Aitziber Laskibar Lizarribar
Abenduaren 18tik 21era bitartean epaituko dute Aritz Arginzoniz Elorrioko presoa, Parisen. Espainian dute preso azken hamar urteetan, eta, Frantziak hala eskatuta, hara estraditatu berri dute, Frantzian ere epaitu dezaten. Halakorik gertatzen den lehen aldia da. Senideen esanetan “estatuen mendeku gosearen” erakusgarri da auzia, eta Frantziari bide hori albora dezan presio egiteko abenduaren 9an Parisera egingo den martxara joateko deia bere egin dute. Xantiana Cachenaut da presoaren abokatua (Baiona, 1978). Haren hitzetan, Frantziak Arginzonizen auzian hartzen duen jarrerak haren borondatearen arrastoa emango du.
Aritz Arginzoniz Elorrioko presoa Frantziara estraditatu dute, han epaitzeko. Zein da auziaren muina?
2007an, Frantzian prozedura bat ireki zen haren kontra. Garai hartan, Espainian atxilotu eta auzipetu zuten, eta, handik gutxira, frantsesek eskatu zieten espainiarrei Frantziako prozeduraren barnean epaitzeko bidea egin zezatela. Prozedura horrek guztiak urteak iraun du, eta 2016an euroagindua tramitatu zuen epaile frantsesak. Espainiak Frantziaren esku utzi du han epaitu ahal izateko, epaiketa finkatua delako abenduaren 18tik 21era.
Senideek salatu dutenez, lehen kasua da horrelako prozedura bat egiten dena.
Bai. Halako kasu bat, hau da, Espainian dagoen preso bat Frantziari entregatzea, bai. Gertatu izan da Espainiako Estatuan diren pertsona batzuei euroagindua notifikatu eta Frantziara eramatea euroagindu bidez. Baina preso baten kasuan, lehen aldia da. Hor salagarria dena da 2017an gaudela, gertakariak 2007koak direla, eta euroagindua 2016an ofizializatu dela. Denbora asko pasatu da, eta Aritzek ez du ezer jakin 2016ra arte. Kondena bukatzear dagoela jakinarazi diote; otsailean bukatu behar du zigorra.
Kasualitatea da justu zigorra betetzear dela izatea kartzelaldia urteetan luzatzeko arriskua?
Prozedura hori asko luzatu da ez frantsesek eta ez espainiarrek ez dutelako indar egin prozedura azkartzeko. Ez dute pentsatzen zer ondorio izan ditzakeen presoarentzat. Hori salatuko dugu epaiketan. Hamar urte geroago horrelako prozedura bat ateratzea, preso bat hamar urteko espetxea betetzear dela berriz arriskatzea… Urte dezenteko eskaera izan dezake orain berriz, eta ez du zentzurik.
Beraz, 2016an jakinarazi zioten 2007tik beste kausa bat zuela Frantzian?
Hori da. Frantzian 2007ko ekainean ustez eginiko delitu bategatik du epaiketa. Aritz 2007ko uztailean atxilotu zuten, Espainian. Beraz, frantsesek 2016a baino askoz lehenago zekiten Aritzi leporatzen ziotela parte hartze hori. Baina 2016an jakinarazi diote.
Zein delitu mota egozten diote?
Leporatzen diote 2007ko ekainean parte hartzea Frantzia ekialdean egin zen mendiko materialaren lapurreta batean.
Preso bat Espainiatik Frantziara estraditatzen duten lehen aldia bada, aurrekaria sor lezake?
Kasu berezi bat da, eta aurrekariez hitz egiteko izan behar dira beste kasu batzuk kronologia horrekin: aztarna batzuk utzi Frantzian, eta gero atxilotua eta kondenatua izan Espainian. Egia da kronologia pixka bat berezia dela. Normalean, alderantziz gertatzen da: lehenik, kausak irekitzen zaizkie Espainian, eta, gero, Frantzian atxilotzen dituzte. Orduan, Frantzian betetzen dute kondena, eta gero Espainiaratzen dituzte. Aritzen kasua alderantzizkoa da. Gauza da Espainian izandako kondena ere erakundearekin [ETArekin] lotutakoa dela eta hamar urte egingo dituela horregatik preso. Beraz, Frantzian pasatzen utzi ahal zuten akusazio orokorra berdina delako, edo behintzat lehenago mugitu guztia, Aritzek jakiteko zein panorama zeukan. Salagarriena hori da: hainbeste urte uztea pasatzen eta azken unean heltzea kasuari.
