-jokorik gabe geratuko dira.