Arriskuaren lilurak erakarrita

Arriskuaren lilurak erakarrita

Natalia Salazar Orbe

Duela hiru mende, pentsaezina zen mendiak eskalatzeko ideia. Naturak baliabideak eskaini dizkio betidanik gizakiari. Baina, aldi berean, baliabide horiek zapuztu dituen hondamendien egilea ere izan da. Mendiak leku beldurgarriak ziren, arriskuz beteak. Saihestu beharreko eremuak. Urteen poderioz, ordea, erabat erakargarri bilakatu dira mendizaleentzat. Euren bizia arriskuan jartzeraino. Zer gertatu da? Galdera hori argitzen saiatuko da gaur Mountain filma. Bilbo misterioz eta pasioz betetako munduan murgilduko duen Mendi Film jaialdian ikusi ahalko den lehen lana izango da. Gaur hasi eta hilaren 17ra arte lilura eta errespetua maila berean sortzen dituen elementura gerturatzeko jaialdia egingo dute.

Hamargarrena dute aurtengoa. Edizio honetan emakumeak hartu duen presentzia nabarmendu du, bereziki, Jabi Baraiazarra zuzendariak. Nazioartean eta Euskal Herrian mendiaren inguruan gehien nabarmendu diren emakumeak elkartuko dituzte hainbat mahai inguru eta hitzalditan. Besteak beste, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu, Edurne Pasaban, Bernadette McDonald eta Katie Ives elkartuko dituzte mahai baten inguruan, Panel talk: women at the top jardunaldietan. Bihar izango da hori. Etzi, Luisa Alonso-Cires, Bernadette McDonald, Katie Ives eta Catherine Destivellek mendiko istorioak kontatuko dituzte emakumeen ikuspuntutik. Lara Izagirre zinegileak gidatuko du mahai ingurua. Izan ere, desberdintasunak antzeman dituzte istorioak kontatzeko orduan, kontalaria gizona edo emakumea izan. Orain arte ikusi ez den argazkia osatuko dute emakume horiekin. “Hemen elkartuko diren emakumeak ez dira egon sekula santan elkarrekin era honetako jaialdi, hitzaldi edo antzeko topaketa batean”.

Horrez gain, Mendi Film jailadiko pantaila handira emakumeak protagonista dituzten zein emakumeek zuzendutako hainbat lan ere eramango dituzte. “Oso erraza izan da, azken urteetan gero eta gehiago baitira emakume zuzendariak zein kirol hau praktikatzen dutenak”.

Mezua duten lanak

51 film eta dokumental emango dituzte sail ofizialean; lau, Euskal Herrikoak dira. Mendia dute ardatz denek, baina istorio erakargarriak edo bitxiak dituzte atzean. “Gure asmoa izan da mendia agertoki edo aitzakia bezala hartuta beste gai batzuk ere jorratzea. Gai asko lantzen dira; besteak beste, ingurugiroa, klima aldaketa, film etnografikoak zein faunari buruzko batzuk”. Mendiko jarduerarekin eta kirolarekin zein teknikarekin lotutakoei eutsi badiete ere, filmek atzean istorio bat izan dezaten saiatu dira.

Blood Road da horietako bat. Mendiko txirrindularia den emakume estatubatuar bat du protagonista. Aita Vietnamgo gerran hil zuten. Soldadu estatubatuarra zen. Hegazkinean zebilela, vietnamdarrek bota zuten. “Aitak etxekoei bidaltzen zizkien gutunak ildo bezala hartuta abiatzen da. Gerra garaian zituen sentimenduak islatzen zituen gutun haietan. Adiskidetze istorio oso polita da”.

Vietnamera joango da protagonista, eta bertako emakume txirrindulari batekin batera iparretik hegora zeharkatuko du herrialdea. Aita gerran hil zen lekuraino iritsiko dira. “Alde batetik zein bestetik sortzen diren sentimenduak azaleraziko dira. Dokumental guztiekin gertatzen den bezala, galbahetik pasatu behar da. Baina istorioa jaialdiko potenteenetakoa da”.

Bost gune nagusi izango ditu jaialdiak: BBK aretoa, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zineak, Euskalduna jauregia, Zabalguneko eraikina eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren egoitza. Saio guztietarako sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean.

“Mugarri” gisa deskribatu du Jabi Baraiazarra zuzendariak hamargarren edizioa; zentzu askotan izango da berezia. Urte horietan guztietan lagun asko edota jaialdian parte hartu duten kide asko eraman ditu mendiak. Orain artean ez diete egin omenaldirik. “Hasieratik erabaki genuen ez geniola egin behar omenaldirik inori. Jakin badakigulako zer daukagun esku artean. Badakigu zer den mendia eta zer ekar dezakeen”. Baina hamar urte pasatu dira, “eta urtero, jaialdian egon den norbait hil da. Bat baino gehiago”. Batzuk jaialdian ezagutu zituzten; beste batzuk, aspaldiko lagunak zituzten. “Komunitateak min hori sentitzen zuen barrenean”.

Hausnarketa horretan murgilduta zeudela, Alberto Zerain mendizalea hil zen Nanga Parbat mendian, Pakistanen. Joan den ekainaren 24an gertatu zen. “Hasieratik egon da jaialdira lotuta. Lehen edizioan bertan parte hartu zuen Arabako mendizaleekin propio antolatutako euskarazko saio batean. Urtero etorri izan da. Aurten ere jaialdira etortzea zen ideia. Hala, omenaldia baino, ordaina zor geniola pentsatu genuen”. Asteartean izango dute gogoan Zerain, harekin batera hil zen Mariano Galvanekin batera.

Horixe da mendiaren sekretua. Mendizale ez direnek nekez ulertuko dutena. Arriskuak, hobetze nahiak zein erronkak sortzen duten erakargarritasuna. Prezio bat ere badu horrek, ordea. Eta partida jokatzen duenak ondo daki zer dagoen jokoan. “Alpinismoa hasi zenetik eta, batez ere, Mont Blanc lehen aldiz igo zutenetik, mendiarekiko pertzepzioa asko aldatu zen. Etsai izatetik helburu izatera pasatu da”. Ibilbide hori ikusteko eta hausnartzeko aukera emango du jaialdiak.

Ibilbide oparoa

Gasteizen hasi zuen bidea Mendi Film Festivalek.Eduardo Martinez eta Jabi Baraiazarra lagunen arteko elkarrizketa bat izan zuen abiapuntu. 2008 hartan hasi eta hirugarren urterako nazioarteko elkarte bateko kide bihurtua zen. “Hortaz, nazioarte mailan bidea oso goiz hasi genuen”.

Garapena esparru guztietan izan dute: filmeen kalitateari zein ikus-entzuleei dagokienez. Ikusle kopuruak gora egin du urtetik urtera. Baina horien profila ere aldatu egin da. “Hasieratik argi genuen jaialdia ondo aterako zela, Euskal Herriko mendizaletasunari erreparatuta. Jende askok praktikatzen du, eta mendiaren inguruan antolatzen diren gauza guztietan askok hartzen dute parte. Zineak ere zale asko ditu”. Formula bikaina asmatua zuten, beraz. Eta emaitza ere halakoa izan dute. Iaz 9.000 ikusle baino gerhiago izan zituzten. Orain, nazioarteko jaialdi errespetatuenen artean jarraitzeko hausnarketa egin behar dute. “Maila horri eusteko, gauzak aztertu egin behar dira”.