Azkenaldian esaten ari da Frantzia prest dagoela presoei dagokienez aurrerapausoak emateko. Kasu hau bide horren kontra doala esan liteke?
Prozedura hori guztia lehenago abiatua da, eta ezin da atzera bota. Beraz, nik ez nuke horrekin lotuko; ez nuke ondoriorik aterako. Lehenagoko gauza da. Egia da Frantziako Estatuan aurrerapenak egiten badira ezingo direla horrelako gehiago gertatu. Halako jarrera batek ez du bat egiten balizko borondate politikoarekin.
Alde horretatik, Arginzonizen senideek dei egin dute abenduaren 9an Parisera egingo den martxan parte hartzera, haien esanetan Frantziak “mendeku bidea” alboratu dezan. Sentimendu hori dute ikusita bere hurkoari zigorra luzatu ahal diotela justu Frantzia borondatea agertzen ari omen denean.
Noski. Hala ere, epaiketan botere judizialaren eskua ikusiko da, eta ez hainbeste botere politikoarena; noski, fiskalaren jarrera salbu. Baina Aritzen kasuan ikusi ahalko da zerbait: epaiketa horretan zigortzen badute, kondenen metaketa eskatuko dugu lehen aldiz Frantziako Estatuan. Hor ikusiko dugu fiskalak zer jarrera duen eskaera horrekin, eta zer bide hartzen den. Zigorra ezartzen badiote, Europako araudia ezartzeko eskatuko dugu. 2008an izan zen erabaki esparru bat esaten duena Europako Batasuneko herrialde batean ezartzen bada kondena bat, Europako beste edozein herrik zigor hori hartu behar duela berea balitz bezala. Hortik ondorio gisa ateratzen da zigorrak bateratu ahal direla, zeren bai Frantzian eta bai Espainian metaketa existitzen da barne mailan. Orain arte, Espainiako Estatuak kontra egin du garbiki, eta 2014an ezarritako legearekin baztertu egin du aukera hori. Frantziaren jarrera ez da oso garbia. Dena den, Luxenburgoko gorteak hartu berri duen erabakian esan du bateratzea posible dela. Berri-berria da hori, eta baliatuko dugu. Orduan, horrekin, panorama politikoa argituko da pixka bat; auziak Frantziaren norabidea argitzeko arrastoak emango ditu. Guk eskubide bat eskatuko dugu. Ea aplikatzen duten. Hori bai izaten ahal da adierazle bat erakutsiko duena ea kontuan hartzen duten egoera politikoa eta egin diren aurrerapenak.
Beraz, pentsa daiteke kasu honek argituko duela Frantziak praktikan hartuko duen norabidea?
Bai. Alde batetik teknikoki, juridikoki, ea epaitegiak eta fiskalak onartzen duten Europako printzipio hori, eta, gero, ea Aritzi onartzen dioten ala ez.
Hor ikusiko da jarrera politikoa?
Izan daiteke adierazle bat, bai. Ukatzen badute, argiki erakutsiko dute ez dituztela kontuan hartzen zenbait gauza, zeren, gaur egun, ez baitauka zentzurik Aritzek kondena bat betetzea Espainian eta beste bat Frantzian akusazio beragatik. Orduan, zigor bateratzea ukatzen badute, argi izango da bide txarretik goazela.
Baikor zara?
Ni baikor naiz. Juridikoki eskatzen dugu eskubide baten aplikazioa. Beraz, zuzenbidea gure alde dugu. Gero, badakigu nola izaten diren afera hauek, eta ikusi beharko da. Baina guk eskubide bat aldarrikatzen dugu, eta guztiz argudiatuta dago juridikoki.
Noiz jakingo da epaia?
Epaiketaren azken egunean. Normalean 21ean izango da, baina luzatu daiteke 22ra arte.